Gelako leihotik - Euskaraz loriatzea
(ELISE DILET)
IKAS Euskal Pedagogia zentroko berripaperean 2023-03-16ean publikatua
Bisitari bat sartzen bada Basabürü ikastolan egun arrunt batez, mentura handia du literatura saileko aditu batekin topo egiteko; azken euskarazko argitalpenen balioa aipatzen ahalko dute edo idazle famatu zein ezezagun baten lana... ikasle guziak, 3 urtekoetarik hasiz, literaturazale bilakatu direlako azken urtean!
Arantxa Camus-Etxekopar eta Joana Arhancet errientsak dira Xiberoko ikastola horretako irakasleak. Lehenak ttipiak ditu, 1. urtea artekoak (CP), eta besteak lehen mailakoak, 2. urtetik 5. urtera (CE1-CM2). Beste leku anitzetan bezala, ohartu dira ikasleek frantsesez irakurtzen dutela edo burasoek frantsesez irakurtzen dietela. Duela guti arte, euskarazko liburuak ez ziren batere haurren biziaren parte.
Arrangura hori izanik, gogotik sartu ziren Seaskak iaz bultzatu zuen haur eta gazte literaturaren inguruko dinamikan. Egitasmo horrek hiru urtez iraunen du eta formakuntza saioez gain, talde bat osatu dute beste lau ikastolatako irakasleekin. Mirentxu Ibargarai pedagogia aholkulariarekin erregularki biltzen dira bilanaren egiteko, eta lorpen eta zailtasunen partekatzeko.
Aldaketa konkretuak egin dituzte eskolako eguneroko bizian.
Lehen urratsa liburutegien antolatzea izan da, ikasgeletakoak eta eskolakoa. Leku goxoak, politak eta ongi antolatuak egin dituzte. Liburuak ongi sailkatuak dira (ipuinak, dokumentalak, albumak, aldizkariak, olerkiak, ikasleek sortu liburuak) eta funtsa erregularki aberasten dute. Liburu berri bat sartzen delarik, haurrak berehala ohartzen dira eta besta da!
Irakurketa gehiago sartu da egutegian. Lehen mailan, 15 minutu hartzen dituzte egunero libreki irakurtzeko, bai helduek bai haurrek, liburutegian gustuan jarririk. Gozatzeko mementoa da. Joanaren iritziz, izigarriko hozka eragin du horrek, ikasleak plazerez irakurtzen hasi baitira.
Bestalde, irakurketa eskainia antolatu dute bi irakasleek. Joanak horretatik hasten du eguna: lehenik asmakizun bat (eta kasu, ez du ahantzi behar!) gero liburu bat edo zati bat irakurtzen die ikasleei. Arantxak, aldiz, ez du une finkorik. Baina haurrek Tibeteko bolaren soinua entzuten dutelarik, badakite istorioaren mementoa dela eta prest ematen dira. Hasten dira olerki edo aho-korapilo batetik - beti bera hainbat egunez eta gogoz jakin arte- gero Arantxak istorio bat kontatzen die. Formakuntzei esker, irakurtzeko moduak aberastu zaizkie, boz desberdinak eginez, antzeztuz, isiluneak baliatuz, irudiak noiz gorde eta noiz erakuts landuz...
Olerkia ere desberdinki lantzen dute orain, gorputza osoa baliatzen dute poesia mimatzeko eta barneratzeko.
Lehen mailan, irakurketa liburuxka atxikitzen dute. Joana pixka bat dudakor zen hastapenean baina biziki motibatuak ikusten ditu ikasleak. Kaier horretan irakurtzen dituzten liburu guzien aztarna atxikitzen dute: azala kolatzen dute, egileen eta argitaletxearen izena idazten dute, eta maitatu duten pasarte bat, edo iritzia gehitzen dute. Adibidez ‘Koko ezin ederragoak’ obrari buruz: “Haboroenik maitatü düdan erregea düzü, zeren eta oro badü bena ez da kontent. Libürüa untsa atzaman dit argi eta drole beita.”
Bi irakasleak kontent dira orain arte gauzatu dutenaz “Gaüza sinpleekin, egitasmo pottoloegirik egin gabe, hanitx aitzinatzen ahal da, eta orai, irakurketa plazera da güzientako!”
Argazkiak IKAS