Aller au contenu principal

SEASKAREN SARTZE PRENTSAURREKOA

Soumis par editorea le ven, 2024/06/09 - 15:19

Seaskaren 2024-2025 ikasturteko sartze prentsaurrekoa iragan da irailaren 4ean. Peio Jorajuria, federazioaren lehendakaria eta Sophie Lajus, batzorde Eragileko kidea hor ziren prentsari azalpenak emaiteko. Hor duzu beren aurkezpena.

Seaskako 39 ikastolen sartzea (33 lehen maila, 5 kolegio eta lizeoa) biziki ongi iragan da. 2023ko irailean 4 189 ikasle genituen ikastoletan. Aurtengo sartzean 4 285 ikasle ditugu, beraz ehun ikasle gehiago, eta ondoko aste edo hilabeteetan sartuko diren 2 urteko ikasleekin 4 300 ikasleen heina gaindituko dugu ikasturtean zehar.

Nahiz eta gure lurraldean geroz eta haur gutiago sortzen eta ondorioz eskolatzen den, Seaskan zorionez kopuruak goiti doaz lehen mailetan, 33 ikasle gehiagorekin.

Kopuru batzuk azpimarratzekotan, azken urteotan Baiona eskualdean ikasle kopuruak etengabe goiti egiten duela azpimarratuko nuke, hala nola iaz Oihana ikastolan 150 ikasleen heina gainditu baginuen (aurten 155 ikasle dira), Hiriondoko (Poloko) ikastolan aurten 14 ikasle gehiago izanen dira iaz baino, 85 ikaslera heltzeko. Ondoko herrian, Bokalen hirugarren maila ideki dugu (CE1), orotara 32 ikaslerekin (+9). Heldu diren urteetan Baiona eta Bokalen ikasle gehiagori harrera egiteko gogoeta abiatu beharko dugu, ditugun ikastolak bete-beteak baitira.

Azkenik sortutako ikastolak so eginez, Ahetze-Arbonako Alhorga ikastolan hirugarren urtea ideki dugu eta 26 ikaslera heltzen gira (+8). Bardozeko Xarnegu ikastolan lehen mailako 1. urtea  idekiko dugu (CP), orotara 18 ikaslerekin (+3).

Barnekaldean ere xifreak baikorrak dira. Zuberoan ikasle kopurua mantentzen dugu Sohüta eta Alozen, hazkundean segitzen dugu Amikuzen, Oztibarren, Donibane Garazin eta Baigorrin edo Ortzaizen. Kostaldean kopuruak egonkor dira.

Jakinez departamenduan geroz eta haur gutiago eskolatzen dela, biziki xifre baikorrak dira.

Kolegioen arloan, iaz ideki genuen Kattalin Elizalde kolegioa Senperen 82 ikaslerekin (6 garren eta 5 garrenarekin). Aurten 4 garren mailako bi gela ideki ditugu eta kolegioko kopurua 49 ikaslez emendatu da, 131 ikasle baititugu Senperen. Justuki heldu den irailaren 21ean Kattalin Elizalde kolegioa inauguratuko dugu, eta zuen presentzia eskertuko genuke elgarrekin ospatu dezagun. Gisa berean, Irailaren 21ean ere, Euskal Herri osoko Ikastolen Sartze ekitaldia eginen dugu Senperen, bost urte guziz egiten dugun bezala. Hegoaldeko probintziak eta Iparraldean txandakatuz. Joan den ekainean 114. Ikastolen VII. batzarra egin genuen Iruñean eta ondoko hamarkadarako Euskal Herri mailako euskal irakaskuntzaren erronkak finkatu genituen bertan.

 

Bigarren lizeo bati buruz

Xifre onak beraz sartze huntan. Baina bereziki lizeoan dugu senditzen gorakadarik handiena. Orotara 536 ikasle dira Bernat Etxepare lizeoan, (iaz 471) : sail orokorrean 455 ikasle ditugu (+53) eta profesionalean 85 ikasle dira (+12) bi sailetan banaturik, Animazioa eta Merkataritza. Zinez, biziki berri ona da euskaraz bizi den lizeo bakarra gisa horretan garatu dadin, biharko herritar eta profesional euskaldunak Baionako Etxeparetik jalgiko direnak izanen baitira.

