Skip to main content

INTEGRAZIO BATZORDEAREN KANPAINA BERRIA

Submitted by editorea on Og, 2022/17/03 - 14:51

Integrazioa Batzordearen 2022ko kanpaina martxoaren 26an abiatuko da. Aurtengo helburua, 176.000 euro biltzea da, ikastoletan behar bereziak dituzten haurren inklusioa laguntzeko.

Integrazio Batzordearen lana eta dituen erronkak azaltzeko, informazio mahaiak eta laguntza deiak antolatu ditu elkarteak Ipar Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan martxoaren 26an, kanpaina egunean. Horren berri eman du Seaskako ikastoletan elbarritasuna duten haurren inklusioaren alde lan egiten duen batzordeak, martxoaren 16 huntan Donibane Lohizuneko ikastolan eskaini prentsa aitzinekoan.

Bertan izan dira, besteak beste, Christelle Minaberry Integrazio Batzordeko ko-presidentea, Maiena Etcheverry koordinatzailea eta Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria.

 

2022 kanpaina: “Elkarrekin, urrunago goaz!”

Integrazioa Batzordearen 2022ko kanpaina martxoaren 26an abiatuko da. Aurtengo helburua, 176 000 euro biltzea da, Seaska ikastolen federazioko eskoletan, elbarritasun egoeran diren haurren inklusioa laguntzeko. Gero eta handiagoak diren beharrei erantzuteko baliatuko da diru hori.

“Elkarrekin, urrunago goaz!” da aurtengo lema, garai hauetan ikusten dugunez eta krisi egoeretan ikusi ohi dugunez, elkar lagunduz eta elkarrekin lan eginez gainditzen baitira zailtasunak. Berezitasunak dituzten haurren inklusioan, trabak ez dira bakarrik haur horiek bizi dituztenak, beren hezkuntzan lagundu nahi dituztenek, guraso, irakasle eta laguntzaileek, ere pairatzen dituzte.

Integrazio Batzordearen kanpaina 2022ko martxoaren 26an abiatuko da. Bere lana eta dituen erronkak azaltzeko, informazio mahainak eta laguntza deiak antolatu ditu, Ipar Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan, egun horretan. Horretaz gain, hainbat ekimen izanen dira dirua biltzeko:

  • Martxoaren 20an, Itsas Laminen Korrika Angelun
  • Apirilaren 3an, Neska Korrika Azkainen

 

Kopuruak etengabe igotzen dira, beharrak ere bai !

Gure elkarteak laguntzen dituen ikasleen kopurua emendatuz doa urtetik urtera. Gaur egun, 162 haur dira  inklusio programa batean. Horietarik 70, lehen mailan dira, eta 92, bigarren mailan. 2021ean, berriz, 118 haurrekin hasi eta 150 bukatu genuen urtea (65 haur lehen mailan, 85 haur bigarren mailan).

Ikasturte honetan, 16 ikaslerentzako bakarkako AESH (lehengo AVS) eta 45 ikaslerentzako AESH mutualizatu ditugu; 44 ikasle Inklusiorako Egitura Pedagogiko (IEP) deitzen den gela batean dira; 35 ikaslek ordenagailua edo tableta behar dute eta 42 ikasle dira Elbarrituak Diren Pertsonen Departamenduko Etxearen (Maison Départementale pour les Personnes Handicapées, MDPH) erantzun baten zain.

Etengabeko garapen hori berri biziki ona izanik ere, parean baliabideak eskatzen ditu. Iaz, 32 AESH behar baziren, aurten 35 dira Hezkunde Nazionalak kontratupean ordaintzen dituenak, beste lau Integrazio Batzordearekin kontratupean direnak.

Zuzenean laguntza behar duten ikasleekin diren begirale horietaz gain, Integrazio Batzordeak, lau langile enplegatzen ditu. Idazkari bat, bi aholkulari eta IEP (Inklusiorako egitura pedagogikoa) gela batentzako AESH kolektibo bat.

 

Integrazio Batzordearen aurtengo erronkak

Jakin berri dugunez, Hezkunde Nazionalak ez du baliabide gehiagorik jarriko hemendik urte bukaerara. Horrek erran nahi du, ez duela finantzamendu berririk gehituko, nahiz eta MDPH (Elbarrituak Diren Pertsonen Departamenduko Etxea - Maison Départementale pour les Personnes Handicapées) egiturak laguntza behar duten haur berriak seinalatzen segitzen dituen.

