Aller au contenu principal

HERRI URRATS 2025

Soumis par editorea le mer, 2024/13/11 - 11:00

Herri Urrats pestaren 42garren edizioa aurkeztu zuten joan den azaroaren 5ean, Baionako Bil Txoko elkartearen egoitzan.

Hor ziren Mañu Erviti, Herri Urrats elkarteko ko-lehendakaria, Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria eta Koldo Rodriguez Akarregi, Herri Urratseko koordinatzailea.

Bakoitzak hitza hartu du, 2025 urteko Herri Urrats pestaren antolaketa prentsari aipatzeko.

 

SEASKAREN HITZA

Prentsaurreko hau prestatzeko bezperan heldu zaigu berria, Arberoako ikastolak su hartu duela! Zorionez gauez eta bakantzetan gertatu da eta kalte materialak besterik ez dira izan.

Kalte materialak bai, baina izugarriak izan dira. Bi ikasgela, irakasleen bulegoa, bilkura gela, atariko aterpea… 200m2 karratu baino gehiago kiskali dira. Eta asurantzako espertaren arabera den-dena botatzekoa da, zerotik berriz eraikitzeko. Kolpea izigarria da, oraindik ez dugu debisarik, baina ehundaka milaka euroren kostea ukanen du maleruski. Espero dugu asurantzak parte on bat hartuko duela, baina beste zati handi bat gure gain izanen da eraikuntzan, eta zer erranik ez barneko mahain, kadera, arbel edo bestelako material pedagogikoetan.

Sua izan eta biharamunetik, burasoak, irakasleak, langileak ederki atkibatu dira eta astebetez auzolanean, elgarrekin lanean aritu dira jo ta ke, salba zitekeena salbatuz, eta errea zena hustuz. Elkartasun adierazpen eta eskukolpe ugari jaso dituzte ere, beste ikastolenganik, eta zinez eskertzekoa da.

Bakantzen ondoren, atzo goizean, nola hala antolatu ziren irakasleak 57 ikasleak errezibitzeko. Ondoko egunetan, prefabrikatu batzuk alokatu beharko ditugu, erre den eraikuntza bota, eta berriz eraikitzeko denbora. Urte bat baino gehiagoko lan eta buruhaustea dugu aitzinetik. Zorionez auzoak bere pentzea prestatu digu, lanak egin bitartean alokairuzko prefabrikatuak ezartzeko.

Konprenitu duzuenez, 2025 urteko Herri Urrats, Arberoako ikastola laguntzeko ere izanen da. Ere diot, gure hastapeneko xedea Senpereko kolegioaren bigarren partea finantzatzea baitzen. 6 garren, 5 garren eta 4 garrenak errezibitu ondoan, heldu den irailean 3 garrenak ere errezibitu beharko dira. Hastapeneko 81 ikasleetarik, aurten 131 ikaslera pasa gara eta heldu den urtean 180 ikasle ingururat helduko baita. Bigarren fase bat izanen zela bageniekin, baina uste baino lehenago heldu da. Suaren ondoren, ea Herri Urrats elkartasunezko pindar bat bilakatzea lortzen dugun.

 

HERRI URRATSEN LOGO BERRIA

Aurtengo leloa “Elgarrekin” da, eta logotipoaren protagonista nagusia Erle Beltza. Bi elementuak elkarturik, indar handia hartzen dute bai leloak zein irudiak.

Elgarrekin, denok batera egiten dugulako Herri urrats, eta hala ez balitz ezinezkoa litzatekelako  Iparraldeko auzolan handiena aurrera eramatea. Elgarrekin, iparra eta hego herri bat irudikatuz. Elgarrekin, Seaska eta jendartea ikastolak eraikitzen eta mantentzen. Elgarrekin, euskara hauspotuz. Egungo jendarte indibidualistari aurre eginez, elgarrekin egitearen eta elgarrekin egotearen aldeko apustua egiten dugulako.

20.000 erle espezie omen daude munduan, eta horien artean gure-gurea dugu Erle Beltza. Erleek elkarrekin egiten dute lan eta komunitatean bizi dira; hori dela-eta, oso ondo irudikatzen du leloarekin esan nahi duguna. Erleak berebiziko garrantzia du ekosisteman; esan ohi da erleak desagertuko balira, munduak lau urte gehiago baino ez lukeela iraungo. Gure komunitatearekin berdin gertatzen da: Seaskako komunitatea behar beharrezkoa da euskarak bizirik iraun dezan Iparraldean, bai eta euskalduntzearekin jarraitzeko ere.

 

KANTU BERRIA

Azken urteetan Herri Urratseko abestiak sekulako garrantzia hartu du, eta horren jakitun indar berezia jarri dugu aurten ere.

2025eko kantua Aguraingo DUPLA taldeak egingo du.

Duplaren iparraldeko lehen kontzertua Herri Urratsen izan zen , eta ordutik ia ia iparralde osoko besta eta jaialdietan egon izan dira. Abestia egiteko proposamena mahai gainean jarri genienean ez zuten inolako dudarik izan. Jada hasiak daude abestia eta bideoklipa prestatzen. Prestaketa lanetarako lan saioa egin dute lizeoko ikasleekin, Seaskaren sortzaileekin eta Herri Urratseko antolakuntza taldearekin, eta bertan jasotako bizipen eta ideietatik abiatuta sorkuntza lanari ekin diote.

Abestia eta bideoklipa martxoaren hasieran aurkeztuko ditugu.