2017an ideki genuen Bernat Etxepare lizeo berria, eta 2019an handitu genuen. Baina kopuruak etengabe goiti ari dira eta iazko udan prefabrikatuak sartu behar izan genituen eta uda honetan berriz ere.

Bada kasik bi urte lantalde bat martxan dela Seaska mailan lizeoaren etorkizunari buruz gogoetatzeko. Gaur egun, sail orokorraz gain 2 sail profesional ditugu, eta sail teknologiko bat. Gure xedea sail teknologiko eta profesional gehiago eskaintzea da, kolegioa bukatzen duten ikasleek lanbide heziketako hautau ukan dezaten.

Baionan bertan handitze batzuk egin beharko ditugu. Baina jadanik bigarren lizeo bati buruz pentsatzen ari gara. Momentuz ez dakitu ez non, ez eta noiz, baina bigarren lizeo baten beharra argi dugu.

Image
senpereko kolegioa

Beskoitzeko ikastola

Aitzineko urteetan bezala, aurten ere Beskoitzeri so egonen gira. Uda honetan lehen bilkura bat egin dugu auzapez berria eta bere axuantekin, lehen kontaktu bat, eta egoera zinez lasaiago batean gira. Epe laburrean ikastolak bertan segituko du eta herriko kantinan ikastolako haurrak hartuko dituzte arazorik gabe. Etorkizunari buruz, aldiz, aterabidea elgarrekin atzemateko erregularki biduko gira. Bide luze eta neketsua izan da, baina azkenean, Euskal Herriko beste edozoin herriko etxerekin dugun elkarlan harreman normala plantan ezarri da. Sartze huntan 53 ikasle dira Beskoitzen, iaz baino 3 gehiago, eta urtean zehar 2 urteko beste bi haur gehituko zaizkie 55 ikasletarat heltzeko.

 

Hezkuntza

Sophie Layus

Ikasle kopuruak eta eraikuntzak euskararen garapenerako ezinbesteko onarriak badira ere, gure lanaren muina Hezkuntza da eta arlo horretanlan polita erematen ari gara Seaskan. Hizkuntza eta Hezkuntza dira Seaskaren bi zutabeak, bata bestea elgarri lotuak dira eta ikastoletan egiten dugun lanaren oinarri dira.

Gaur egun lehen eta bigarren mailako 70 irakasle baino gehiago formatzen ditugu urtero, lau urteko formakuntzan. Horretarako esperientzia handiko 5 irakasle formatzaile ditugu Seaskan, formakuntzan jotake ari direnak. Hasi berriak diren irakasleendako Hastapeneko formakuntza eskaintzeaz gain (asteazken guziz eta bakantza oro hemen berean Seaskako Kanboko egoitzan), formakuntza Jarraikia ere garatzen hasiak gara lehen mailan, eta ondoko urteetan bigarren mailan ere. Horretaz gain, jendarteko hainbat adituk eta ikastoletako hainbat irakaslek ere partehartzen dute formakuntzan, edo irakasle berrien zurkaizgoan. Interesik baduzue, formakuntzan burutzen dugun lan sakonari buruzko pundu bat egin genezake, ondoko asteetan.

Hezkuntzan irakasleek geroz eta ardura gehiago dutenez, irakasle eta familien laguntzeko zerbitzu bereziak eskaintzen ditugu ere Seaskatik, hala nola inklusio aholkularien bidez, psikologo talde baten bidez bai eta irakasle berezituen bidez ere. Seaskak pegagogi zerbitzu indartsua eskaintzen die ikastolei.

Hezkuntza, osotasun bat bezala ikusten dugulako  ikastoletako langileen formakuntza eta burasoena ere landu nahi dugu ikasturte honetan. Burasoak Hezkuntza komunitatearen partaide baigira Seaskan. Eta urtero Seaskako profesionalekin eta irakasleekin batera burasoek ere partehartzen dugu Seaskako Ikastolen Hezkuntza Kontseiluan.

