Aller au contenu principal

MANIFESTALDIA APIRILAREN 22AN

Soumis par editorea le mer, 2023/22/03 - 14:58

Joan den martxoaren 9an, Euskalgintzako eragile guziak Baionan elkartu ziren, prentsaurreko baten egiteko.
Hitzartzeak ondotik irakurtzen ahalko dituzu

 

Sébastien Castet (Euskal Konfederazioa)

Egun on, eta milesker prentsaurreko garrantzitsu honetara jinik. Euskal Konfederazioak eta bere kideek apirilaren 22rako antolatu mobilizazioa aurkeztuko dizuegu. Hartuko dute

hitza Peio Jorajuriak Seaskaren izenean, Maider Heguy eta Ihintz Olinekek AEK-ren izenean, Maddi Bordagarai Uda Lekuren izenean, Ximun Carrere  Euskal Hedabideen izenean eta Luxi Detxart eta Christelle Pucheu Biga Bai eta Euskal Haziak elkarteen izenean..

 

Peio Jorajuria (Seaska)

Bada orain urte andana Azterketak Euskaraz izateko eskubidea aldarrikatzen dugula. Ikasleek, burasoek, irakasle eta langileek, Seaskak, Biga Baik, Euskal Haziak, eta Euskal Konfederazioa osatzen dugun euskalgintzako elkarte guziek bat egin dugu oinarrizko eskubide hori defendatzeko tenorean. Eta euskalgintzarekin batera, tokiko hautetsi eta erakundeek aho batez sustengatu gaituzte aldarrikapen horretan.

Baina erranak erran ez da deus aldatzen. Paris gor eta mutu egoiten da.

Azterketak, Brebeta eta Baxoa, euskaraz egitea errespetatua ez den eskubide bat da. Gure hizkuntzak bizi duen zuzengabekeriaren beste adierazle bat.

Azken bi urteotan egoera tinkatu da. Hainbat elgarretaratze eta manifestaldi egin ondoren iaz okupazioak izan ziren, eta poliziek oinarrizko eskubideak defendatzen zituzten herritarrak lotsagabeki zanpatu zituzten. Euskal Elkargoak desobedientziaren bidea hartu zuen, azterketa alternatiboa babestuz eta irailean Ipar Euskal Herriko ordezkaritza bat bildu zen Parisen Hezkuntza Ministerioan. 

Baina ele ederrez gain, geroztik ez da deus aldatu. Brebetan berririk ez da eta Baxoan 2021ko zirkularrak dioena (froga batzuk euskaraz egiteko aukera) ez dute errespetatzeko asmorik.

Mobilizazio erraldoi baterako garaia iritsi da, Parisek entzun dezan Euskal Herriaren ahotsa. Parisek entzun dezan, azterketak euskaraz nahi ditugula, eskubide bat baita, euskaraz bizi nahi dugulako.

Baina maleruski, ez da euskarak bizi duen gaur egungo egoeraren sintoma bakarra. 

 

Sébastien Castet (Euskal Konfederazioa)

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea blokatzea ezin da koprenitu kontestu zabalagoa kontutan hartu gabe. Estatuak euskarari trabak ezartzen dizkio, euskarazko azterketak debekatuz, irakaskuntza euskaldunak dituen beharrak mugatuz, euskarari lege babesa ukatuz. Baina Estatuaren ukoaren aitzinean, tokiko erakundeek ez dute aski egiten euskararen egoera aldatzeko. Gaur egun ez gara euskaraz bizitzen ahal gure herrian, Euskalgintza garatzeko baliabideak ukatzen dizkigute, eta badirudi hemen ez dela ezer gertatzen!

Apirilaren 22an, beraz, Azterketa Euskaraz! aldarrikatuko ditugu beste behin. Ez baitugu onartuko gure gazteria gisa horretan zentsuratu dezaten. Baina gisa berean, Euskarari trabarik ez! aldarrikatuko dugu Baionako karriketan, Hizkuntza Politika Publikoa bere osotasunean baita trabaturik.

