Skip to main content

ARBASOEN AZTARNETATIK

Submitted by admin on Ar, 2018/02/10 - 10:03

Urtero bezala, kolegioko ekipa pedagogikoak urte hastapeneko egonaldi bat proposatu du kolegioko 95 seigarreneko ikasleei. Hiru egunez Orioko Txurruka aterpean egon dira euskarazko giro batean murgildurik, elkar hobeki ezagutzeko helburua hartuz, ikastola desberdinetatik heldu baitira (Sara, Senpere, Azkaine, Miarritze, Urruña, Hendaia...).

Irailaren 19an, asteazken goizean, Zestoako bidea hartuz, bi taldeetan banatuak izan dira bi aktibitate desberdinetan aritzeko :

Alde batetik, Erdi Aroko Lili jauregiaren bisita egin dute Andere Madalenari esker. Antzerkitxo baten moduan aurkezturik, « zerbitzari berriak » deitutako ikasleak gelaz gela ibili dira bere familiako istoria entzunez. Gaztelu honen inguruan den erreka eta oihanaren bazterrean, zientzietako gida fitxak segituz, landare edota hosto desberdinak aurkitzeko parada ukan dute talde ttipika, urratsez urrats….

Bestalde, Ekainberri leizeetara hurbilduz, bertako tailer gelara sartu dira sua nola egiten den ikasteko eta ehiztari ttipiak bilakatuz, lantza botatzearen ariketa eginez. Azkenik, leizeetako arroketan agertzen diren margoak, bereziki zaldiak, hurbiletik aztertu dituzte.

Arratsaldean, Orioko Txurruka aterpera sartu eta instalatu dira haien lagun berriekin, kirol eremu zabalean jokoetan aritu, eta arratseko gaubeila prestatu.

Biharamunean, irailaren 20an, ostegunez, ongi gosaldu, mendiko zapatak ezarri eta, Oriotik Zarautzera oinez joan dira eta hondartzara iristeko. Bertan, talde ttipitan banaturik, « argazki'rally » bat egin dute : mapa bati esker, orientazioa landu, monumentu desberdinak aurkitu eta argazkiak hartu dituzte. Ibilaldi honen ondotik, elgarrekin piknika erraldoi bat partikatu dute. Arratsaldez, geltokira joan dira Euskotren topoa hartzeko eta Oriora itzultzeko…. Hau desafioa ! Gehien batek lehen aldikotz bere txartela konpostatu du eta treina hartu ! Oriora iritsi eta, portura hurbildu dira lekuko historiaren entzuteko HG irakaslearengandik, Oteizaren eskulturaren inguruan elkartuz. Benito Lertxundi hango kantari famatua dela jakin dute eta Arraun taldearen bandera horiak balkoinetan ikusi ere bai ! Egun hori fisikoa izanki, aterpera itzuli dira ; batzuk jolasten ari ziren bitartean, nahi zutenek Orioko hondartzan freskatu dira, dutxak, afaria eta gaubeila aitzin.

Azken egunean, irailaren 21ean ostiralez, materiala bildu eta, Donostiara joan dira Tabakalera kultur zentroa bisitatzeko eta Christina Enea parkean piknikatzeko, bertan landare eta animaleen artean ibiltzeko.

Kolegiora iristean, oroitzapen liburuxka betetzen bukatu dute eta egonaldiako ahozko bilan biziki baikorra egin dute.

Bukatzeko, gure ikasleek ikasturte hastapen honetan, harreman biziki azkarrak lortu dituztela egonaldi honi esker ondoriozta dezakegu, motibagarriak ziren aktibitate eta amorratuak ziren animatzaile guziei esker.

Larzabal kolegioa -orio - 2018.jpg