Skip to main content

EHIren sartze ekitaldia

Submitted by admin on Ar, 2019/08/10 - 13:42

Peio Jorajuria, Seaskako lehendakariaren hitzaldia

Akitaniako lehendakari jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu jauna eta  zuzendari anderea, Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari jauna, Senatari jaun andereak, deputatu jauna, gizarte eragileak eta ikastoletako lagunak, ongi etorri egungo ekitaldira.

Hainbat auzapezek eta Euskal Elkargoko lehendakariak hemen egoteko xedea agertu digute, baina egun mementu berean Elkargoko Biltzar nagusia denez, ezin izan dute gurekin egon. Hala ere, espero dut sarri aperitifara hurbiltzen ahalko direla.

Bi urte besterik ez dira pasa, hemen berean Lizeoaren estreina egin genuenetik. 300 ikaslerekin hasi genuen bidea, bi urtez 75 gehiago hurbildu dira. Lizeo berria ideki aitzin, Seaskako kolegioetatik bi ikasleetarik bat baizik ez zen heldu lizeora. Gaur egun aldiz, gure kolegioetako 4 ikasletik 3 heldu da lizeora.

Urrats kualitatibo izigarria da hori. Lehen mailan euskara ikasten delako, kolegioan euskaran sakontzen delako, baina lizeoan euskaraz gozatzen delako. Ipar Euskal Herriko biharko arlo guzietako profesional euskaldun gehien gehienak, hemendik pasatuak izanen dira.

Duela bi urte, lizeoarendako ezinbestekoak ziren azpiegiturak sortu genituen. Egun, eskas genituen gelak gehitu ditugu, 11 gela gehiago. Kopuruek gora eginen baitute ondoko urteetan etengabe, lizeoa berriz ere tipi gelditzeraino.

Barnategian 2 urtez ikasle kopurua kasik doblatu da, 100tik gora ikasle aterpetzen baititugu bertan. Barnategiak urrunetik heldu diren ikasleei harrera egiteaz gain, ingurune pedagogiko bat eta segimendu bat eskaintzen die ikasleei, klaseetatik bi pausora.

Orain bi urte sortu ginuen sukaldeak ere arrakasta itzela izan du. Ausolan eta Laborantxa Ganbararekin bultzatu dugun proiektuak aitzinikuspen guziak gainditu baititu. Egun 4 000 bazkari ateratzen dira hemendik egunero Ipar Euskal Herriko ikastola, eskola publiko eta pribatuetara bideratzen direnak . Bazkari eskaera gehiago baditugu, baina ezin denei erantzun. Eskaera handia dela baliatuz, tokiko eta kalitatezko ekoizpenak garatzeko baliatu beharko dugu.

Lanbide heziketa ere garatu da. Borroka luzearen ondoren lortu dugu Merkataritza saila eta Sozial saila Hezkuntza Ministerioari onartaraztea. 10 ikaslerik hasi ginen orain bi urte, 50 ikasleetara heldu da lanbide heziketa, eta ondoko urteetan indartzen segituko du. Hor ere, inork gutik sinesten zuen tresna ezarri dugu martxan. Justuki aurten aterako da lehen langile sozialen eta lehen komertzial euskaldunen promozioa.

Lan anitz egin da eta biziki epe laburrean.

Bereziki eskertu behar ditugu Jean Paul Alaman arkitektoa eta lanak fite eta ongi egin dituzten Etchart enpresa. Baita ikastolendako lan ikaragarria egiten duen Nicolas Ostarena Egoitzako lehendakari bolondresa.

Baina proiektu hau ez zen posible izanen, Akitaniako Eskualdearen laguntzarik gabe. Milesker Alain eman diguzun laguntzagatik. Zinez milesker Mathieu eman diguzun bultzadagatik. Proiektu hau ez zen posible izanen ere Ikastolen laguntzarik gabe. Milesker Koldo adixkidea. Ez zen posible izanen ere Elkargoaren laguntzarik gabe. Ez zen posible izanen ere Jaurlaritzaren laguntzarik gabe. Milesker Bingen. Eta ez zen posible izanen, urtero Herri Urratsen sustengatzen gaituzten milaka herritarrak gabe ere. Eskertu eta txalotu ditzagun beraz laguntzaile guzti horiek.

Sartze huntan 4 000 ikasleen heina gainditu dugu. 37. Ikastola ideki dugu. Ikastolak garatzen segituko dugu, eskaera geroz eta handiago baita. Eta mementu berean poz handiarekin entzuten dugu eskola publiko eta pribatu elebidunetan murgiltze ereduaren alde egin nahi dutela. Egun eskola pribatu eta publikoko ordezkariak gure artean baitugu, jakizue euskara garatzeko,euskararen alde borrokatzeko zuen ondoan izanen gaituzuela beti.

Ez dugu beti G7 bat izanen, iaz bezala egoera azken puntan konpontzeko gisan. Baina elgarrekin borrokatuz lortuko dugu gure herriak merezi duen hezkuntza sistema euskalduna. Jadanik mehatxu berrien oihartzunak baititugu Parisen aldetik. Frantses gizarte elebakarraren aitzinean, gizarte euskaldun, eleaniztuna dugulako helburu. Gizarte kultur aniztuna, elkartasunean oinarritua eta munduari idekia nahi dugulako.

mintzaldia Peio 2019-09-28.jpg