Aller au contenu principal

"ZUBIAK ERAIKIZ" PROIEKTUA

Soumis par editorea le

2016an ekin zion bere bideari Zubiak Eraikiz Hitzarmenak. Urruña, Biriatu, Hendaia, Ziburu eta Orereta Ikastolek sinatu zuten orduan. Orain Hendaiako Gure Ikastolak, Ziburuko Kaskaroteneak eta Piarres Larzabal kolegioak, Biriatuko Ikastolak, Berako Labiaga Ikastolak, Lesakako Tantirumairuk, Elizondoko Baztan Ikastolak eta Orereta-Oiartzo Ikastolek berritu dute. Mugaz gaindiko Euroeskualdea erakundearen dirulaguntza izan du proiektuak azken bi ikasturteetan berritze eta indartze prozesu honetan.

Hiru administrazio eremutan banatuta badaude ere, horrez gaindi, nazionala da Ikastolen proiektua eta elkarrekin eta elkarlanean egiten dute lan. Zubiak Eraikiz ekimena horren adibide da. Muga administratiboez gaindi, Ikastolen, irakasleen zein ikasle eta familien arteko harremanak sortu eta indartzea; elkarrengandik hain kilometro gutxira egonik, batzuen zein besteen errealitatea ezagutzea; nazio ikuspegia lantzea euskara izanik denentzako hizkuntza komuna; eta beharrik handiena duten Euskal Herriko Ikastolei sustengua eskaintzea ditu xede, besteak beste, 2016an Iparraldeko eta Gipuzkoako bost Ikastolak abiatu eta orain Iparraldeko, Nafarroako eta Gipuzkoako zortzik berritu duten hitzarmenak. Eguneroko jardunetik administrazio eremurik gabeko Euskal Herria eraikitzeko Ikastolen proiektua da Zubiak Eraikiz. Historia, jatorri, tamaina, ezaugarri, errealitate, komunitate… anitzetako hainbat Ikastola desberdin; muga administratiboez gaindi Euskal Herria eraiki nahi duten hainbat Ikastola berdin.

Nondik dator Zubiak Eraikiz?

  • Lehen bi urteetan elkar ezagutzeari garrantzi berezia eman zitzaion: ikasleen arteko eskutitz trukeak eta aurrez aurreko topaketak, herriko festetako Ikastolen txosnetako gurasoen lantaldeen elkartrukeak…

  • 2018an hitzarmenaren lehen balorazioa egin eta aurrera egitea erabaki zen, lan ildoak finkatuta eta lan-baldintza egokiak zeudela iritzita. Ikasturte hartan, Euskaraldiaren lehen edizioarekin bat eginez, bost Ikastoletako 1300 ikasle elkartu ziren “Izan kantuz” ekimenean Orereta-Errenterian.

  • 2019-2020 ikasturtean beste Ikastola batzuetara zabaltzen hastea aproposa zela iritzi bazen ere, COVID19ak Zubiak Eraikiz proiektua ere lausotu zuen. 2021-2022 ikasturtean hasi zen gehiago saretzen eta berriz ere aurreko lan-jardun eta dinamikara itzultzen.

  • 2023-24 ikasturtean Euroeskualdearen Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa programako dirulaguntza heldu zen, proiektua sendotzen eta hauspotzen lagundu duena gaur egunera arte.

Nora doa Zubiak Eraikiz?

  • Hitzarmenaren berrespenarekin batera, proiektua pausatu, egonkortu nahi da. 

  • Balioen transmisioa sendotu, harremanak sustatu, eta iraunkortu nahi dira. Belaunaldi berriekin, etenik gabeko bidean aurrera egin.

  • Elkartasunez sarea elikatu. Euskaldunoi ezarritako trabei zein oldarraldiei batera ekin nahi zaie; batzen gaituenaren kontzientzia ikasleengan piztuz, salatuz, eraginez.

  • Berrikuntza pedagogikoa partekatu nahi da. Hezkuntza metodologia berritzaileak partekatzeko garaia da, irakasle taldeen pedagogia markoak eraikiz.

  • Hedapena bultzatu nahi da. Proiektuaren muga administratiboen alde banatan daudenen artean hitzarmena ezagutzera eman; sare berriak eraikiz, sendotuz, eta Ikastola berriak bidean gehitzeko urratsak emanez, bat eginez.

