Aller au contenu principal

BAXOA EUSKARAZ!

Soumis par editorea le
Ikasleen hitz hartzea
Euskara da bide bakarra.

Urte luzaz entzun gaituzue Etxepareko ikasleei Baxoa euskaraz pasatzearen gogoaz, nahiaz eta beharraz. Urteak joan dira eta oraino ikasleok ez dugu baxoko froga bakar bat ere euskaraz egiteko eskubiderik.

Gure argudioak aski ezagunak eta partekatuak dira Euskal Herrian: euskaraz ikasten dugu eta euskaraz pasa nahi ditugu azterketak.

Aurten, Bordalen eta baita Pariseko asanbladan salatzeko aukera izan dugun bezala, beste gibelatze bat inposatu nahi digute gure hizkuntza eskubidea oraino gehiago urratuz: matematikako baxoa lehen euskaraz paza zitekeena, frantsesez egitera behartu nahi gaituzte orain.

Aski da! Ez dugu beste injustizia berri hau onartuko. Hemen bildu bazaituztegu erabaki baten berri emateko da:

Gaur, Baionan, 2026ko maiatzaren 5ean, ozenki adierazten dugu Etxepareko ikasleok Leheneko matematikako baxoa euskara hutsez erantzungo dugula.

Erabaki honek suposatzen duenaren jakitun gara.

Horregatik ikasleen artean ezinen dute denek bururaino joan, baina jakin ezazue Etxepareko ikasleok batera hartu dugun erabakia dela, eta erabaki kolektibo bat den heinean ikasle guztion sostengua dugula.

Horrez gain, Etxepare lizeoko komunitate osoaren, hau da, guraso, irakasle eta langileen babesa dugu.

Desobedientziaren bidea ez da berria: brebeta euskaraz lortzeko erabili izan da eta baxoaren kasuan Etxepareko 40 ikasleek 2021ean bide hau erabili zuten jada filosofiako proba euskaraz erantzunez.

Galtzen den borroka uzten den borroka dela entzun izan dugu. Belaunaldiz belaunaldi iritsi zaigu guri lekuko hau, eta guk arduraz eta harrotasunez heldu diogu. Eta argiki erraten dugu ez diogula lekuko hori heldu den belaunaldiari pasatu nahi. Azterketa ofizial guztiak euskaraz lortuko ditugu hemen eta orain!

Etsituta nahi gaituzte baina geroz eta motibatuagoak gaude, indarrez eta burua argi.

Momentu hau baliatu nahi dugu euskal gizarteari mugimendu hau babestu dezan eskatzeko. Hasteko, igande honetan bertan Herri urratsen eta, ondorengo egunetan, egonen diren mobilizazioak babestuz.

Euskara da bide bakarra!

Hemen eta orain baxoa euskaraz!