2024 kanpaina: “Inklusioa, eperik gabe!”
Integrazio Batzordearen 2024ko kanpaina martxoan abiatuko da. Aurtengo helburua, 116.000 euro biltzea da, Seaska federazioko eskoletan, elbarritasun egoeran diren haurren inklusioa laguntzeko. Gero eta handiagoak diren beharrei erantzuteko baliatuko dugu diru hori.
“Inklusioa, eperik gabe!” da aurtengo lema, izan ere 2022 urtetik goiti galderen tratamenduaren luzatze bat ikusi dugu MDPHarengandik. Alta, elbarritasun egoera batean diren haurren eskolaratzeak, beren behar guziei denborarik galdu gabe erantzutea eskatzen du.
Integrazio Batzordearen kanpaina 2024ko martxoaren 23an abiatuko da, Partaide Egunarekin batera. Egun horretan, bere lana eta dituen erronkak azaltzeko, informazio mahainak eta laguntza deialdiak antolatu ditu, Ipar Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan. Gainera, hainbat ekimen izanen dira dirua biltzeko:
- Martxoaren 17an, Jantzi Hustea, Lakarran
- Martxoaren 17an, Itsas Laminen Korrika, Angelun
- Apirilaren 7an, Neska Korrika, Azkainen
Administrazioa, legezko epeengandik urruntzen da gure haurren beharrer erantzuteko
2022 urte bukaeratik, okertzen bat ikusten da MDPHarengandik, txostenen tratamenduaren epeei dagokienez. Mementoan, kontatu behar da 10/11 hilabete galdera bat tratatua izaiteko Ipar Euskal Herrian. Jakin behar da MDPHaren tratamendurako epe legala lau hilabetekoa dela.
Egoera horrek iturburu anitz izan ditzake.
MDPHaren eremua, departamendua da. Departamendu bakoitzak diruztatzen du bere MDPHa. Gure departamendua, aski handia da, normalki txostenak Pauen tratatuak izan behar dira. Hemen, badugu MDPHaren adar bat Baionan.
Ipar Euskal Herriko txostenak, Xiberokoak salbu, Baionan tratatzen dituzte. Iduriz, txostenak fiteago tratatuak dira Pauen, Baionan baino.
Zendako :
- Langile eskasa ?
- Txosten kopuru handiegia, gero eta galde gehiago baita,
- Buxeta arazoak.
Departamenduak du erabakitzen zenbat medio, zenbat langile eta diru emaiten duen bere MDPHari.
Konparatzeko, ondoko departamenduan, Landesetan, eskaerak lau hilabetez tratatzen dituzte.
« Mon Parcours Handicap » webgunean, frantses gobernuak 3,9 hilabete batazbestekoa aipatzen du, MDPH galdera tratatzeko. Hemen Esukal Herrian epe hortaz urrun gira.
Dena den, egoera hori bortitza da. Lehenik, ahalmen urritasun egoeran diren haurrentzat eta haien familientzat.
Onartze urrats batean dira. Aterabideak xerkatzen dituzte, bereziki eskola baldintza ahal bezain egokietan segitu ahal izateko. Konkretuki, erran nahi du, ikasleak kasik urte bat pasatuko duela behar duen AESHrik, edo giza-laguntzarik gabe.
Lan taldeentzat, irakasleentzat, ere bortitza da jakitea haien ikaslearen eskolatze ibilbidearen egokitzapena mugatua dela itxaronaldi egoera horren gatik.
Hezkunde nazionalaren diruztatze lausoa
Txosten eta MDPHarekiko hartu-eman epe luze hori pasatu eta, MDPHaren notifikazio bat ukan eta, giza-laguntza batentzat adibidez, familia ez da segur bere haurra lagundua izanen denik.
