Herri Urrats pesta handiaren karietan, Peio Jorajuria Seaskako Lehendakariak oroitarazi du zoin diren ikastolek gainditu behar dituzten erronkak. Hor duzue bere hitzaldia.
Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako lehendakaria, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko Lehendakaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikarako sailburua eta Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua, Frédérique Espagnac Akitania Berriko ordezkaria eta senataria, Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde pulblikoko lehendakaria eta Euskal Elkargoko lehendakariordea, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Dominique Idiart Senpereko auzapeza.
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria Garbiñe Mendizabal anderea, Eusko Legebiltzarreko Ubera anderea, Miren Dobaran sailburuorde anderea, departamendu eta Akitaniako kontseilari jaun eta andereak, alderdi, sindikatu eta enpresa munduko ordezkari jaun andereak, auzapez eta hautetsiak, euskalgintzako ordezkari eta ikastoletako lagunak, Euskalzale guziak eta oraindik ikusi ez dituztanak,
Ongi etorri Herri Urratsen Itzulera ediziora.
Hiru urte luze pasatu dira azken Herri Urratsa antolatu genuenetik 2019 urtean. Covid garai gogorrak izan ditugu. Gure kultura, gure hizkuntza, gure bizia lehen lehenik harreman istorio bat da, eta azken urteotan atxiki behar izan dugun distantziazio sozial hori ez da batere errexa izan. Baina, lehen bezala orain ere, zailtasunei buru egitea lortu duzue eta zinez eskertu behar zaituztegu oztopo guzien gainetik, ikastoletan lan egin duzuen irakasle eta langileak, eta ikastolak bizirik atxiki dituzuen ikastoletako burasoak. Gaur egun berriz hemen eta indartsu baldin bagara, zuei esker da.
Azken bi urteetan berri latzak izan ditugu ere. Ezin ahantzi Gillermo Etxebarria, Herri Urratseko sortzaile eta luzaz motorea izan dena itzali zaigula. Ezin ahantzi ere Leire Iribarne ikasle ohia eta azken Herri Urratseko kantua egin zuen Diabolo Kiwi taldeko kantaria ere ez dugula gehiago gure artean.
Berri onak izan ditugu ere urte hauetan, hala nola Ahetzen ikastola berria ideki baitugu, baita era Bardozeko Xarnegu ikastola. Erronka berriak ere ez ditugu falta, 5. kolegioa hortxe berean, lakutik 300 metrotan, eraikiko baitugu.
Baina mementu berean, Frantses Estatuak hizkuntzen kontra eraman duen erasoak ez du izan etenik. Asanblea Nazionalak eta Senatuak onartu hizkuntzen legea bete ordez, joan den maiatzetik ikastolak antikonstituzionalak bilakatu ditu, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza Ministroak bideratu Kontseilu Konstituzionalak. Frantziar Estatuko 3000 lizeoen artean berriro hoberena atera den Bernat Etxepare lizeoa itxi nahi izan zigun Hezkuntza ministroak...
Zorionez, jendarteak ezinbestekoa zen erantzuna eman zion eraso berri horri. Milaka jende atera baitzen karriketara, nola Baionan, hala Perpiñanen edo Roazhonen berdin, injustizia horren salatzeko. Azkenean gobernuak zuzengabekeria konpondu behar izan du joan den abenduan. Murgiltze eredua “pedagogi estrategia gisa” babestea behartua izan da, zirkular soil baten bidez izan bada ere. Azken urteotan murgiltze eredua eskola publikoetan ere garatu dadin eraman dugun borrokaren lehen etapa irabazi dugu. Orain, eskubide hori bete dadin, Ipar Euskal Herriko haur guziek murgiltze ereduan ikasteko aukera izan dezaten, lan eginen dugu.
Baina maleruski, ez da hori izan azken 5 urte horietan gobernuak asmatu traba bakarra. Azterketen gaian, Baxoan eta Brebetan, gibelatzeak ekarri ditu Emmanuel Macronen agintaldiak.Orain arte Historia Geografia eta Matematikak euskaraz egiten ahal zituzten ikasleek Baxoan. Hemendik aitzina, ez. Orain arte gure ikasleek Brebeta osoki euskaraz egiten ahal zuten. Blanquer jin geroztik, ez.
