BREBETA EUSKARAZ

Brebeta euskaraz leloa inoiz baino presenteagoa izan da maiatzaren 11 honetan Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan antolatutako agerraldian. Irakasle, buraso eta Ziburuko Herriko Etxeko ordezkariek ekainaren 28 eta 29an iraganen diren brebeta eta baxoaren azterketak euskaraz pasatzeko eskubidearen defentsa aldarrikatu dute.

Jurgi Agirrezabalaga Piarres Larzabal kolegioko burasoak gogoratu duenez, brebeta osoki, frantses azterketa izan ezik, aspaldiko urrats bat da, 90eko hamarkadakoa hain zuzen.

Baina, 2016an kolegioaren erreforma plantan eman zutenean zientzia arloko azterketa ere batu zitzaion brebetari. Ikasgai horren kasuan, Seaskako ikasleek urte osoan zientziak euskaraz ikasten badituzte ere, azterketa frantsesez pasa behar dute. “Gai hauek ikasten duten hizkuntzan pasatzeko eskubidea urratua zaie ikasleei”, deitoratu du.

Azken urteetan euskaraz ez dakiten inspektoreek kopiak Bordelen zuzendu dituztela deitoratu dute. Euskaraz ikasi eta frantsesez azterketa pasatzeak ikasleentzat «kaltegarria eta bidegabea » dela diote, beren «gaitasunak mugatzen » dutela nabarmenduz. Ildo horretatik, Agirrezabalagak horrek guztiak ikasleei «estresa » baizik ez diela gehitzen uste du.

Oroitarazi dutenez, egoera «asaldagarri» hau ez da soilik gertatzen euskararen kasuan, baizik eta beste hizkuntza gutxituen kasuan ere. Horiek horrela, Seaskako ikasle, buraso eta irakasleek mobilizatzea erabaki dute. Iragarritako mobilizazioez gain, gutun bat helarazi diete eskualdeko auzapez eta hautetsiei «brebeta euskaraz» aldarrikapena ardatz.

«Gure haurren eskubideak gehiago ez urratuak izateko, gure hizkuntzari zuen sostengua adierazteko eta gure ikastoletako eta sail elebidunetako ikasleek pairatzen duten injustizia eta zentzugabekeria deitoratzeko», aipatu du Iñaki Lekuon, Piarres Larzabal kolegioko zuzendariak.

Orotara, lau elkarretaratze antolatu dituzte maiatzaren 19rako, 12.15ean. Baionako San Izpiritu zubian, Kanboko Xalbador kolegioko biribilgunean, Lartzabalen eta Urruñan dagoen Euskal Elkargoko egoitzaren aitzinean jende kateak eginen dituzte.