Sartze honetan, pausa numerikoa aktualitateko gaia bilakatu da. Badu zenbait urte Seaskan gaiari lotu girela  ikasleak kolegiora heltzean mugikorrak kutxa batean utziz, Eztitxu Robles edo Piarres Larzabalen egiten duten bezala, edo urrunago joanez, Xalbadorren egiten duten bezala, burasoak 6.enean sartzen direnean engaiatzen dira 3.arte heien haurrari telefono mugikorrik ez erostea. Ikasleendako neurrri hau onuragarri izateaz gain, burasoendako ere biziki lagungarri da, erabaki kolektibo baten partaide izanik, anitzez errexagoa baita halako gaiak kudeatzea seme-alabekin. Funtsean, gaur egun mugarik gabeko ordenagailu bat baita haurren esku ezartzen dena eta ez telefono bat soilik.

Numerikoari buruz  hain justu, joan den urtean gogoeta bat eraman zen ikastoletan eta ponentzia bat bozkatu zen ekaineko Ikastolen Kontseiluan. Interesik baduzue, honen berri ere aipatzen ahalko dugu ikasturtean zehar.

Euskararen arloan ere lan interesgarria erematen ari gara azken urteetan. Burasoendako Euskara Xarta sortu eta berritu dugu. Eta neurgailuak ere sortu ditugu. Lehen maila bukaeran euskarazko ahozko froga bat pasarazten diegu ikasleei. Kolegioa bukaeran ere, hirugarrenean, euskarazko azterketa idatzi bat ere pasarazi genien ekainean lehen aldiz ikasleei UEUko adituen laguntzarekin, eta hiru sareetako euskara irakasleen laguntzaz, B2 mailakoa. Helburua euskaraz aritzeko erraztasuna neurtzea da, eta agertzen diren hutsuneak zuzentzeko neurriak hartzea, emaitzak hobetzeko. Honi buruz ere luzaz hitzegin genezake.

Azkenik, eta ez gehiago luzatzeko, ikastoletan ere kanpo espazioaren kudeaketan esperentzia batzuk eramaiten ari gara. Ikasle, irakasle, langile eta burasoen artean, kanpo espazioan euskaraz aritzeko, eta elkarbizitza sustatzeko programa sortu dugu. Ikastolan haur guziek eta bakoitzak bere tokia ukan dezan, eta jendartean gailentzen diren estereotipoek ez dezaten gaina hartu ikastola barnean ere (kirol batzuen nagusitasuna, hizkuntzen erabilera, neska mutiko jarrerak, eta abar). Lehen esperimentazio biziki interesgarria ereman ginuen Ortzaizeko ikastolan, eta geroztik hainbat ikastoletan ere garatu da kanpo espazioa kudeatzeko programa. Interesik baduzue gai hauen inguruan artikulu edo erreportaiak egiteko, kontaktuak emanen dizkizuegu ere.

Image
Argazkia Guillaume Fauveau

EEP eta Ministeritza

(Peio Jorajuria)

Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Hezkunde Minitzeritzarekin dugun akordioa 2022ko agorrilean bururatu zen. Geroztik Azterketen gaiarekin blokatua da hitzarmena, eta zer erranik ez, hainbeste ministro aldaketa izan denean, orain batere gabe gelditu arte. Hala ere bilkurak egin ditugu eta gure garapenari erantzuteko irakasle postuak lortu ditugu, lehen maila, kolegio eta lizeoan azken urteotan.

Ea gobernu berri bat osatzen den eta ikastolen garapena eta euskararena bermatuko duen hitzarmen berria adosten dugun. Gisa berean ikasturte huntan hizkuntza politika publikoak eskuratuko dituen ahalak ere zein diren so egin beharko dugu. Euskarak helburu berrien araberako politika publikoak behar baititu eta ez izoztutako ahalen araberako politikak.

sartzea 2024 - seaska