Skip to main content

SARTZE HISTORIKOA

Submitted by admin on Or, 2019/06/09 - 18:18

2019-2020ko Seaskaren Sartze prentsaurrekoa, Arbona Ahetzeko Alhorga Ikastolan, 2019ko irailaren 05ean.

Hor ziren Maritxu HOUSSET (Arbona-Ahetzeko Alhorga ikastolako ko-lehendakaria) Peio JORAJURIA (Seaskako lehendakaria) Hur GOROSTIAGA (Seaskako zuzendaria) Ramuntxo ETCHEBERRY (Seaskaren Garapenaren misio karguduna)

 

Ikastola berriaren aurkezpena (Maritxu Housset)

Hurbilenak diren Bidarte eta Basusarriko ikastolak gainezka izanki, ezinbestekoa zen Arbona-Ahetzeko eskualdean ikastola baten idekitzea.

Ahetzeko auzapezak, lehen maila idekitzeko lokal publikoak proposatu dizkigu. Entsetatu gira Arbonan lokalak atzematen ama ikastola idekitzeko, baina alde guzietan xerkatu badugu ere ez dugu atzeman. Aldiz Arbonako auzapezak hitzeman dauku eskola berria eraikiko denean, eskola publiko zaharraren parte bat gure esku utziko duela. Beraz ama ikastola Arbonan kokatuko da, eta lehen maila idekiko dugunean Ahetzen eskola publikoak baliatzen ez duen gunean idekitzeko aukera hitzeman digu Ahetzkeo auzapezak. Anartean, hemen izanen gira, kopuruak ez badira sobera handitzen. Momentuz Arbona eta Ahetzeko 6 haurrek hasi dute ikasturtea, eta heldu den astean 7 garren bat juntatuko zaie. Urtarrilean, aldiz 9 haur izanen dira bi urtekoekin. Eta geroa segurtatua da, sartze egunean berean Pauline ikastolako beste kolehendakariak, haur ttipi bat ukan baitu.

Burasoen artean bizki giro ona dugu, bagira bi kolehendakari, bi diruzain eta bi idazkari, eta uda huntan Arbonako bestetan antolatu dugun afariak sekulako arrakasta ukan du. Eskertu behar ditugu etxe hau alokatzen diguten jabeak, laguntzen gaituzten Arbonar eta Aheztar guziak, eta bistan da Seaska, gure ametsa errealitate bilakarazteagatik.

Alhorga : Ahetzetik Arbonara doan erreka

 

Seaskako sartzea (Peio Jorajuria)

Iazko ikasturte bukaera gatazkatsuaren ondoren, ikasturte berri eder bat abiatu dugu. Eta ezin ginuen hobeki hasi, 37 garren ikastolaren berri emanez baino. Euskara etxean, karrikan, eskolan eta lanean nahi dugulako, ezinbestekoa da ikastolak etxetik hurbil, herritarrengandik hurbil izan daitezen, eskura dagoen egiazko hautu bat izan dadin. Beraz gure aldetik ere, Arbona eta Ahetzeko burasoak eskertu behar ditugu, heien ahaleginari esker, euskara biziaraziko baitugu eskualde huntan. Lapurdi kostaldeko lehen eta bigarren lerroan herri guziek dute orain ikastola bat, euskara kenka txarrenean den eta biztanle gehien bizi den gunetan. Bi herrietako auzapezak ere eskertu behar ditugu, ekimen hau sendotzeko xedea agertu baitute etorkizuneko ama-ikastola Arbonan kokatu dadin, eta lehen maila Ahetzen.

Azken urteetan sortze tasak tipituz ari badira ere, Seaskan kopuruak handituz doaz etengabe. Astelehenean 4 001 ikaslek egin dute sartzea, ama ikastolatik lizeorat. Ondoko egunetan 2 urteko 73 ikaslek eginen dute sartzea, bakoitzak bere erritmoan, 4 070 ikasleen heina gainditzeko. (2 648 ikasle izanen dira lehen hezkuntzan, 1 353 ikasle bigarren hezkuntzan). Historikoa da sekulakoa!