Urriaz geroztik, Hezkunde nazionalaren buxeta agortua da. Nahiz eta AE SHak enplegatzeaz arduratzen den, buxeta hori kudeatzen duen tokiko erakundeak, PIALak (Pole inclusif d’accompagnement localisé), ez du Hezkunde Nazionaletik etortzen den diru laguntzaren aurreikuspenik.
Mementoan, hiru notifikazio berri etorri dira SEASKAra. Hiru ikaslek laguntzaile bat behar dute. Administratiboki, dretxo dute bainan buxetarik ez da. Beharrik, hiru ikasle horiek ber ikastolan diren. IBk du postu hori diruztatuko.
Jada, sartzetik goiti IBk Etxepare lizeoan laguntzaile postu bat diruztatzen du.
Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan eta katolikoetan, giza-laguntzaren bataz bestekoa AESH 1/5 ikaslerentzat da. Seaskan, AESH 1/3 ikaslerentzat da. Hori lortzen dugu, IB inklusioan diren ikasle guzien baldintzetaz arduratzen delako eta diruztapena lortzearen betebeharra bere egin duelako, Hezkunde Nazionalak huts egiten duenean. Laguntzaile bat ukaitea xantza bat bilakatzen da, nahiz eta funtsezko eskubide bat den.
Integrazio Batzordea zenbakitan
- 158 haur dira inklusio programa batean
- 3 dira Integrazio Batzordearekin kontratupean diren AESHak
- 5 IEP gela (Inklusiorako egitura pedagogikoa), seaskako 5 kolegioetan.
Integrazio Batzordearen ekinbidea
1999Ko udan sortua, Integrazio Batzordea Lapurdiko, Baxe Nafarroko eta Xiberuko ikastoletan eskolatuak diren ahalmen urritasun egoeran diren haurren gurasoen eta lagunen elkartea da. Seaska ikastolen federazioaren adar bat da, eta bertan ikastola guziak errepresentatuak dira, helburu bakar batekin: desberdintasuna integratzen duen eskola bat izatea. Desberdintasuna integratu nahi duen eskola batentzat, eta elgarrekin gizarte inklusiboago bat, irekiago bat eraikitzeko egiten du lan Integrazio Batzordeak.
Eskola inklusiboa : zer da ?
- Eskola bat non haur bakoitzaren hezkuntza beharrak (ahalmen urritasunean izan ala ez) kondutan hartuak diren.
- Eskola bat non irakaskuntza ikasle bakoitzari egokitua den, erritmo, maila eta gaitasunen arteko ezberdintasunak eta ikasteko zailtasunak kondutan hartuz.
- Eskola bat non ahalak emanak diren haur bakoitzaren proiektua bultzatzeko bere indar eta dohainak garatuz.
- Eskola bat nun kidetasun sentimendua garatzen den, haurra gizarte eta heldu biziari prestatuz.
MDPH-aren papera (maison départementale des personnes handicapées)
2005eko legeak erabaki du MDPH bat sortzea departamendu bakoitzan. MDPHak ahalmen urritasun egoeran diren pertsonak eta haien familiak laguntzen ditu. Informatzen ditu haien eskubideetaz. Haien segipenaz eta inklusioaz gizartean arduratzen da.
PIAL-aren (Pôle inclusif d’accompagnement localisé)
PIAL bat lekuko erakunde bat da. Inklusioan diren ikasleer egokituak diren laguntza baliabideak kudeatzen ditu. Laguntza horiek, MDPH notifikazio bat duten ikasleer banatzen dituzte.
Laguntzailearen papera
Laguntzaile berezitu (AESH) batek haur bakoitzaren behar bereziei erantzun diezake ; hori da baliabideetarik bat. Pertsona horrek gaitasun bereziak erakutsi beharko ditu : onginahia, enpatia, sustengua, egokitzapena ikaslearen laguntzeko ; entzun beharko du eta berarekin mintzatu beharko da. Horrela baizik baita aitzinatuko ahalmen urritasun egoeran den haurra, bai bere ikasketetan, bai eta besteekin ukanen dituen harremanetan ere.