Izan ere, euskara biziarazi eta garapena segurtatzen duten Euskalgintzako elkarteen egoera larriaz ohartarazi nahi zaituztegu. Baliabide eskasez gaur egun euskalgintzak ezin ditu bere misioak behar bezala bete. 2017an Estatua eta Ipar Euskal Herriaren arteko Lurralde Hitzarmenaren kari, Euskalgintzak eta Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkondua berehala bikoiztu beharra adostu zuten. 7 urte berantago EEPren aurrekontua ez da bikoiztu eta anartean, handituz doan eskaera sozialari erantzuteko euskararen alde ari diren elkarteak garatu dira, bainan dirulaguntza publikoak ez dira kasik emendatu.

Gaur egun euskalgintza arlo prekarizatua da, langileak ez dira behar bezala ordainduak eta zenbait kasutan elkarteek ezin dute beren arloko hitzarmen kolektiboa errespetatu soldatari dagokionez.

EEP sortu zelarik, euskalgintzaren lana txalotzeaz gain inplikazio handiagoa izatera engaiatzen ziren instituzio partaide guziak hizkuntza politika ausartak zin emanez. Bainan gaur egun hizkuntza politika publikoa euskalgintzako elkarteen eta langileen prekaritatearen bizkar eraiki dela ikus dezakegu.

 

Ihintz Oliden (AEK)

Helduen euskalduntzea, euskararen geroa bermatzeko ezinbestez babestu eta bultzatu behar den arloa da. Aurten, AEK-k, 30 000 ordu kurtso eskainiko ditu berriz ere, 1 400 helduri euskara ikasi edo hobetzeko aukera emanez. Euskal Herria euskalduntzeko lan erraldoi honen aitzinean, diru-laguntza duinik ez dugu, langileek prekaritate berean jarraitzen dugu, ikasleek herriko hizkuntzaz jabetzeko beren sakeletik ordaintzen jarraitzen dute. Helduen euskalduntzearen arloko bide orria 10 urteko berantarekin dabil herrestaka, formakuntza ordaingarriak izateko frantses estatuak eskatzen dituen euskara zertifikazioak ez zaizkie gure ikasleei egokiak. Euskararen garapenerako aitzindari, sustatzaile eta akuilatzaile ikusten genuen EEP-k ez ditu hitzemanak betetzen. Noiz ote euskara ikasteko baliabide sendoak segurtatuko dituen hizkuntza politika ?

 

Maddi Bordagaray  (Uda Leku)

Uda Leku elkartea da haur eta gazteendako euskarazko aktibitateak proposatzen dituen egitura bakarra (aisialdi leku eta egonaldiak). EEPrekin eta Euskal Elkargoarekin hiru urtez elkarlanean aritu ondotik elkarteak ez ditu oraino zuzenbide komuneko finantzamenduak eskuratzen. Egiazko hizkuntza politika publiko bat balitz, gaur egun ez genituzke 5 aisialdi zentro euskaldun, baizik eta 22, gutienez kantonamendu bakoitz bat. Hizkuntza politika publiko baikor bat balitz, gure langileak gutienez hitzarmen kolektiboak finkatzen duen heinean pagatuko genituzke eta ez azpitik.

Elkarteak ezin dio dirulaguntza publiko eskas horri aurre egin eta aurten 40 urte betetzen baditu ere bere biziraupena da kolokan dena epe laburrean.

Hizkuntza politika publikoaren hegalpean desagertu behar ote dugu?

 

Ximun Carrere (Euskal Hedabideak)

Euskarak pairatzen duen diglosia egoera orokorra hedabideen arloan ere gertatzen da. Behar-beharrezkoa da frantses prentsari esleitzen zaion diru-kopurua euskarazko prentsari ere ematea. Zenbatekoak dira France Bleu eta France 3 hedabideei ematen zaizkien laguntzak Euskal Irratiak-i eta Kanalduderi ematen zaizkienei konparatuz? Zenbat diru sartzen da Sud Ouesten publizitate instituzionalaren bidez eta zenbat Berrian, Ipar Euskal Herriko Hitzan, Kazeta.eus-en edota Herrian? Euskara transmititu eta euskal hiztun osoaren kopurua mantendu eta areagotzeko euskara hutsez ari den prentsa hori saihestezineko eragilea denez, publizitate instituzionalen bidez sar daitekeen diruaz gain diru-baliabide bereziak behar ditu.

