Aller au contenu principal

PEDAGOGIA: GOGO ERABILTZEAREN KONTZEPTUA

Soumis par editorea le mar, 2023/07/03 - 10:07

Ikasle guziek ez baitute jakintza berdin hartzen, Antoine de La Garanderie pedagogoak ‘gogo erabiltzea’ kontzeptua pentsatu zuen bere garaian, eta haren araberako didaktika bat aplikatu. Hazparneko Iniziatiba-Formazioa elkarteak transmititzen du metodo hori.

Hazparneko Iniziatiba-Formazioa elkarteak gogo erabiltzea pedagogiari buruzko formakuntza ikastaroak proposatzen dizkie irakasle, ortofonista edota hezitzaileei. Gaur eta bihar, Philippe Meirieu pedagogo frantsesa gomitatu du Kanbora, ikasleak sortzaile izateko bideen aipatzeko.

Antoine de La Garanderie (Ampoigne, Loira eskualdea, Frantzia, 1920-2012) filosofo eta pedagogoak pikoan eman zuen gogo erabiltzea-ren kontzeptua. Ikasketa prozesuan, ikasle batetik bestera desberdintasun handiak bazirela ohartua zen La Garanderie, eta entseatu zen ulertzen irakasle-ikasle harreman horretan jakintzak bururatzeko orduan zer pasatzen zen.

Hortik eraiki zuen ideia: ikasketa prozesu batean iragaten diren gogoratzeko bide kognitiboen esplikatzea; helburutzat harturik ikasle bakoitzari zegozkion ikasteko metodoak plantan ematea. Lan horietarik jalgi zuen gogo kudeaketa edo erabiltzearen kontzeptua.

Regine Elosegi-Blanc irakaslea da, eta, gaur egun, pedagogia aholkulari gisa ari da lanean Seaskan. Ikas pedagogia zentroan ere ari da lanean, euskara ikasteko lehen metodoen sortzeko. Ipar Euskal Herriko IF Iniziatiba-Formazioa elkartean parte hartzen du, bestalde.

Elosegi-Blancek esplikatu du La Garanderie berant elkortu zela eta hark zioela, nolabait, horri esker bere ikerketak urrunago eraman zituela. “Erraten zuen ez bazuen holako zailtasuna bizi ukan, beharbada ikasketa prozesuan zer pasatzen den ulertzeko ez zela hain urrun joanen”.

Ikasle batek jakintzen barneratzeko izan dezake eskolarako jite bat, kausitzeko bidean, baina La Garanderiek zioen ez dela aski. Elosegi-Blancek zehaztu du ikasle batzuek erreusitzen dutela doinuari esker. “Baina usaia onak baitituzte baita ere”. Jakintzak bururatu eta barneratzeko ulermen ohiturak dituzte.

La Garanderiek dozenaka ikasle elkarrizketatu zituen horretarako; bereziki, “eskola handiak edo puntako ikasketak egin zituztenak”. Elkarrizketa horietarik ondorioztatu zuen eskolan trebe ziren ikasleek zer gogoratze bide egiten zuten buruan jakintzen barneratzeko. “Hortik, bost jestu edo ekintza deskribatu ditu”, segitu du Elosegi-Blancek: “Arreta, memorizazioa, ulermena, gogoeta eta irudimen sortzailea”.

La Garanderiek didaktika bat atera zuen horretarik, geroztik irakasle askok baliatzen dutena eskolan. Ikasle guziek ez baititzakete ber moldean jakintzak entzun, ulertu eta barneratu, araberako metodoen bilaketa bat da, nolabait. Ikasleak adi dezan zer bide egin behar duen jakintza baten gogora ekartzeko. “Ikasten dugularik, badira hiru momentu: informazioa hartzea, informazioa tratatzea eta zerbait ekoiztea horrekin”. Psikologia kognitiboa edo kutxa beltza deitzen diote horri pedagogoek.

Azkenean, gogo erabiltzea, gauzen kontzientzia hartzeko molde baten gisa laburbildu du Elosegi-Blanc pedagogoak: “Kontzientearen prozesuak behatzen, deskribatzen eta aztertzen ditu”. Kontzientzia hartze hori funtsezkoa dela dio, ezen bestela lortzen ez duten haurrek beren burua gutietsiko baitute lortzen duenaren aldean: “Lortzen ez dutenek pentsatuko dute: ‘Bera ona da, eta kito!'”.

‘Gogora ekartzea’

Gogo erabiltzea-rekin karikatura handia egin da”, dio Elosegi-Blancek. “Entzuten da jendea erraten ‘nik begi oroimena dut’, ‘nik belarri oroimena dut’. Kanpoko informazioez mintzo dira horiek. La Garanderiek erraten zuen buruan pasatzen zela”. Informazioak buruan eragiten duen adimenduan da jokatzen, hots.