Batek pentsa dezake, azterketak frantsesez ala euskaraz egitea ekintza sinboliko bat baizik ez dela, ez duela inportantziarik, gure haurrak osoki elebidunak batira... Baina argiki erranen dizuet ezetz, ez dela hala. Kalte zuzenak handiak dira eta albokalteak izigarriak.(...) Gure ikasleek, euskaraz ikasi dituzte Fisika, Natur Zientziak eta Teknologi, eta naturaltasun osoz, euskaraz eginen dute azterketa. Baina beren lanak ez dira zuzenduak izanen, edo zuzenduak badira, beren kopiak bahitu ondoren izanen dira, euskararik ez dakiten zuzentzaile batzuek zuzendurik, eta nota biziki txarra ezarriko diete, nahiz eta gehienek, ikasturte guzian, nota onak edo biziki onak izan dituzten zientzietan.
Zer pentsatu behar du hamalau urteko haur batek, halako egoera bortitz baten aitzinean? Nolaz diote euskarazko irakaskuntza onartzen dutela, ondotik ikasitakoaren ebaluatzea euskaraz egitea debekatzen badigute? Nola motibatu ikasleak lan egitera, aitzinetik badakitenean beren lana ez dela irizpide justuekin zuzenduko? Nolaz onar dezakegu ikasle batzuen urte osoko lana, gisa horretan mespretxatzea? Nolaz onar dezakegu haur batzuen hizkuntz eskubideak gisa horretan zangopilatzea? Ez gaitezen tronpa, azterketak frantsesez izanez, gure haurrak gaiak frantsesez ikastera bortxatu nahi dituzte !
Eskandalagarria da, onartezina da, injustua, ulertezina eta antipedagogikoa. Hezkuntza sistemaren helburua ez ote da ikaslearen erreusitzea lortzea, bere ongi izatea bermatzea? Konprenitzen al duzue ikasleen ezinegona? Gure haserre bizia?
Euskarak ez du gibelapenik onartzen ahal. Zientzietako azterketak euskaraz eginen ditugu, bai ala bai, debeku eta mehatxuen gainetik.
Horregatik, egun, desobedientziarako dei argi bat egin nahi dizuegu :
- Familia guziak deitzen ditugu, desobedientzia ekintza egin dezaten, Brebetako zientzietako azterketak euskaraz egin ditzaten.
- Irakasle guziak deitzen ditugu desobedientzia egin dezaten, konbokatuak baldin badira Brebetako edozoin azterketa zuzentzerat, uko egin dezaten.
- Instituzioak deitzen ditugu ere, Euskal Elkargoa, departamendua eta Eskualdea deitzen ditugu, Hezkuntza Ministerioaren aitzinean desobedientzia egin dezaten, eta ondoko asteetan burutuko ditugun ekintzak babestu ditzaten.
Ondoko egunetan ere, Hezkunde ministeritza eta Euskararen Erakunde Publikoarekin, ondoko hiru urteko hitzarmena berritu beharko dugu. Norbaitek esplikatu beharko digu zertarako izenpetu behar dugun hitzarmen berri bat, ondotik izenpetzaile nagusia den Hezkuntza Ministerioak ez badu adosten duguna betetzen.
Legeak berak dio, Hezkuntza kodigoko L121-3 artikuluan, azterketak frantsesez iragan behar direla salbu lurralde hizkuntza baten irakaskuntzak bestela behartzen duelarik. Hau legea da. Eta aplikatzen zen, duela gutxi arte. Abenduko zirkularrak zehazten du ere, eta argiki, Baxoko azterketak euskaraz egin daitezkeela, baina Hezkuntza ministeritzak ez du berak idatzi duen zirkularra bete nahi.Gaur egun dugun hitzarmenak dio Baxoko Ahozko handia partez euskaraz egiten ahalko dutela gure ikasle guziek. Baina Errektoradutzak, ez du hitzarmena bete nahi, eta Baxoa pasako duten gure 100 ikasleetarik 10 ikasleri bakarrik onartu nahi die eskubide hori.
Hitza hitz, Bisagni-Faure errektoresa anderea. Hitza hitz, EEP osatzen duzuen ordezkari jaun andereak. Hala zuen izenpedura gisa horretan mespretxatzen utziko duzue Frantses Gobernua ?
Legea aipatzen baikinuen, Hezkuntza kodearen L312-10 artikuluak dio, irakaskuntza elebiduna Estatua eta lurralde kolektibitateen artean hitzarmen bidez arautzen dela. Etxegarai jauna, Lasserre jauna, Rousset lehendakariaren ordezkari Espagnac anderea, zuen esku da Euskal Herria eta Frantses Estatuaren arteko Euskara hitzarmen bat lortzea eta betearaztea. Seaskako haurrentzat, beste sareetako ikasleentzat eta euskaren etorkizunarentzat.
Guk argi dugu. Ondoko asteetan mobilizatzen segituko dugu. Eta auzitara joanen gara, epaileari eskatzeko izenpetu dugun hitzarmenaren aplikapena segurta dezan. Desmartxa horretan zuen sustengua ukanen dugula espero dugu ere.