1984 urtean sortua, Herri Urrats elkarteak urtero maiatzaren bigarren igandean, Senpereko aintziran, « Herri Urrats » pesta antolatzen du. Lakuaren inguruko ibilbidearen zehar, goizeko 10etatik arratseko 8ak arte, kontzertuak, dantza, pailazoak, bertsolariak, animazioak eta jokoak proposatzen dituzten 7 gune badira. Ezenatoki bakoitzaren ondoan, ostatuak atxematen dira.
HERRI URRATS
Urtetik urtera kultur mailako elgarretaratze handienetako bat bilakatu da besta hau, Euskal Herrian baita Akitanian ere. Milaka jende etortzen dira zazpi probintzietatik eta urrunagotik ere. Senpereko aintziraren inguru xoragarrian egun alaitsu hortaz gozatzeko eta euskararekiko atxikimendua erakusteko.
Antolaketa lana egituratua da : ikastola guzietako buraso ordezkariek osatzen duten Biltzar Nagusian, Administrazio Kontseilua hautatzen dute (Ko-lehendakariak, bi diruzainak, idazkaria …) eta lan talde desberdinak osatzen dituzte (« animazioa/programazioa » ; « salmenta » ; « logistika » ; « komunikazioa » ; « ostatuak » ; « janaria » ; « zainketa » eta abar…)
Urte osoan, 20 bat bolondresek lan egiten dute, koordinatzailea laguntzeko. Pestaren muntaketan / desmuntaketan 100 bat pertsona baino gehiago ari dira. Egunean berean 2500 bat buraso & laguntzaileek parte hartzen dute.
Hastapenean, Herri Urrats pestaren etekinak Kanboko Xalbador Kolegioko eraikuntza eta egokitzetan baliatuak ziren. 1996 geroztik, « Ikastolen Egoitzak » elkartea diruztatzeko erabiliak dira, ikastola bakoitzak egoitza egokiak ukan ditzan bermatzeko.
Xehetasun gehiago : www.herriurrats.eus