Informazioak hartzeko aisetasuna duen baten baitan gertatzen dena deskribatzen hasita, begien aitzinean jartzen zaion mapa bat jarri du adibidetzat Elosegi-Blancek. “Mapari so eginen dio, ohartuko zaie agertzen diren herriei, mapa mugei eta beste. Begiratzean aztertzen du, jadanik; buruan biziki aktiboa da”. Ikasle anitzekin ez da hola ibiltzen. “Mapari so egiten diote, itzultzen diegu mapa, eta buruan ez du deus eragin”. Pedagogoentzat lehen desafioa da, beraz, ohartzea zailtasunetan den ikasle baten baitan ebokazio edo gogora ekartze hori ibiltzen denetz.

Gogora ekartze hori lagundu daitekeela adierazi du Elosegi-Blancek. “Begiratzen dudalarik mapa hori, barnean ukaiten ahal ditut soinuak, sentimenduak eta abar. Ene baitan ekai mentala eraikitzen dut”. Ikasle batzuek espontaneoki ukan dezakete; beste batzuek, ez. Gogora ekartze horren egiten lagundu daitezke gogo erabiltzearen bidez.

Maparen adibidearekin segitu du pedagogoak, Euskal Herriko mapa hartuz. “Begiratzen dut, eta ikusten dut Bilbo. Bat-batean, gogoratzen dut lagun batzuekin besta egitera joan nintzela hara”. Ebokazio horren baliatzea da gogo erabiltzea-ren xedea. “Laguntzen ditugu haurrak, edo gazteak, edo helduak ebokazio horien aberasten”. Helburua izanik, konparazione, Bilbo, Gasteiz, Iruñea edo Baiona mapan kokatzen heltzea. “Ikaslearekin esplizituki argitzen duzu zer egin behar duen ebokazio sendo, fidagarri eta oso bat eraikitzeko”.

https://iparraldekohitza.eus/wp-content/uploads/2023/02/12624260.jpg

Denbora hartu

Eskolak molde bat eta bakarra, berdina ematen die ikasleei. Elosegi-Blancek, berriz, uste du irakasleek askatasunik aski badutela beren metodoen bilatzeko, eginahala ikasleri jakintzen pasarazteko. Erronka baita eskolako kodeak biziko errealitatearekin lotzea. “Irakasleak anitz egoten gara eskola kodeekin, eta haur batzuek errealitatearekin mozten dute holakoetan. Gogo erabiltzea egiten dugunon kezka da lotura egitea egun guzietako biziaren eta kode horien artean”.

Seaskako pedagogia aholkulariaren ustez, gogo erabiltzea-ren metodoa egin daiteke ikasle guziekin batean, klasean. Haatik, Frantziako Hezkuntza Ministerioak behartu programa hertsaduretan tinkiegi estekaturik egon gabe. “Gogo erabiltzea deskubritzen duzularik, onartzen duzu denbora hartzea. Programak segitzen ditugu, bistan dena, baina inportanteena da oinarriak segurtatzea”. Eskola ematen zuelarik, ohartu zen metodoaren eraginaz ikasturte bukaeran. Ikasle bati arreta ukaiten, gogora ekartzen, ulertzen eta memorizatzen erakutsi ondoan gertatu anekdota bat kontatu du: “Ekainean zen, ikasle batek eria altxatu zuen, erranez: ‘Sobera fite joaten zara, ez dut denborarik ongi pentsatzeko’. Kontzientzia hori ematea haurrei, enetzat, ikaragarria zen”.

IF elkartearekin formakuntza ikastaroak ematen ditu Elosegi-Blancek. Irakasleei beti galdegiten die ohartzen direnetz ikasleak nolako arreta duen eta gogora ekartzea egiten duenetz: “Formakuntza anitzetan ebokazioaren momentu hori aipatzen diedalarik irakasleei, galdegiten diet: ‘Mintzatu zara haurrarekin jakiteko noiz pentsaketan aritu den?'”.

Gogo erabiltzea “biziki pedagogia eraginkorra” zaio pedagogia aholkulariari. Horiek horrela, badaki pedagogia munduan ez direla denak horrekin ados, eta, oroz gainetik, “konplexua” dela. “Liluragarria da, baina biziki konplexua”. Ulertzeko nola ibiltzen den, eta, sustut, plantan emateko bideen aurkitzeko.

Irakasle frankok lan hori beren baitarik egiten dutela dio. “Esperientziarekin barneratzen duzu, zentzu on anitz baita pedagogia horretan”. Dena den, Elosegi-Blanc konbentzitua da ikasle gutiago bazter uzteko moldea dela gogo erabiltzea. “Badakigu eskolak ikasle arteko berdintasunik ezaren hozkak handitzen dituela. Uste dut gogo erabiltzea tresna izan daitekeela hozka horien ttipitzeko”.

Iñaki Etxeleku (IPARRALDEKO HITZA - 2023-02-24)

haurra ikastolan