Aller au contenu principal

3 220 ikaslek egin du sartzea ikastoletan

Soumis par admin le ven, 2014/05/09 - 16:28

2013-2014 ikasturtea biziki gogorra izan da Seaskarendako. Hendaian hasi zenak Beskoitzen ukan zuen segida eta ondotik Hazparneko lurraldean barna hedatu ziren mehatsuak. Baina erasoen aitzinean beldurtu gabe, urte luzetan eraiki dugun ikastolen Etxea defendatzen jakin dugu, mobilizatuz eta elkartasunez, indartsuago jalgitzen gara gatazka horietatik. Aurten hastapen lasaiagoa espero genuen, baina jakina den gisan ikasturte berri hau arranguraz beterik hasi dugu Ziburu aldean.

Irail huntan 3 200 ikasleen heina gainditu dugu. Ikasle horiek euskaldun izan daitezen, baldintza egokietan lan egitea da gure xede bakarra. Horretarako ikastolak sortu eta handituko ditugu. Eta hori ahalbidetzeko, murgiltze ereduaren eta euskararen aldeko lege bat lortzeko lanean segitu beharko dugu ikasturte berrian ere.

Azken urteotan urtez urte, aitzineko urtean baino 100-150 ikasle gehiago eskolatzen ditugu. Eta aurten garapenen sendoari eusten diogu. Iazko sartze egunean 3 083 ikaslek hasi zuten ikasturtea 31 ikastoletan. Asteartee huntan 3 220 ikaslek egin dute sartzea, hots, 137 ikasle gehiago irailetik irailera. Ondoko asteetan 2 urteko 50 ikaslek eginen dute heien sarrera, bakoitzak bere erritmoan, beraz kopuruek emendatuz segituko dute.

Hurbilagotik so eginez, progresiorik azkarrenak, ondoko ikastoletan atzematen ditugu :

Garazi + 13 ikasle, Sara +11 ikasle, Donibane Lohizune +10, Amikuze +9, Arberoa +9, Urruña +9, Hendaia + 9, Sohüta +7…

Bigarren mailetan kopuruen goititzea sendi da ere, bereziki Lizeoan emendatze azkar batekin berriz ere, + 26 ikasle, 198tik 224 ikaslera iragaiten baita ikasle kopurua, hots, +%13,13 ! urte batetik bestera.

Azpimarratzekoa ere, hiru kolegioetan kopuruak emendatzen direla, orotara 26 ikasle gehiago.  Kopuru orokorrak hartuz, sartze egunean 2319 ikasle lehen mailan, 677 kolegioetan eta 224 lizeoan.

Ikastola tipiak indartzeko parioa egin dugu aurten ere, kondutan izanez aitzineko urteetan idekitako ikastolak etengabe garatzen ari direla, Lekornen hirugarren urtea (CE2) ideki dugu, Itsasun eta Baigorrin laugarren urtea (CM1) ideki dugu, Alozen (Zuberoan) eta Arberoan (Baxe Nafarroa) 5. urtea (CM2). Bidarten lehen urtea (CP) ideki dugu.


 

Oihana-15.JPG