1969tik, Seaskak urtero frantsesdun zein euskaradun familiengandik datozen haurrek osatu klaseak idekitzen ditu. 1969an guraso talde batek Seaska 1901 legepean den elkartearen babesean 5 ikasleekiko lehenbiziko ikastola ideki zuen Arrangoitzen, Iparraldean. Elkarte berriak elebitasun orekatua eskuratzea helburua duen hezkuntz eredua bultzatzea proposatzen du. Helburu honek pedagogia metodo bereziak eta aintzindariak behar ditu.
IKASTOLAK: Bilakaera baikorra
Hastapenean ideia harrigarria bada ere, iritziak aldatzen hasten dira pixkanaka pixkanaka. Sortu eta hamar urte berantago, ikastola gizarte eragile saihestezina bilakatzen da, guraso, irakasle eta laguntzaileen etengabeko lanari esker. Seaskak ikastola berriak idekitzen ditu urtero. Erdaldun zein euskaldun gurasoak dituzten haurrek metodo pedagogikoak berenganatzen eta emaitza onak lortzen dituzte.
Lehen urratsak Ikastolen ezagupenerantz.
Ikastolen garapena emeki eta nekez egin da. Izan ere, dudak zituzten gurasoei erakaskuntza eredu berri horren sinesgarritasuna erakutsi behar izan zitzaien, irakasleen formakuntza segurtatu behar izan zen eta eredu honen garapenaren kontrako politika bati aurre egin.
Hastapeneko urteetan diru mailan Seaskak ikastolak bere gain hartzen lortu bazuen ere, denbora joan ahala gero eta zailago izan da haur kopuruak etengabe emendatzen baitziren eta beraz aurrekontua ere bai. Egoera berri horrek behartzen zuen Seaska Hezkunde Ministeritzarengana eta tokiko erakundeengana jotzera, zilegitasun osoz, ikastolak beren gain har zitzaten.
1981
Sozialistak boterera heltzearekin batera, negoziaketak hasten dira goi mailan. Hitzarmen bat izenpetzen da 1982ko uztailaren 1ean eta Seaskak 152 449 euroko (hots milioi bat libera) diru laguntza eskuratzen du Kultura Ministeritzarengandik.
1982
Lehen hitzarmena: Kultura Ministeritzak diru laguntza luzatzen du.
1983
Hiru urteko konbenioa izenpetzen da Hezkunde Ministeritzarekin eta Bi Aldeko Pegagogi Batzordea sortzen da. Negoziaketak segitzen dira eta 1983ko urriaren 14an hiru urteko konbenioa izenpetzen da. Horri esker, Seaskak urtero 381 123 euroko (2,5 milioi libera) diru laguntza eskuratzen du eta Seaska eta Hezkunde Ministeritzaren arteko Pedagogi Batzordea martxan jartzen da eskola segipena segurtatzeko.
1984
Maiatzean, Senpereko aintziraren inguruan, lehen Herri Urrats pesta arrakastatsua iragaiten da. Hastapenean, irabaziak Xalbador Kolegioaren alde ziren (hots gure Bigarren Mailako ikastetxe bakarraren alde) Gaur egun, irabaziak ikastola guzien egoitzak zaintzen dituen « Ikastolen Egoitzak » elkartearen alde dira. Herri Urratsi esker, ikastolen eraikinak arraberritzen, handitzen, alokatzen, pagatzen ahal dira.
Irakasleen integrazioa ezeztatzen da.
1985
Negoziaketak berriz hasten dira eta hitzarmen bat izenpetzen da Seaskako irakasleak Hezkunde Ministeritzan integratuak izan daitezen. Erabaki garrantzitsua da bainan ez zaio segipenik ematen: Kontseilu Konstituzionalak erabakia ezeztatzen du.
1986
Eskuindarrak boterera itzultzen direlarik, Seaskak kontratu pribatuak izenpetu behar ditu (hamar bat orotara): ez dira sekulan errespetatuko izanen.
1988
Sozialistak boterera itzultzen dira, Seaskak segitzen du bere bidea egiten nahiz eta diru mailan ezegonkortasuna izan. Seaska berregituratzen da eta negoziaketak berriz hasten dira.
Hitzarmenak.
1989
hitzarmen berri bat. Ondorioak 1990eko urtarrilean ikusten dira: data honetatik goiti Hezkunde Ministeritzak ama ikastolako eta Lehen Mailako 61 irakasle bere gain hartzen ditu. Momentuz, Seaskako kolegioa eta lizeoa kontratutik kanpo gelditzen dira.
1993
Hitzarmena berregiten da eta kolegioari hedatzen. Estatuak Lehen Mailako eta kolegioko erakasleak bere gain hartzen ditu.
1994
Seaskak eta Hezkunde Ministeritzak izenpetzen duten hitzarmenak elkarte kontratupeko eskola pribatuko estatua segurtatzen die ikastolei. Ikastola, bere erakaskuntza euskarazko murgiltze ereduan oinarritzen duen eskola elebiduna da.