Skip to main content

Sartze prentsaurrekoa

Submitted by editorea on Ar, 2022/06/09 - 08:54

Seaskak sartze prentsaurrekoa Ziburuko ikastola berrian egin zuen, irailaren 5ean. Hor ziren Eneko Aldana-Douat herriko auzapeza, Xabi Biscay & Iraun Zabaleta bertako lehendakaria & zuzendaria  eta Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria.

Auzapezak ongi etorria adierazi ondotik, Xabi Biscay lehendakariak hartu zuen hitza:

Kaskarotenea Ikastolak azkenean aterabide duhin eta iraunkorra lortu du. Marinela auzoan hasi zen abentura, ezagutzen ditugun gorabeherekin. Izan ere, nork ez du gogoan orduko Herriko Etxeak utzitako eremua, hitza jan ondoren, berreskuratzeko erabili zituen metodoak (elektrizate mozketa, Seaskaren kontrako auzia, herriko forfeta miserablea…). Bainan Euskal Herri osotik jasotako elkartasunari esker eta Seaskako langile eta burasoen laguntzaz, gure ikastola ttikia auzo berean egonkortu zen manifestaldi eder bati esker besteak beste eta nola ez alde guzietatik bildu diru-laguntzei ere. Garaian, burasoen artean eta Seaska mailan eztabaida biziak izan ziren gai honen inguruan erosi behar izan zen eremuaren prezioa lotsagarria zelako. Baina aldi berean Ziburun beste aukerarik ez zen orduan eta euskararen presentzia eta biziraupena ziren jokoan gure herrian.

Aurten ikastolak 10 urte beteko ditu eta nihungo zalantzarik gabe erabaki ona hartu ginuela erran dezakegu. Bistan dena, azken 2 urteetan Herriko Etxe berriarekin harremanak erabat hobetu dira eta gure beharrei erantzuten beti saiatu dira ( ikastolarekin 1.komenioa, herriko forfetaren normalizazioa…). Oso tinki ibili gira azken 3 urteetan batez ere lokala ttiki gelditu zaigulako baina pazientzia hartuz beha egon gira eta balio zuen . Ikastolako talde pedagogikoa eta langile taldea eskertu behar ditugu egunerokoan soluzioak atxematen ibili direlako gure haurren ongi izatea bermatzeko.

Ibilbide hontan Seaskak eskaini laguntza eta sustengua azpimarragarriak izan dira, bihotz- bihotzetik milesker. Baina euskararen aldeko borrokak dirau eta gure egoera berriak ez digu ahantzarazi behar behurbileko ikastola batzuek bizi dituzten egoera zailak.

Udaberri aldera gure ikastolaren 10 urteak ospatuko ditugu eta kari hortara antolatuko dugun besta haundira abentura honen parte izan zareten guziei oraindanik gomita luzatzen dizuegu. Bitartean, gure ikastola berria antolatzen eta gure egiten segituko dugu lan tresna paregabea baitugu orain gure haurrendako eta orokorkiago euskara sendotzen laguntzeko Ziburun.

Ziburuko ikastola berria 2022

Peio Jorajuriak mintzatu zen ere, urte berri hunen erronkak zoin izanen diren oroitarazteko

Sinets nezazue, gaur bereziki plazer dut prentsaurreko hau, hemen, Ziburuko Kaskarotenea ikastola berrian, herriko egoitzetan egitea. Zenbat izerdi, zenbat lan, zenbat eztabaida, zenbat borroka, eskubide sinple bat lortzeko : gure haurrek euskaraz ikasteko hautua ukan dezaten. Ezina ekinez egina, dio esaera zaharrak.

 

Esker bereziak Eneko Aldana auzaperari. Kargua hartu bezain laster, ikastolaren gaia hartu baituzu eskutan. Arrunt beste kokagune bati buruz elgarrekin gogoetatzen ari ginela, eskola publikoen batzeak aukera hau sortu du eta Herriko Etxeak aukeraz baliatzen jakin du. 7 urte luzeko gatazkaren ondoren, bi urtez atzeman dugu aterabidea eta zinez eskertzekoa da, ikastolaren eta euskararen alde egin duzuen ahalegina.

Bihotzetik eskerrak ere Kaskarotenea ikastolako familiei. Irrazionaltasunaren aitzinean erakutsi duzuen duhintasun eta jarreragatik.

Euskal Herri osoko jendarteari ere eskerrak eman behar dizkiogu. Euskal Herri osoko ikastolen eta herritarren sustengurik gabe, Kaskarotenea txalupa ez zen porturatzen ahalko. Egun txalupa, itsasontzi bilakatzekotan da, baina ez dezagun ahantz egindako bidea.

Zergatik da hain zaila euskaraz bizitzea? Noiz arte beharko dugu borrokatu, gure haurren eskubideak onartuak izan daitezen?

Egun hemen gira, poz izigarriarekin. Baina mementu berean biziki kezkatuak gira Beskoitzen bizi dugun egoeraz. XXI mendean, oraino, Euskal Herriko herri batean, auzapezak eta bere taldeak, ikastola eta euskararen garapena debekatu nahi baitituzte. Mila aitzaki atzemanen dituzte, baina funtsean arazoa bakarra da, Beskoitze eta inguruko haurrek ikastolan euskaraz ikasteko eskubidea.

Ziburun bezala Beskoitzen ere, luza gabe gure haurrek merezi duten ikastola izanen dutela ez dugu dudarik. Horretarako borrokatuko gira. Gure indar guztiak emanen ditugu horretan.

 

 

Murgiltzea

Iazko sartzean Covida betean ginen alde batetik, eta bestetik, Kontseilu Konstituzionalaren ezpata buru gainean.

