ZATOZ IKASTOLARA !

Ongi etorri ikastolara…

Datorren martxoaren 6an, goizean, ikastola guziek beren ateak birtualki zabalduko dituzte. Horrek ez du erran nahi urtean zehar ikastola leku hetsi bat denik, bistan dena ezetz ! Bainan, egun hartan, irakasleekin mintzatzeko edo lekuak zuzenean edo birtualki bisitatzeko aukera paregabea izanen da !
Ber denboran, buraso batzu prest izanen dira ere, galdera guziei erantzuteko. Gai guziak aipatzen ahalko dira : kopuruak, ikaslearen jarraipena, gastuak, nola egin burasoek euskara ez dakitelarik…  
Ikastola batzuetan, animazio bereziak antolatuak izanen dira (adibidez, ikasleen obren erakusketak, Donibane Lohitzunen bezala)
Gure ikastolek haurrak onartzen dituzte 2 urtetik goiti, garbiak direlarik eta zailtasunean diren haurrei harrera egiten ahal diete, “integrazio batzordearen” laguntzarekin.
Gaur egun, Seaska federazioak biltzen dituen 37 ikastolek kasik 4200 ikasle eskolatzen dituzte: 31 ama eskola eta lehen mailako ikastoletan, 4 kolegioetan eta Etxepare lizeoan

 

Ikastola ? Zertarako ?

Ipar Euskal Herrian, euskararen egoera ainitz okertu da XXgarren mendean. Lehenagoko gizartean, jendeak euskaraz mintzo ziren etxean eta hizkuntza horrela zabaltzen zen, naturalki, belaunaldi batetik bertzera pasatuz. Bainan haria moztu da, eta orain euskara gero eta familia guttitan erabiltzen da: batzuetan lotsarengatik, buraso batzuek hizkuntza beren haurrei ez zietelako irakutsi. Ondorioz, orain, ikerketek erakutsi duten bezala, eskola hizkuntza salbatzeko tresna hoberena bihurtu da. Eta munduan zehar hizkuntza ikasteko metodo hoberena eta sinpleena, murgiltze eredua da.

 

Murgiltze ereduaren abantailak

Orroitu !  Noiz edo nun izan ote zira hizkuntza baten ikasteko baldintza hoberenetan ? (Ingelesa adibidez....) Ikasgelan, astean zehar Adams familiako mutxurdin flipagarri batek irakasten zituen hiruzpalau orenez ? Edo Irlandan / Londresen /  New Yorken ibili zinelarik, hizkuntza egun guzian entzuteko eta praktikatzeko aukera zinuelarik ?
Murgiltze edo imersio sisteman, ber printzipioa da. Haurrak edozoin momentutan euskara entzuteko eta mintzatzeko parada du : ikasgelan bistan dena, bainan ere kanpoko aire hartzeetan, ateraldietan, kirola eginez, bertsotan arituz, jantegian, haurzaindegian.... Ikastolaren proiektua euskararen inguruan eraikia da: ondorioz haurrak hizkuntzaren inguruan den proiektua senditzen  eta bizitzen ahal du. Horrek bere ikasteko motibazioa azkartzen eta bultzatzen du. Ikasleari euskal kulturaren aberastasuna eta ainiztasuna bizitzeko aukera emaiten dio. Egun batez, gure kulturaren aktorea eta sortzailea bilakatzen ahalko dela sendimendua pizten zaio. Erroak fermuki lurrean dituela erakusten zaio eta horrek munduan zehar ibiltzeko indarra eta idekidura eskaintzen dio.

Gaur egun murgiltze eredua Seaskaren ikastoletan bakarrik eskainia da.

 

Frantsesa ere ikasten dute ikastolan ?

Bigarren ziklotik goiti, CE1 mailatik , frantses hizkuntzaren irakaskuntza  pixkanaka ordutegian sartzen da. Oren kopuruak urte batetik emendatzen dira. Helburua sinple da: lehen mailaren bukaeran haurra elebiduna da eta bi hizkuntzetan trebe izan behar da. Ikerketen arabera, elebitasun goiztiarrak bertze hizkuntzak ikasteko errextasunak pizten ditu.

 

Ados.... bainan ez ote da sobera zaila irakurketa euskaraz hastea ?

Bistan dena ezetz ! Ainitz errexago da euskararekin hastea: dakizun bezala euskaraz grafia eta fonia parekatzen ahal dira.... Frantsesez aldiz, ez da hala, ber soinua manera desberdinez idaztean ahal baita ("o" adibidez... o, au, eau…) Ondorioz, irakurketaren lehen urratsak euskaraz ongi menperatzen dituelarik, haurrak frantses hizkuntzaren idatzizko zailtasunak hobeki gainditzen ahal ditu.

 

Zer ikasten dute xuxen ikastolan ?

Ikastolak eskola laïkoak dira. Gure eskualdeko eskola girixtinoak bezala, Hezkuntza Ministeritzarekin kontratupean daude. Ezagupen ofizial horrek ondorio eknomikoak ditu : estatuak gure irakasleak pagatzen baititu. Bertzalde, ministeritzak finkatu dituen programa ofizialak ere segitzen dituzte eta gure ikasleek estatuko azterketak pasatzen dituzte: Brebetan edo Baxoan lortzen dituzten emaitzek frogatzen duten bezala, frantsesan lortzen duten maila, bertze ikastetxeetako ikasleen maila bezain ona da (batzuetan ere hobea, "espantuka" aritu gabe, gure kolegioak eta lizeoa Akitaniako ikastetxe hoberenetan sailkatuak direla azpimarratzen ahal dugu)
Gainera, ikastolako haurrek herriko animazioetan parte hartzen dute, bertze eskoletako ikaslekin batera (Olentzero, Ihauteriak, Korrika…) Nahiz eta gure eskualdeko kulturari biziki atxikiak giren, funtsezkoa iduritzen zaigu munduko bertze kulturei idekiak izatea. Ondorioz, gure pedagogiaren oinarriak hauek dira: hurbiltasuna, ingurumenaren deskubritzea eta autonomia erakastea. Gure irakasleek garantzia emaiten diete ere haurren arteko komunikazio ez bortitzari, helduen diziplina baikorrari, emozioen kudeaketari... Urtean zehar, jarduera desberdinak antolatzen ditugu: ateraldiak, baratze baten zaintzea, kantuak & dantza tailerrak…
Gainera gure ikastoletan haurtzaindegiak goizetan eta arratsaldetan idekiak dira.

 

Hori dena aipatzeko, ez duda ! Martxoaren 6an xehetasun gehiago ukaiten ahalko dituzu.
Horretarako, hautatu duzun ikastola aitzinetik deitu (edo idatzi) behar duzu, hitzorduaren hartzeko.
Gero eta ikasle gehiago badira ikastolan eta burasoak konturatu dira gure ereduak emaitza bikainak emaiten dituela

Beti bada ikastola bat zure etxetik hurbil ! (azpiko irudiaren gainean klika ezazu !)