Bidasoa ibaiaren gainean zubiak eraikiz

Gaur gaurkoz, Zubiak Eraikiz proiektuan parte hartzen duten Ikastolak Bidasoa ibaiak lotzen ditu. Ibaia baino zerbait gehiago da Bidasoa Ikastola parte-hartzaileentzako: “ura bere bidean” da. Lasaitasuna, sosegua, mugimendua, bizia, lotura da. Ur emari txikitik ibai ederrak sortuz, goxo eta etenik gabe bi bazter batuz, bizia sortuz, uzta ekarriz, bere bidea aldarrikatuz eta eginez, iturburu eta ibai denek itsasoan bat eginez. Ura bere bidean; eta Ikastolak beren bidean. Zubiak Eraikiz. Proiektu bizia da Zubiak Eraikiz eta errekastoetako ur emariak lotuz Bidasoa eta Ebro hurbiltzea du helburu, bai baitira muga administratiboz gaindiko harremanak dituzten beste Ikastola asko, haiek ere beren bidea egiten.

 

Zubiak Eraikiz euskara, herria, Ikastola da

  • Sophie Layus (Seaska lehendakaritza): “Zubiak Eraikiz euskara da. Euskaraz eta euskal kulturatik eraikitzen dituzte ikasleek harremanak. Ikasleak euskaraz aritzeko gune erosoak sortzen ditu Zubiak Eraikiz proiektuak, izan ere Ikastoletako arnasgunea beste eremu batzuetarat eramaten du egitasmo honek, harremanen, kulturaren, ludikotasunaren eremurat. 

  • Oier Sanjurjo (NIE lehendakaria): “Zubiak Eraikiz herria da. Euskal Herriko lurralde desberdinetako ikasleak elkarrekin elkarrekintzan jartzen ditu egitasmo honek. Herriak eta horien errealitateak ezagutzeko aukera ematen die. Ikastolen proiektua Euskal Herriaren luze zabalean dago errotuta, eta horri esker, muga administratiboak gainditu eta halako proiektuak gauzatzeko aukera ematen digu.

  • Nekane Artola (EHI lehendakaria): “Zubiak Eraikiz Ikastola da. Hezkuntza proiektua garatzeko dugun autonomia da gure indarguneetako bat. Ez dauzkagu administrazioak izan ditzakeen kateak eta horrek bestela eman ezin diren urratsak emateko bidea zabaltzen digu. Saretuta gaude eta horrek eredu oso bat eraikitzeko aukera ematen digu. Ikastola bakoitza autonomoa izanik sare oso baten parte da eta horrek Zubiak Eraikiz bezalako egitasmoak hedatu eta sare osoan eragiteko aukera ematen du. Zubiak Eraikiz egitasmoak ikastola-ereduaren balore eta xedeak barnebiltzen ditu.

Ikastolen egiteko nagusia ikasleek euskaraz ikasi eta bizitzeko behar dituzten baliabideak eta espazioak eskura jartzea da. Besteak beste, beren ikasle ibilbidea baldintza linguistiko duinetan egin dezaten eta euskaraz bizitzeko hautua har dezaten. 

Zoritxarrez baina, dena ez da urre. Izan ere, euskaraz ikasteko eskubidea zapuztua baita Iparraldeko ikasleei azterketak euskaraz egitea debekatzen dietelako. Kilometro gutxira dituzten ikaskideek izan badute horretarako eskubidea; Bidasoaz bestalde ere dena ez den arren urre. Baxoa azterketen bezperetan, hemen gauden guztiok aldarrikatu nahi dugu Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egiteko eskubidea!”

Gure komunitatea herritarrok josten dugu (ikasle, langile eta familiek) eta herriarekin konprometituak gaudelako inplikatzen gara Zubiak Eraikiz bezalako proiektuetan: gure ikasleentzat Euskal Herri euskaldun eta justuagoa desio dugulako. Etorkizunaren eraikuntzan ikasleak ere parte aktibo izan daitezen nahi dugulako jarraituko dugu Lapurdi, Gipuzkoa, Nafarroa, Xiberoa, Bizkaia, Behe Nafarroa eta Arabaren arteko zubiak eraikitzen.” 

Sanjurjok bere ikasle garaiko tankera honetako harremanak ere aipatu ditu, esperientzia propio aberasgarriak. Lizarrako Ikastolako ikasle zenean Euskal Herriko beste Ikastola batzuetako haurrekin zituen harremanak, eta horrek, besteak beste, nola bistaratu zizkion Euskal Herriko errealitate linguistiko zoritxarrez ezberdinak, bere kasuan, Nafarroako zonfikazioa pairatu behar izatetik. 

Zubiak Eraikiz Ikastolak zergatik eta zertarako da.”