Ziburuko ikastolak Feldenkrais metodoa deskubritzeko ikastaldia antolatzen du. 2018ko martxoaren 17an iraganen da, larunbatarekin, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan.
Sens & Mouvement elkarteko Laura Beurdeley formatzaileak eramanen du saioa eta Pantxika Telleriak euskarazko itzulpena segurtatuko du.
Zer ote da Feldenkrais metodoa ?
Feldenkrais™ metodoak heziketa somatikoa lantzen du, eta mugimenduaren esplorazioa eta sentsazioa ditu oinarri.
Adin eta trenpu guztietako jendeak gomitatzen ditu plazer, aisetasun eta arintasun handiz mugitzera.
Klasean zehar, irakasleak (gehienetan) lurrean egiteko mugimenduak ahoz deskribatzen ditu, eta keinu fin eta gure buruarekiko errespetuzkoen bidez gure ahalbideak deskubritzen ditugu.
Haur bat jostatzen den gisan, gure ikasteko gaitasuna pizten dugu gure koordinazioak finduz, eta gure keinuen kalitatea eta eraginkortasuna hobetuz, beti ere gure ingurunearekin bat eginez.
Laura Beudeley, Feldenkrais™ metodoaren irakaslea da. Lapurdi kostaldean irakasten du Sens&Mouvement elkartearen baitan duela 10 urtez geroztik.
Ziburuko ikastolaren aldeko proposamen hau, 2017an martxan ezarri duen ‘Topaketak’ izeneko proiektuan kokatua da ; izan ere, topaketa hauetan Feldenkrais™ metodoa eta euskara elkartzeko asmoa marraztu du. Horretarako, mugimenduaren ofiziokoak diren Pantxika Telleria (EliralE konpaniaren koregrafoa) eta Kattalin Etcheberry (psikomotrizitatean aditua, Seaska) gomitatu ditu proiektuan parte hartzera.
Metodoari egokituriko terminologia ikertu ondoren, bi lagun hauek ikastaldia euskaraz burutzeko parada emanen dute, irakaslearen deskribapen eta esplikazioen itzulpena eskainiz.
Deneri idekia
Prezioa: 25 euro
Izen-emateak: haizpea@gmail.com / +33 (0)631 38 05 36
Xehetasun gehiago