Aller au contenu principal

EUSKARALDIA

Soumis par admin le mer, 2020/07/10 - 11:03

Aurten bigarrengoz ospatuko da hizkuntza ohiturak aldarazi nahi dituen Euskaraldia. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra Euskal Herri osoan iraganen da euskararen erabilera sustatzea xede duen ariketa. Ipar Euskal Herrian animatzaile lanetan ari den Xan Aire urepeldarra Kaztea.eus webguneko Mikel Irastorza Artola kazetariarekin mintzatu da hiru herrialdeetako desafioak partekatzeko.

Xan Aire: “Euskararen erabilera mundu oso bati irekitzea da”

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” lemapean heldu da Euskaraldiaren kanpaina. Zein dira bigarren edizio honetako erronka nagusiak?

Xan Aire: Lehen helburu nagusia da ariketa bera hobeki ulertzea. Adibidez, Belarriprest figura ez zen ontsa ulertu duela bi urte. Uste izan zen Belarriprest zela euskara kiskun-kaskun ulertzen zuen jendea. Baina gero berriz aztertuz gero, Euskaraldia segitzen duten adituek gauzak argitu dituzte. Agertzen da, hasteko, Iparraldean euskal hiztun baten portaera ohikoena Belarriprestarena dela, baditugulako gure usaiak. Erran nahi du gure norma hiztun gisa Belarriprest izaitea dela. Hori dugu lehen erronka, hori ulertaraztea. Belarriprest girela urtean zehar eta behar dugula hautu bat egin hamabost egunendako.

Egoiten gira Belarriprest gisa baina hala ere gure burua identifikatuz txapa batekin jendea gomitatuz gurekin hartzea euskaraz edo hautatzen dugu ‘bide bat hautatuko dut hamabost egunez: lehen hitza euskaraz eginen dut nonahi eta edonorekin. Ene ingurukoekin harremanak frantsesez baldin baditut aldatuko ditut, erantzungailua euskaraz izanen dut... Hor Ahobizi naiz’. Hori hobeki ulertarazi nahi dugu, hobeki posizionatzeko hamabost egunez zer engaiamendu maila hartzen dutan Belarriprest edo Ahobizi gisa.

Bigarren helburua da gure hizkuntza praktikak aldatuz bezala egonkortzea. Hori ez da hamabost egunez egiten. Horretarako Euskaraldia ez da bakarrik txapa istorio bat, baizik eta galdezkatzen du gure estrukturek, hizkuntza politikek nola erantzuten ahal duten hobeki erabilpenaren gaiari.

Aurtengo berrikuntzetako bat ‘Ariguneak’ izanen dira. Azaltzen ahal duzu zer diren gune horiek?

Hori da alde batetik aurtengo berrikuntza, Arigune kontzeptua. Pertsonez gain tokiak identifikatzea, toki anitzak. Ikusteko non aritzen ahal giren euskaraz. Herriz herri eta eskualdez eskualde non diren Ariguneak, beren okindegiak, ostatuak, farmaziak, medikuak, herriko etxeak ere galdezkatuz ea permititzen duten euskarazko harrera bat. Eta ere ikusi nola egiten ahal dugun urrunago joaiteko, Arigune gehiago sortzeko eta nola Euskaraldian ari giren lankidetza batean EEP eta Euskal Elkargoarekin, horien hizkuntza politikek ere hurbiltasun gehiago ukan dezaten hiztunen beharrei.

Ariguneen lanketa horrek permititzen du usaian euskararen biziberritzean edo euskararen militantziaren inguruan ikusten ez den jende bat hunkitzea. Arigune izaitea sinple da. ‘Baduzu jende bat harrera egiten ahal duena euskaraz? Bai’. Beraz, Ahobizi edo Belarriprest izaiteko prest baldin bada hori gune bat da. Aniztasunari buruz bidea irekitzen du.

Arigune horiek mapa batzuetara ekarriko ditugu telefonoko aplikazioan edo web gunean, eta ikusiko dugu ere errealitatea zertan den. Zein tokitan hartzen ahal den euskaraz. Ikusiko dugu Baiona batean zertan giren, Baigorri batean, eta errealitate horiek kontuan hartuz nola egiten dugun aitzina euskararen erabileraren gaiarekin.

Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Elkargoarekin lankidetzan ari zarete. Zer ondorio ditu sortu lortu duzuen hitzarmenak?

Lehen ediziotik ere planteatu zen lankidetza hori, baina dena berria zenez, izan zen hastapen bat elkarrekin ikusteko konexioak non ziren. Aurten segida bat emana zaio, erran nahi baita urtarriletik ari girela instituzioekin lanean, konkretuki teknikariekin ere, bakoitza gure terrenoa hobeki aztertuz eta ikusteko lanak nola banatzen ahal ditugun. Euskaraldian ez da dena herritarren gain, ez dute herritarrek bakarrik aldatuko panorama. Hori segur da, baina herritarrik gabe ere nekez aldatuko da. Bi aldetara doa.

Lankidetza batzorde horretan gira Euskaraldiko teknikariak, Euskal Konfederazioa, Euskal Elkargoa eta Euskararen Erakunde Publikoa. Hor da ikustea erregularki terrenoan zer korapilo dugun eta elkarrekin askatzen ditugun. Nahi ditugu hobeki ikusi herritarrentzat trabak non diren. Hor ari gira herritarrei galdegiten ere ‘zure egunerokotasunean non dituzu euskara erabiltzeko trabak?’. Eta hortik hobeki bideratu Euskaraldia ere.

Erakunde horiek urrats praktikoekin engaiatuko dira?

Bada bakoitzak bere eremuan eragitea. Erran nahi du Euskal Konfederazioko aktoreek beren egituretan zer egiten ahal duten. Baita ere euskararen erabileraren gaia agenda politikoan sartzea. Euskal Elkargoak eta EEPk eman dute dirutza bat Euskaraldia gauzatzeko gisan aurtengo, baina horrez gain, hau lankidetza bat denez, Elkargoa adibidez ari da lanketa espezifiko bat eramaiten bai bere egituretan bai bere partaideekin. Konkretuki sistematikoki gutun batzuk igorriak dira herriko etxeetara Arigune izan daitezen. Gero ere ari dira beren egiturako agenteekin formakuntzak proposatuz Ahobizi edo Belarriprest izaiteko lanean. EEPk ere baditu partaide biziki interesgarriak, ospitale, enpresa edo eskola sarea. Azkenean bakoitzak bere konpetentzien arabera lantzen du Euskaraldia eta erabileraren gaia.

Herri batzordeak ere antolatzen hasiak dira herrietan. Zer rol betetzen dute talde hauek?

Herritar batzordeak biziki inportanteak dira motore baitira beren herrian edo eskualdean gauzak mugiarazteko. Ikusten ari gira badela uste baino aniztasun gehiago batzorde horietan: belaunaldiak nahasiak dira, gazte gehiago ikusten da, emazte anitz, eta nahiz eta kontestua bereziki erraza ez izan besteekin harremantzeko, bada borondate bat erranez ‘joanen gira tokietara Arigune izan daitezen’ eta ere ‘joanen gira usaia ez dugun gauzen antolatzera’.

Orain arte sortzen ditugu espazio batzuk euskaraz bizitzeko. Tendentzia naturala da eta Euskaraldiaren karietara horrelakoak antolatuko dira. Hori inportantea da, espazio horiek atxikitzea. Baina noizbait behar dugu ere gure problematikei konfrontatu. Horretan diegu pausatzen galdera: ‘zein egoeratan trabatuak gira euskara erabiltzeko?’. Arlo ezberdinetan galdezkatzen ditugu dituzten trabez, ditugun usaiez. Nahi dugu aldatu edo ez? Galdezkatzen ditugu ere gure hizkuntza politikek zer behar luketen eskaini gu molde erosoan hartzeko euskaraz. Holako galderak pausatzen ditugu gero hemendik azarora antola ditzaten gisa horretako gogoetak, formakuntzak, tailerrak eta ekintzak.

