"ATE IDEKIAK" IKASTOLA GUZIETAN

Martxoaren 11n, ama ikastola guziak bisitatzeko aukera paregabea !

Zure herriko ala eskualdeko  ikastola ez baldin baduzu oraindik ezagutzen, larunbat goiz hartan, zato egoitzak bisitatzerat, irakasleekin solastatzerat, ala proiektu desberdinak aipatzerat.

Beti bada ikastola bat zure etxetik hurbil !

 

Zer da ikastola ?

Elkarte-eskola da, Seaska federazioaren partaide. Ama-ikastolatik lizeoraino hedatzen da gure sarea, euskarazko murgiltze-ereduan.

Ikastolan eskolatzeak, haur euskaldunaren garapena hazi behar du: idekia, arduratsua, eta herritarra den haurra.

Euskararen biziberritze-prozesuan, ikastolak zerbitzu publikoa eskaintzen du irakaskuntza arloan, elkarteak duelarik horren kudeaketa bermatzen.

Gure hezkuntza-proiektuaz gain, Euskal Curriculuma zein Frantziako Hezkunde Ministeritzaren programetan oinarrituak dira klaseak.

Ikastola eskola laikoa da, eta ez da alderdi politiko baten menpe.

 

Murgiltze eredua (imersioa) ?

Ikastolaren hezkuntza-proiektua euskarazko murgiltze-ereduan oinarritua da. Gaur egun, bakarrik Seaskak eskaintzen du Ipar Euskal Herrian.

Euskara da ikastolako bizi-hizkuntza: gela barneaz gain, aire-hartzeek, ateraldiek, jarduerek eta jantegiak ere hein bereko garrantzia dute, haurrari ingurumen anitza eskaintzen baitiogu euskaraz loratzeko.

Ama-ikastolan, jolasek, kantuek eta ipuinek toki berezia dute, haurrak gozamenaren bidez bere hizkuntza aberastu dezan.