HERRI URRATS 2021

Azken hilabete horietan, egoera sanitarioak gora behera handiak izan ditu eta olatu guzi horien artean arraun egitea, lan egitea, ez da batere errexa izan.
Apirilaren 13ko prentsaurrekoa baliatu nahi izan dugu eskertzeko eta txalotzeko ikastoletako Herri Urrats ordezkariak eta guraso guziak.
Zailtasun guzien gainetik, aintzina egiteko nahikeria ez zaielako sekula itzali.

Aurtengo gertakariarendako, BOGA lema hautatu genuen elkarlana irudikatzeko.

Urtarrileko prentsaurrekoan aipatu genizuen BOGAk irudikatzen zuela ere itsasoko ekaitza bizi izan genuela 2020 urtean, Herri Urrats ezin ospatuz egoera sanitarioaren ondorioz.
Ekaitzaren ondotik lasaitzea datorrela erran genuen.
Baina pena handiarekin ikusten dugu 2021eko apirilan ekaitzaren erdian segitzen dugula oraindik.

Pandemia ala ez, olatu ala ez, Seaskak bosgarren kolegioa behar du. Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart, Kanboko Xalbador, Baionako Estitxu Robles Arangiz eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioak gainezka dira. Ez da ikastola guzietako ikasleei harrera egiten ahalko 4 kolegio horien artean. Bosgarrena beharrezkoa da.
Aurten ezin dugu betiko Herri Urrats ospatu. Aurten ezin ditugu 50 bat mila pertsona elkartu Senpereko laku inguruan. Ezin dugu besta handi bat egin.
Baina 30 Herri Urrats ttiki ospatzen ahal ditugu. Ez da betiko Herri Urrats izanen, argi dugu. Baina euskararen eta ikastolen pesta izanen da.

Ikastola bakoitzak antolatuko eta komunikatuko du bere egitaraua – eskaintza.

 

Ikastola bakoitzak antolatuko du bere herriko egun sinbolikoa. Kontzertu eta ostaturik ezin dela izan kondutan hartuz, batzuek ibilaldi, besteek janari salmenta edo jantzi salmenta. Aurten forma ezberdineko 30 herri urrats ezberdin izanen dira bainan Herri Urratsen betiko osagaiak hor izanen dira: euskara, giroa, janaria eta dantza.

     

     

Bakoitzak nahi duen tokian, plazan, ikastola aitzinean, etxean edo mendi tontorrean, denek dantzatuko dugu Boga dantza! Grabatu eta gurekin partekatzeko deia luzatuko dugu.

Dantza, janari salmenta, diru biltze kutxak izanen badira ere, argi dugu Maiatzaren 9ko egunak ez digula ekarriko ohiko Herri Urrats egunak ekartzen digun etekina. Ez digula ekarriko beharrekoa dugun diru kopurua.

 

BOGA kanpaina

Urtarrileko prentsaurrekoan aurkeztu genuen eta abiaarazi genuen BOGA KANPAINA. Deialdia egin genuen partikular, elkarte eta instituzioei, bosgarren kolegioa izanen den obraren zati bat babesteko. Erantzun biziki ona izan du kanpainak! Jadanik 45.000 euro lortu ditugu.

Guraso, ikasle, ikasle ohi, erakasle edo ikastolekin loturik ez duten hainbat jendeek elkartasuna erakutsi digute. EHZ, Iparra Hegoa, Hitz Open gaztetxeak ere lagundu gaituzte. Hainbat herriko etxek urteroko sustengua errepikatu dute. Biziki positiboa beraz. Milesker eta zorionak deneri!

Hala ere, kanpaina ez da bukatua eta helburutik urrun girela azpimarratu behar dugu. Oroitarazten dugu 300.000 euro lortu behar ditugula. Urtero Seaskaren beharrei erantzuteko eta proiektu berrien finantzatzeko lortu beharreko diru kopurua segurtatu behar dugu.

BOGA jantzien salmenta bidean da, urteroko zozketa saltzen ari dira gurasoak, maiatzaren 9an diru sartze ttipiak izanen dira. Hori guzia ez da aski. BOGA KANPAINA da gure azken aukera.

Haurrek euskaraz ikasteko aukera izatea segurtatu nahi dugu. Denen ardura da diru kopuru hori segurtatzea.