Azken egunetan, Tolosako (Gipuzkoa) Laskorain ikastolako eta Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioko bosgarreneko ikasleek trukaketa bat burutu dute, arras giro onean. Hirugarren urtea da bi ikastetxeetako gazteek egonaldiak elkarrekin egiten dituztela: aurtengoan, urtarrilean Kanbon egon ziren, eta joan den astean, berriz, Tolosan, aldi guziz hiru egunez hainbat aktibitateetan parte-hartuz, eta gauaz tokiko ikasleen familietan lo eginez. Trukaketaren helburu nagusia euskaraz bizitzeko motibazioa sustatzea izan da: jarduera ludikoak eginez bezala, gazteek batzuen eta bertzeen bizi-ohidura desberdinak ere ezagutu dituzte, baita errealitate soziolinguistiko desberdinak. Laskoraingo eta Xalbadorreko ikasleak elkarren artean nahasiak izanez, konplizitate handia sortu da denen artean!
Trukaketaren karietara, Tolosako Galtzaundi euskara elkarteak, Xan Aire ekarrarazi du, Seaskako Euskaraz Bizi egitasmoaren koordinatzailea: Ipar Euskal Herriko euskararen egoerari buruz mintzarazi dute. Hitzaldian, azpimarratua izan da, etorkizun hurbilean, euskararen ofizialtasunaren aldarria baino urrunago joateko urratsak egin beharko direla, Iparraldean: bertako euskalgintzak, kolektiboki antolatuz, funtsezko formazioak eskaintzen ahal dituela, euskara eguneroko bizitza-arloetara zabaltzeko, instituzio publikoetatik kulturgintzara. Laskorain-Xalbador bezalako trukaketak ere, lehentasun pedagogikoetan ezartzea aipatu da, ikusiz nolako dinamika baikor eta aberatsak sortzen dituzten gazteen artean. Ea, ikastetxeez gain, udalekuek ere urrats hori bermatzen duten, baita helduek ere, izan elkarteetan, zein instituzioetan!