Ez ote du hizkuntza politika publikoak, diskriminatua den hizkuntza lagundu behar ?

 

Luxi Detxart (Biga Bai)

Azken urteotan irakaskuntza elebidunaren kontrako erasoak etengabeak izan dira. Publikoan, Baxoaren erreformak euskara ingelesarekin konkurrentzian eman du eta ondorioz sail elebidunetan ikasleen galtze inportante bat ukan dugu lizeoetan. Eta lehen mailetan ere zenbat traba murgiltze ereduak idekitzeko edo direnak garatzeko! Urtez urte hezkunde nazionalak baliabideak murrizten ditu eta xifren logika bat bakarrik erabiliz, gure sareko postuak desagertarazi nahi dituzte.

 

Christelle Pucheu (Euskal Haziak)

Pribatuan, aste honetan jakin dugu ondoko sartzean Arbona eta Ortzaizeko eskoletako murgiltze saila desagertzeko zorian dela.

Haur bakar bat aski da eskola frantses hutsean segurtatzeko. Euskaraz izan dadin, aldiz, burasoen, irakasleen, herriko etxeen eta ikuskaritzaren baimenak lortu behar dira.

Eta azkenean ikusten duguna da euskararen eskaintza murrizten dela.  Baldintza guzi horiekin, non da hizkuntza politika publikoa? Etorkizunari begira, Euskara inbestimendu bat izan behar da.

 

Peio Jorajuria (Seaska)

Ikastoloi misio bikoitza ematen zaigu, irakaskuntza eta euskalduntzea, ikastolak baitira murgiltze eredua haur hezkuntzatik baxoraino eskaintzen duten bakarrak, gaurko familia frantsesetako haurrak euskaldun izanen direla segurta dezaketen bakarrak. Alta misio horiek betetzeko ez dizkigute beharrezko baliabideak ematen. Irakasle postuak lortzeko beti borrokatzeaz gain, gaur egun ez ditugu eskura beste edozoin eskola pribatu eta publikoek dituzten baliabideak irakasle berezituak, formatzaileak edo Razed postuak eskuratzeko.

Hori guti balitz, Baionako suprefetura inkisizioaren bulegoa bilakatu da. Azken bi urteotan ikastolak diren herriko etxeek Estatuko ordezkarien “mandatuak” jaso dituzte, ikastolen alokairuak azkarki igo ditzaten.

Seaska da Estatu frantsesean diren murgiltze ereduetarik zaharrena eta ikasle gehien dituena. Eta mementu berean instituzioetatik dirulaguntza gutien jasotzen duena.

Non da hizkuntza politika publikoa, Ikastolen garapena lagundu ordez, trabatzen duelarik?

 

Sébastien Castet (Euskal Konfederazioa)

Zer etorkizun du hizkuntza politikak gaur egun berau biziarazten duten elkarteek behar bezala ibiltzeko baliabiderik ez badute? Zein baliabide euskararen biziberritzeko elkarte berriak laguntzeko (Topagunea, Plazara, Konkolotx euskarazko haurtzaindegien eta haurtzain etxeen federazioa, etab...)?

Estatua kontra dugu, lehen bezala orain ere. Baina Akitania, Pirinio Atlantikoek eta Euskal Elkargoa ez dira behar bezala erantzuten ari, euskarak beharrezkoak dituen baliabideak eman gabe, politika publikoetan euskarari behar duen tokia eman gabe, eta gure hizkuntzaren estatusean aldaketarik proposatu gabe.

Bretainian 2022-2027 Hizkuntza Hitzarmen bat adostu dute kolektibitateek Estatuarekin. Okzitanian 2023-2027 Hizkuntza Hitzarmen bat negoziatzen ari dira. Eta hemen zein da kolektibitateen estrategia? Euskara desagertzen uztea?

Zer nolako emaitzak espero dituzte egin berri den inkesta soziolinguistikotik, irabaziak lortzeko inbertsio berririk ez badute egiten?

Gaur egun instituzioen inplikazioa ez da eskaera sozialaren heinekoa. Iratzartzeko garaia da!

Euskaltzale guziak deitzen ditugu Azterketak euskaraz! Euskarari trabarik ez ! lemapean iraganen den manifestaldira parte hartzera.

Afitxa manifa azterketak euskaraz