Horretan dira herri batzordeak. Motore lana eta euskararen erabileraren problematik bere gain hartzen. Eta hori tratatuz herri edo eskualde mailan. Maila lokal hori biziki inportantea da.

Herritarren aktibazioa da Euskaraldiaren ardatz nagusia. ‘Ahobizi’ eta ‘Belarriprest’ txapa eskuratu eta ekimenean parte hartzeko izen-ematea hasia da jada. Zer mezu luzatuko zenieke herritarrei?

Orai hasten da eta izena emaiten ahal da bide ezberdinetatik: Euskaraldiaren web gunean konektatuz, telefonorako aplikazio bidez eta gero, horretan dute herri batzordeek garrantzia. Horretan da eskertzen beren baitako aniztasuna, horrek permititzen baitu zirkulu ezberdinak hunkitzea jendearengana joateko Ahobizi edo Belarriprest gisa izena emaiteko.

Lan talde teknikotik ari gira untsa esplikatzen zer den Ahobizi eta zer Belarriprest, eta baita material erraz bat herri batzordeen eskura ezartzen ere. Ariketa ez baita faltsutu behar eta behar da kualitatiboki hein bat lortu aurten, segida bat eman eta gauza honi zentzu bat emaiteko.

Azaroaren 17ra arte bada izena emateko epea. Txapak azken mementoan eskuratuko dira, nahi baitira gorde zinez hamabost eguneko ariketarentzat. Beraz, aste bat lehenago banatuko dira. Anartean ekoiztu ditugu Ahobizi eta Belarriprest pegatina batzuk jendeak nahi badu edozein lekutan trebatu.

Euskararen ezagutza apala da Ipar Euskal Herrian, eta are apalagoa erabilera. Euskaraldiaz harago, pentsaturik duzue euskaraz aritzeko espazioak hedatzeko eta hizkuntz ohiturak aldatzeko segidarekin?

Egia da Euskaraldia abenduaren 4an bukatuko dela eta ene ustez, edizio honetan urrats kualitatibo bat behar genuke eman. Erran nahi du ariketa ontsa ulertua izaitea eta gure zailtasunez kontziente girela agerian uztea, ariketa horrek ez duela dena konpontzen argi uzteko. Eta galdera mahai gainean pausatu: eta orain zer? Jadanik pausatua diegu instituzioei, zer eginen ote dugun 2021ean honi segida bat emaiteko. Galdera pausatua da argiki eta herri batzordeei ere pausatuko diegu.

Euskararen erabilera xede duen ekimen batean zer leku dute erdaldunek?

Ikusten ari gira herri batzordeetan zinez kezka handia dela erdaldunak nola kokatzen ditugunari buruz. Herri ttipi eta euskaldunetan bada beldur hori erdaldunak bazterrean uzteko. Aurten landu dugu erdaldunei esplikatzeko diskurtso bat erranez behar dela euskara egunerokoan ezagutu Belarriprest edo Ahobizi izaiteko. Baina aldi berean azpimarratzeko ere historian zehar erdaldunek aunitz ekarri dutela, adibidez, ikastolen historian buraso erdaldunen kasuan.

Horiek ere badutela beren portaeretan eta jarreretan aldaketa sinple batzuk ekartzeko. Euskaraldia bera babestu, ohartuz zer zaila izaten ahal den euskara erabiltzea egunerokoan eta norbaitek ‘egun on’ bat erraten diolarik erdaldun bati, ez dela agresio bat, baizik eta ongi etorri bat.

Diskurtso mailan badugu jauzi kualitatibo bat egiteko: euskararen erabilera ez da baztertzailea, mundu bati atea irekitzea da eta mundu hau aspalditik finkatua da hemen. Guk behar dugu euskaldunok finkatu postura bat erdaldunari ongi etorria egiteko eta jabetzeko ez duela deus galduko euskararen munduarekin, baizik eta dena duela irabazteko. Inportantea baita ikustea badela bizi bat euskaraz, badela euskal kultura bat euskaraz bizi dena eta eguneroko bizian posible dela euskarak toki garrantzitsua ukaitea.

 

Hamaikakoa_kartela_web.jpg