Borrokatu dugu eta Gobernuak murgiltze eredua suntsitzeko xedean gibelera egin behar izan du. Abenduan atera zen zirkularrak segurtasun prekario bat eman digu, baina babes bat da hala ere.

Eraman dugun lanari esker, zinez pozten gara Larrainen eskola publikoan geletan osoki euskaraz ariko baitira eta Irisarrin esperimentazio bat abiatu baitute lehen mailan. Elebidun Publiko eta elebidun girixtinoak, eta bistan dena ikastolak, euskarak denen beharra du.

 

Azterketak Euskaraz

Murgiltzearen kontrako hodeitzarrak, momentuz urrundu baldin baditugu ere, azterketen arloan gobernuaren azken agintaldian gibelatze onartezinak gertatu dira, dakizuen bezala. Baxoan ez da gehiago euskaraz egin daiteken frogarik, eta Brebeta ez da gehiago osoki euskaraz egiten ahal lehen bezala. Azken bost urteetan ez dira guti izan egin ditugun salaketa, elgarretaratze, manifestaldi, kateatze eta okupazioak, Brebeta eta Baxoa Euskaraz galdegiteko. Denek gogoan dugu oraino joan den ekainean, hauteskunde garaian Gobernuak Seaskako buraso, irakasle eta ikasleekiko jarrera bortitz eta oldarkorra,

Uztailaren 12an Brebetako euskarazko zuzenketaren noten banaketan Euskal elkargoko lehendakari den Jean-René Etxegaraik oinarrizko eskubideen aldeko borroka legitimoa dela eta eskubide hori erdietsi arte borrokan segitzeko gomendioa egin zigun. Eta egun hartan berean jakin genuen Ipar Euskal Herriko hautetsiak irailaren 14ean Ministeritzara gomitatuak direla Euskarazko Azterketen gaia aipatzeko.

Ondotik, Pap N’diaye ministro berriaren adierazpenak izan ditugu. Hizkuntzen aldeko hitz goxoak entzunez pentsa liteke hizkuntz eskubideen zapalketari eta zentzugabekeria honi bukaera emanen diola, Baxoa eta Brebeta euskaraz izateko bidean garela… Tirrit !!

Deklarazio horien ondotik, uda huntan, Hezkuntzako administraziotik ukan ditugun bi gutunek ez dute baikor izaiteko arrazoinik emaiten.

Alde batetik Ministeritzako DGESCOren gutuna ukan dugu uztailaren 27an. Azken hilabeteetan Ipar Euskal Herrian deus gertatu ez balitz bezala erantzun digu administrazioak Baxoa Euskaraz debekatuz.

Bestetik, Anne Bisagni-Faure errektoresaren « orientazio zirkularra » jaso dute kolegio guziek sartze huntan, irakaskuntza elebidunari buruz. Ez dakigu zein planetatan bizi den andere hau, baina berriz ere murgiltze eredurik ez balitz bezala jokatzen du, 2021eko abenduaren 18ko hizkuntzei buruzko ministeritzaren zirkularra existituko ez balitz bezala jokatuz, eta irakaskuntza elebiduna gehienez %50ean mugatzen dela erranez....

Kontestu horretan gertatuko da irailaren 14eko bilkura. Gu ez garenez gomitatuak, EEP deputatu eta senatarien esku izanen da herri honen ahotsa entzunaraztea Parisen. Herri honetako ordezkaritza politikoek aho batez eskatzen duen aldarrikapenari ezezkoa emanen dio Parisek ?

 

4200 ikasle

Nahiz eta azken urteotan urte guziz sortze tasak tipituz ari diren, -Akademia Ikuskariaren arabera 1000 haur gutiago eskolatzen baitira Biarno eta Ipar Euskal Herrian urtez urte-; ikastolek aitzina darraite, geroz eta ikasle gehiagorekin, etengabe. Irailaren 1ean 4 166 ikaslek egin dute sartzea ikastoletan, haur hezkuntzatik lizeorat, iaz baino 102 ikasle gehiagok. Ondoko egun eta asteetan 2 urteko ikasleek eginen dute sartzea, bakoitzak bere erritmoan, 4 200 ikasleen heina gainditzeko 38 ikastoletan

Lehen mailetan, orohar, kopuruan egonkorrak dira (+28 ikasle) . Hala ere azpimarratzekoa da ikastola tipienak azkartzen direla : Iaz sortu ginuen Bardozen Xarnegu ikastola 4 ikaslerekin, aurten 11 izanen dira eta urtean zehar gehiago sartuko dira. Ahetzeko ama ikastolan 7tik 12ra egiten dute jauzi eta Bokalen ikasle kopurua bikoizten da, 10etik 22ra pasatzeko. Ziburu da lehen mailetan hazkunde handiena duena, 18 ikasle gehiago izanen baitira (iaz 49, aurten 67). Nahi ala ez, egoitza egokiak izateak badu ondoriorik haurren eskolatzean.

Kolegioetan kopuruek goiti egiten dute 18 ikaslez, eta lizeoan bereziki 400 ikasleen marra sinbolikoa gainditu dugu, 394 ikasletarik 450 ikaslera pasatzeko (+56).

Sortzeak anitz apaldu badira ere, Ikastolen eta murgiltze ereduaren kontrako mehatxuak hor badira ere, geroz eta herritar gehiagok egiten du Ikastolen parioa. Funtsean Ikastolak baitira euskarazko eredua eskaintzen dugun bakarrak, haur hezkuntzatik lizeoraino, geletan eta geletatik kanpo. Gure xedea ez baita haurrek Euskara ikas dezaten, baizik eta haurrek euskaraz ikas dezaten, euskaldun izateko.

 

Ziburuko sartze prentsaurrekoa 2022