HERRI URRATS 2022: EGITARAUA !

Submitted by editorea on Or, 2022/22/04 - 08:47

Maiatzaren 8ko Herri Urrats pesta erraldoiaren egitaraua joan den apirilaren 20eko prentsaurrekoan aurkeztu zuten

Urtero bezala, animazio taldeak egitarau oparoa eskaini dio Herri Urrats pestari. Toki guzietan dantza, musika eta animazioak izanen dira. Handientzat ala ttipientzat, hots gustu guzientzat. Aurten programazioari dagokionean indar berezia egin dugu, eta kalitatezko programazio bat osatzea lortu dugu.

 

Aurten ere 4 gune nagusietan banatuko dira ekintza gehienak:

 

ARABA GUNEA

Araba gune honetan haurren txokoak ez ezik eszenak ere indar berezia du. Aurtengoan arabako eszenan ondoko talde hauek aurkitu ahalko ditugu: Pauline eta Juliette, Mutxikoak, Kilimak, Albosax, Xiberoots, Astobaba eta Trikidantz erromeria taldea. Kontzertuak 10etan hasiko dira eta 20:00etan bukatu.

 

LAPURDI GUNEA

Janari loturiko gune honetako eszenan: Artxeroak eta bertsolariak aurkituko ditugu. Eta Bazkariak alaitzeko Nat eta Watson izango ditugu.

 

NAFARROA GUNEA

Nafarroa guneko eszena Lizeoko ikasleez osatutako Laparrak taldeak irekiko du. Ondoren etorriko dira Aho zakil Konekxion eta Aguxtin Alkhat.

14:00ak aldera Donostiako Skakeitan taldea igoko da eszenara, esan baharra dugu oso bira berezi baten hasiera izango dela HU eguneko kontzertu hau. Ostean Arrasateko DES-kontrol taldearen txanda izango da. Urte batzuetan ixilik egon ostean, beraien 25. Urteurren ospatzeko antolatu duten biraren lehen data izango da HU egunekoa. Arrasateko taldearen ostean Willis Drummond taldea igoko da oholtzara, aurkezpen gutxi behar duen taldea dugu bera. Nafarroa eszenara azkenak igotzen Aguraingo Dupla bikotea izango da, nekazal ingurune baten musika urbanoa egiten duen taldea dugu bera. 2019tik Euskal eszena hankaz gora jartzen ari den bikotea. Oso gutxi jo dute Iparraldean, eta zer esan handia emango dutelakoan gaude.

 

GIPUZKOA GUNEA

Herri Urratsek badu gune berezi bat, beste ikastolen jaiak ez dutena, eta gune edo eszena hori dantzarena da. Aurten ere dantza emanaldi ugari izango ditugu Gipuzkoako eszenan, eta berari itxiera emateko bi musika talde. Gipuzkoa gunea Estitxu Robles kolegiko gazteek irekiko dute. Dantzaz konpaniarekin egindako ikastaldiaren emaitza erakutsiko dute Herri Urratsen. Ondoren Kautere balet, Herri Urrats Kantauz, Wazza Funky Famili, Topa Noka eta dantza erakustaldiekin bukatzeko Kimua Dantza Kolektiboak GenEroa beraien azken lana taularatuko dute.

Kimuak dantza kolektiboaren ostean Tristan Murgi abeslariaren eta ZEZE taldearen emanaldiekin emango zaio bukaera Gipuzkoako eszenako programazioari.

HU 2022 - programa

1984az geroztik, Herri Urrats, Senpereko lakuaren inguruan egiten den besta famatua bilakatu da. Pandemia garaian beste formato batzuetan ospatu ostean, aurten ohiko formatua berreskuratzen du.

HU ez da soilik besta bat, baizik eta ikastolen eguna da. Elkarretaratze honetan Euskal Herri osoko milaka lagun biltzen dira Ikastolen eredua ospatzeko, euskal kulturarekiko atxikimendua erakusteko eta euskarari zor zaion tokia aldarrikatzeko.

Herri Urrats bestaren etekinei esker Seaskak 38 ikastola, 4 kolegio eta lizeo bat ideki ahal izan ditu. Ikastolen federazioaren parte diren ikastolen eraikinen garapena eta mantenua ziurtatzeko baliatzen da bereziki Senpereko bestatik lortzen diren irabaziak. Aurten Senperen eraiki behar den 5. Kolegioaren gastuei aurre egitea du xede.

HU egitaraua - prentsaurrekoa 2022-04-20