Aurten, baliabideak oso goiz eten dituen arren, hala izan ohi da urtero. Hots, nahiz eta araubidea den, Hezkunde nazionalak ez ohi ditu laguntzaile postu guziak diruztatzen. Ondorioz, urtero, Integrazio Batzordeak hainbat postu bere gain hartzen ditu, lan kontratu mugatuak erabiliz. Gisa horretan, 2020/2021 ikasturtean 11 langile enplegatu zituen: 7 AESH (lehengo AVS), 3 hezitzaile monitore, kantina oren batzurentzat langile bat. Aurten ere, behar horiei aurre egin beharko die.

Ikasturte honetan, gainera, erabaki berri bati egin behar diogu aurre. Estatuak ez ditu gehiago kantina orduetako laguntzaile orduak bere gain hartu nahi, nahiz eta ikasle batzurentzat nahi ta nahiezkoak izan, eta lurralde kolektibitateei dagokiela erabaki du. Seaskak, arazo hori ukitzen dituen ikastoletako Herriko Etxeei gutuna igorri die, baina mementoko, ez du erantzun baikorrik errezebitu, ezezkoak edo erantzun eza izan da jaso duena. Erantzunik jaso ezean, nork ordaindu beharko ote du ?

Horri gehitzen zaion zailtasun handia da AESH postu guziak betetzea ez dela lortzen, zoritxarrez, egun 5 postu gelditzen dira bete gabeak, kandidatura eskasarengatik: Bernat Etxepare lizeoan eta Baionako Oihana ikastolan, Angeluko ikastolan, Xiberuko bi ikastoletan, Itsasuko, Lekorneko eta Hiriburuko ikastoletan. AESH postuak ez aski balorizatuak izatea da gabezia horren arrazoin nagusia. 750 euroko soldata jasotzen dute hilabetero, 25 orduko lan astearentzat, eta epe laburreko kontratuak dira. Gainera, AESHak ama-oporraldian direnean, Estatuak ez du baliabiderik gehitzen.

 

Integrazio Batzordearen ekinbidea

1999Ko udan sortua, Integrazio Batzordea Lapurdiko, Baxe Nafarroko eta Xiberuko ikastoletan eskolatuak diren ahalmen urritasun egoeran diren haurren gurasoen eta lagunen elkartea da. Seaska ikastolen federazioaren adar bat da, eta bertan ikastola guziak errepresentatuak dira, helburu bakar batekin: desberdintasuna integratzen duen eskola bat izatea.

Bere helburuak :
- Bakoitzaren proiektuen plantan ezartzea eta segipena laguntzea, ahalmen urritasun egoeran diren haurren eskolatzea ikastoletan bultzatzea.
- Posible den heinean, haur horiek eskola arruntean eta euskaraz ikas dezaten ahalbidetzea.
- Bakoitzaren hezkuntza beharrei erantzun egokiak ematea.
- Eskolatzearen finantzamenduan parte hartzea.
- Familiak sustengatzea eta desmartxa administratiboetan laguntzea.
- Gizarteak gai horri buruz duen ikuspundu orokorraren aldatzeko lan egitea, eta inklusioa ikastoletan eta gizartean bultzatzea.

Desberdintasuna integratu nahi duen eskola batentzat, eta elgarrekin gizarte inklusiboago bat, irekiago bat eraikitzeko egiten du lan Integrazio Batzordeak.

 

Legeak zer erraiten du ?

  • 2005eko otsailaren 11ko legea : xantzen eta eskubideen berdintasunaren aldeko legea da eta herritartasunean ahalmen urriko pertsonen parte hartzea bultzatzeko xedea du. Eskolak ahalmen urritasun egoeran diren ikasle guziak errezebitu behar ditu.
  • 2013ko uztaileko legea : eskolaren berregite legea da. Zerbitzu publikoak haur guziek ikasteko eta aintzinatzeko gaitasuna badutela onartzen du ; denen inklusioa segurtatua dela zaintzen du.

 

Eskola inklusiboa : zer da ?

  • Eskola bat non haur bakoitzaren hezkuntza beharrak (ahalmen urritasunean izan ala ez) kondutan hartuak diren.
  • Eskola bat non irakaskuntza ikasle bakoitzari egokitua den, erritmo, maila eta gaitasunen arteko ezberdintasunak eta ikasteko zailtasunak kondutan hartuz.
  • Eskola bat non ahalak emanak diren haur bakoitzaren proiektua bultzatzeko bere indar eta dohainak garatuz.
  • Eskola bat nun kidetasun sentimendua garatzen den, haurra gizarte eta heldu biziari prestatuz.

