Egun Bat Ama Ikastolan egitasmoaren xede nagusia haurra euskaraz loratzen laguntzea da. Afixa ludiko batean oinarriturik, haurra bere egunerokotasunean segitzen ahalko duzue buraso gisa, zuen laguntza hobeki zedarrituz eta iraunaraziz. Hiztegia aberastea izan daiteke urrats konkretu bat, besteak beste. Horra azpian euskara aberasteko baliabide gehiago ! KLIKATU IRUDIETAN !
MARRAZKIAK - © CLEMENCE ITSSAGA
Hiztegi ttipiak, hitz berriak arloka barneratzeko
AEK, euskaraz alfabetatzeko eta hobetzeko, mintzapraktiketan elkartzeko
Hiztegia baino haratago, jakin, buraso gisa, haurraren motibazio-iturririk garrantzitsuenetarikoak zaretela: transmisioa eta afektibitatea lotzen dituzue. Haurrak euskaraz zuekin biziko duenak, bizi-espazio desberdinetan, beste dimentsio bat hartuko du berebaitan.
IKASTOLAN
Ikastolak euskarazko oxigeno-burbuila izan nahi du (gehienetan eremu erdaldunean finkatua), ikasgelatik aire-hartzeko eremura, haurra euskaraz aberastuz arlo desberdinetan.
Ikastolako eremuan euskaraz eginez, talde profesionalaren lana errespetatzeaz gain, zuen haurraren euskarazko eraikuntzan funtsezkoa den espazioa ere bermatzen duzue, bertan zuek ere erreferente izanez ikasle guzientzat. Ikastolako elkarte-bizitzan ere euskaraz parte-hartuz. Azkenik, Ikastola eta etxearen arteko zubiak garrantzitsuak dira: azpian aurkituko dituzue ipuin eta liburuen inguruko baliabideak.
Iparraldeko Mediateka nagusiak, euskal fondoekin
Ikas, Iparraldeko haur-literatura argitaletxe nagusia
Elkar, Euskal Herri osoko liburu, disko eta filmak eskuratzeko, adin guzientzat
Etxegiroan, ipuinak etxean entzuteko
ETXEAN
Etxea ikastolaren osagarri da: familiak duen eraginari esker, etxea bilaka daiteke ikastolaren luzapen afektiboa, haurrari euskaraz bizitzeko motibazio sakonagoak sustatuz.
Buraso gisa ekar dezakezuena etxerako lanak zaintzea baino haratago doa, bereziki ama ikastolan: euskarazko giroa oinarrizkoa izan daiteke hainbat euskarriekin, baina motibazioan eragin gehien ukanen dute haurrarekin zuzenean partekatuko dituzuen mementoek. Euskaraz gozatuz istant batez baina erregularki, zuzenean transmitituko dizkiezuen kantuek, jolasek... dimentsio berezia hartuko dute berenbaitan.
Katalogoa, hainbat euskarri euskaraz, aukera berezietan oparitzeko
ETB3, marrazki bizidunak euskaraz
Urtxintxa, euskarazko jolasak
Txantxangorria, euskal karaokea
GIZARTEAN
Garrantzitsua da ttipitatik euskarari balio sozial bat ematea: gizartean urratsak emanez bezala, euskararen presentzia aurkitzea garrantzitsua da, haurraren euskarazko sozializazioari begira.
Euskaraz emanez hitza saltegietan, administrazioan, lagunartean, auzoan... normal bihurtzen duzue, haurren begietan ere, euskara egoera anitzetan erabiltzea.
Euskarazko kultur-ekitaldiak partekatuz, euskarazko aisialdietara eramanez, euskara erabiltzeko egoera berriak eskaintzen dizkiozue, gozamena ardatz.
Udaleku, Iparraldeko euskarazko aisialdi-zentro sarea
EKE-ren agenda, euskal kulturaren hitzorduak aurkitzeko
Mintzalasai, euskaraz bizitzeko BAB-n gaindi
APP.eus, euskarazko aplikazioen biltegia
Heldu gisa ere, ez gaitezen lotsa lehen hitzak (eta ondokoak) beti euskaraz ematen!
