Berriz ere Hezkunde Ministeritzak azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea ukatu digu.
Aurtengo Herri Urratsa kontestu berezian heldu zaigu, frantses gobernuak gure haurren hizkuntz eskubideen kontra egitea erabaki baitu.
Pandemia urteak direla eta, Baxoaren erreformaren ondoko formula berria aurten aplikatuko da lehen aldiz. Lehenago Matematikak eta Historia Geografia euskaraz egiteko parada bazuten ikasleek, baina aurtendanik ez da gehiago hala izanen.
Gainera, Ahozko Handia ikasle guztiek parte batez euskaraz egiteko EEP eta Hezkuntza Ministeritzarekin dugun hitzarmena ez du errespetatuko Ministeritzak. Baxoan ditugun 100 ikasleetarik, Euskara Berezitasun gisa hartu duten 10 ikaslek soilik egiten ahalko du ahozkoaren zati bat euskaraz. Beste 90 ikasleek dena frantsesez egin beharko dute.
Brebetan ere, Jean-Michel Blanquer ministro dugunetik gibelatze bat izan da, lehenago azterketa Euskaraz baitzen osoki eta orain Zientziak frantsesez egitera behartu nahi baitituzte gure haurrak.
Asteazkenean ikusi ginuen Anne Bisagni Faure Errektoreak, ezezko borobila eman zien gure eskaerei. Ikusirik Baxoan gibelatze bati buruz goazela, tarteko bide bat proposatu diogu : abenduko zirkularrak dionez azterketa batzuk euskaraz egiten ahalko direla, Berezitasun guziak euskaraz ezin badira berehala egin, bederen Matematikak eta Historia Geografia Berezitasunak segurta daitezen orain arte bezala. Errekotesak ezetz.
Brebetako Zientziak « esperimentalki » bada ere, aurten baimendu ditzan ere galdegin diogu, jakinez Parisek bere esku utzi duela erabakia, eta heldu den ekainean hauteskundeen ondorengo gobernu berria ez dela oraindik martxan izanen. Baina horri ere ezetz.
Kexu gira, biziki haserre. Eta Pariseri abisua eman nahi diogu gure hizkuntz eskubideen alde, gure haurrek azterketak euskaraz egitearen alde borrokatzeko prest garela, irabazi arte. Zirkularra ez dutenean betetzen, gurekin izenpetutako hitzarmena ez dutelarik errespetatzen, EEPko Biltzar nagusiaren blokatzea ez bazen aski, Ipar Euskal Herriko hiru Ikuskaritzen okupazioa ere ez bazen aski, urrunago joateko prest gara, gure oinarrizko eskubideak errespetatuak izan arte.
Aurtengo Herri Urratsa, euskararen alde, Azterketak Euskaraz pasatzearen aldeko aldarri erraldoia izan dadila dei egiten diogu Euskal Herriko gizarteari