Erakasle gehiagoren beharra horren ondorioa baizik ez da. Eta horren adierazgarri da ere azken hilabete hauetan hainbat handitze lan egin behar izan ditugula ikastoletan. Prefabrikatuak instalatu ditugu, Basusarrin, Beskoitzen, Bidarten, Bokalen, Lekornen, Ziburun eta Baionako Estitxu Robles kolegioan. Handitze lanak egin ditugu edo egiten ari gara Angelun, Arberoan, Saran, Ziburun, Manex Erdozaintzi Etxart eta Estitxu Robles kolegioetan eta Baionako Etxepare lizeoan.

 

Biriatun lehen urtea (CP) ideki dugu, Basusarrin hirugarren urtea (CE2), Beskoitze, Ziburu eta Azkaraten laugarren urtea (CM1).

Kopuruak hurbilagotik begiratuz, Bokaleko ikastola tipia ez da hain tipia, kopuruak bikoiztu baitira 9tik 18 ikaslera pasatuz. Eta memento berean ondoan den Baionako Oihana ikastolak bere garapenean darrai 9 ikasle gehiagorekin (143). Lekorneko egoera ere azpimarratzekoa da, 13 ikasle gehiago izanen baitira iaz baino (63) eta ikasturtean zehar 70etik hurbil izanen baitira 2 urtekoekin. Basusarriko garapenak ez du etenik +9, eta Senpereko Zaldubi ikastola ere sekulan ikusi gabeko kopuruak eskuratu ditu +11 (111), urtean zehar 115era helduko delarik.

Bigarren mailetan kopuruen goititzea sendi da ere, azkarki kolegioetan +35 Baionako, Estitxu Robles kolegioan (142), +28 Ziburuko Piarres Larzabalen (321), eta +10 Larzabaleko Manex Erdozeintzi Etxarten (227). Etxepare Lizeoan ere, 20 ikasle gehiago dira aurten (374). Azpimarratzekoa Lanbide Heziketan 50 ikasle izanen ditugula.

Ondoko hilabeteetan aterabideak atzeman beharko ditugu toki eskasa duten ikastolendako, hala nola Bidarte, Basusarri, Beskoitze, Lekorne eta Zibururendako. Eta bereziki 5. Kolegio batendako kokagunean atzeman beharko dugu Lapurdi hegoaldean, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioak gainezka eginen baitu.

 

Egia da 19.5 postu lortu ditugula azkenean, baina kolegioetan gelak bete beteak ditugu, 30etik gorako gelak hiru kolegioetan ditugu. Seaskak bere gain 11 postu hartuz hein batean gela horiek desdoblatzea lortuko dugu. Baina beharrak handiak dira oraino, hala nola Baionako kolegioan nahiz eta 147 ikasle izan ez dute dokumentalistarik. Manex Erdozaintzin dokumentalista postu erdiarekin moldatu behar dute, nahiz eta 227 ikasle izan. Frantziar Hezkuntza Ministeritzaren programen dokumentalista bat aurreikusten dute, baina postu horiek ez dizkigute eman nahi. Behar bereziko haurren eskolatzeko laguntzaile postuak ere eskas dira, kopuruak ere etengabe garatuz baitoaz.

Dena dela baikor izan nahi dugu. Eta joan den uztailean Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Errektorearekin izenpetu dugun hitzamena, ahalez beteko dutela espero dugu. Akademia Ikuskari berria eta Errektore berriak gure berezitasunak kontutan hartuko dituela espero dugu. Nahiz eta postuen arazoa Parisen kokatzen den. Espero dugu Blanquerren ministerioak ez gaituela hirugarren urtez segidan ahantziko, eta euskarak eta Estatuko hizkuntz gutiengoek beharrezkoa duten garapenerako urte anitzeko plangintza bat proposatuko dutela. Gure aldetik prest gara, lan hori elgarrekin aitzinarazteko.

 

Seaskaren 50 urteak. Ondoko hitzorduak

 

Arbona Ahetzeko ikastola - sartzea.jpg