 

Inklusioa pratikatzen duen eskola bat « denendako zorrotza den eskola bat da, eskolatzearen gehiengoa gela arruntean iragaiten delarik. Orduan, inklusioa transizio neurri bat bezala agertzen da. Bere misioa ikasleak berriz sistema arruntera eramaitea da. Inklusioak ikasle bakoitza ikasteko eta oinarrizko gaitasunen bereganatzeko gai dela agertarazten du.  Bestalde, aniztasunari idekia den egiazko jendarte bat eraikitzeko ahala emaiten du. Ikasleek elgarrekin bizitzen ikasten dute. Azkenik, eta hor da dudarik gabe erronka nagusia, inklusioa pratikatzen duen eskola batek ezberdin sentitzen diren nerabeei ahala emaiten die haien identitatea norman eraikitzeko, haien adineko norman. Hori baitezpadakoa da beren buruaren baitako konfiantza garatzeko, eta erreusitze bide batean sartzeko »,  Séverine Cheinet irakasleak laburbiltzen duenez.

Laguntzaile berezitu (AESH) batek haur bakoitzaren behar bereziei erantzun diezake ; hori da baliabideetarik bat.

Nor da laguntzaile hori ?

Pertsona horrek gaitasun bereziak erakutsi beharko ditu : onginahia, enpatia, sustengua, egokitzapena ikaslearen laguntzeko ; entzun beharko du eta berarekin mintzatu beharko da. Horrela baizik baita aitzinatuko ahalmen urritasun egoeran den haurra, bai bere ikasketetan, bai eta besteekin ukanen dituen harremanetan ere.

Laguntzaile horien hartzeko, Hezkunde Nazionalak mezu polit bat zabaldu du : lagundu, engaiatu : ahalmen urritasun egoeran diren ikasleen laguntzaile bilaka zaitezte.  Emmanuel Macron-ek kontratuak epe luzekoak bilakatuko zirela hitzeman zuen bainan hitza ez du atxiki :

- kontratuak beti epe laburrekoak dira eta segurtasunik gabekoak (denbora erdi, CDD, tituludun bilakatzea zaila)
- ofizioa ez da balorizatua
- ofizioa ez da lanbide bat
- ondorioz, laguntzaileen atzematea zaila da. Bizkitartean, beharrak emendatuz doazi eta laguntzaile horiek sekulan baino premiatsuagoak dira....

 

Hezkuntza eskubidea, haur guztientzat, beren ahalmen urritasuna edozein izanik ere, oinarrizko eskubide bat da.  Horrez gain, familia bakoitzarentzat bere haurra nahi duen eskolan eta hizkuntzan eskolatzea posible izan beharko luke. Horregatik, pertsona gisa, bere proiektuan eta bere ibilbidean haur bakoitza berezia delako, bere eskolatzearen laguntzari doakion erantzunak heldu bilkatu arteko ibilbidean ukanen dituen oztopo guztiak ezabatu behar ditu. Oinarrizko helburua, denok beharrezkoak izanen ditugun talentu eta aberastasun batzuk dituen haur desberdin horri bizitza sinpleagoa, arruntagoa, bere garaiaz hurbilagoa eta bere ingurumenaz hurbilagoa eskeintzea da.

Elgarrekin, borroka hauen eramaten segitu behar dugu. Borroka horiek ehunka haur ikastoletan eskolatzea ahalbidetu dute, Integrazio Batzordearen sorreratik 1999an, gaur egun arte.

Lorpen frango izan ditugu :

  • 2010/2011, Inklusiorako Egitura Pedagogiko (IEP) bat ireki zen Kanboko Xalbador kolegioan.
  • 2015/2016, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioak zuen IEP gela bat ireki zen
  • 2017/2018, barnekaldeko lehen IEP gela ireki zen Larzabaleko Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioan hiru ikaslerekin, Baxe Nafarroko lehen IEP gela bilakatuz.
  • 2018/2019, lehen mailako IEP gela bat ireki zen Donibane Lohitzuneko ikastolan.

Borroka batzuk garaipenak izan dira, eta beste anitz dira oraindik eramateko.

IB kanpaina

inklusioa eskoletan
Fitxategiak