Skip to main content

BESKOITZEKO IKASTOLA KEXU !

Submitted by editorea on Og, 2023/02/02 - 14:20

Beskoitzeko ikastolako burasoek elgarretaratze bat antolatu zuten urtarrilaren 17an, herriko etxearen aitzinean, herriko jantegian gertatzen den egoera larriaren salatzeko  

Beskoitzeko ikastola eta Herriko Etxearen arteko gatazkak kapitulu berri bat ezagutu du. Hezkuntza zentroa ttipi geratu delarik, berau handitzeko aterabideak atzemateko desadostasun giro batean, 3 urteko haur bati kantinan bazkaltzen ez uzteak tentsioa hozka bat emendatu du Lapurdiko herrian.

Iazko ikasturtea bukatu aitzin, Seaskako hezkuntza zentroak 2022ko irailerako 54 haurren izena eman zuen kantinarako, baina urtarrilean ikasle bat gehiago gehi zitekeela aitzinatuz. Sartzea baino zenbait aste aitzin, ikastolak Herriko Etxearen mezu elektroniko bat jaso zuen, adieraziz «bi zerbitzuendako (11.30 haurrendako eta 11.45 bertze ikasleendako), gehienez 54 haur har daitezkeela kantinan ikasturte osoan».

Urtarril huntan, ikastolak dio Fabienne Ayensa auzapezak uko egiten diola «55. haurraren izen emaiteari kantinan», leku eskasia argudiaturik. Herriko Etxeak haur horrek eskola publikoko haurrekin bazkal dezan deliberatu du. Ikastolak gaitzetsi du haurrak «ezagutzen ez dituen» beste haur batzuekin bere ikaskideak baino oren bat berantago bazkaldu eta ezagutzen ez dituen zaintzaileak izanen dituela. Burasoek uste dute erabakia ez dela pragmatikoa, «politikoa» baizik.

Herriko Etxeak dio ez dela arazorik

Patrick Elizagoyen Beskoitzeko auzapezaren axuantak ikastolako kantinan bere gelakideengandik bereizitako haurrari buruz egindako salaketei erantzun die Mediabasken. «Ez dakit non dagoen arazoa. Herriko Etxearen kezka nagusia da haurrek egoera erosoan jaten dutela», adierazi du. Gaineratu duenez, «ez zegoen lekurik. Burasoei ondoko zerbitzuan leku bat eskaini diegu eskola publikoko haurrekin. Burasoek onartu zuten proposamena. Guretzat afera hor bukatzen da».

Izan ere, Beskoitzeko ikastolak dio urtarrilaren 10ean hiru hautetsi joan zirela kantinara haurrak zenbatzera, galderak egitera eta 3 urteko haur horren xerkatzera.

Elkarretaratzea asteartean

Egoera horren salatzeko eta haurren kuota bukaera aldarrikatzeko, elkarretaratzea antolatzea erabaki dute. Urtarrilaren 17an asteartearekin iraganen zen, 18.00etan Beskoitzeko plazan, «Herriko Etxeak erabiltzen dituen manerak eta metodoak salatzeko».

(KAZETA)

Beskoitzeko ikastola kexu

BESKOITZEKO IKASTOLAREN AGIRIA

Gu, Beskoitzeko burasoak, Beskoitzeko herriko etxearen egiteko moldeekin desgustatuak eta haserre gorrian gira.
Kantinan, hiru urteko haur bati izen emaitea ukatu, Ikastolako haurra delako arrazoin bakarragatik, diskriminazioa da haur hunekiko eta Ikastolarekiko.
Gero haur hau kantinan « onartu » omen dute, kondizio hauekin :  Ikastolako haurretarik kanpo, bakarrik, berrogei minutu berantago beste eskoletako haur eta helduekin. Biolenzia morala eta psikologikoa da haurrarentzat, familia eta adixkideentzat.
BAINA EZ GAITEN TROMPA : maltzurkeria hunen atzean, Beskoitzeko Ikastolari da gezia zuzendua ! Bainan ORAIN ASKI ! Ez dugu deus barkatuko.
Egun, gauzak hala utziz, 55 garren haurra da hunkia eta bihar 56 a 57 a eta beste ikastolako haur guziak. Hoiendako gira, elkarrekin, borrokatzen !
Ikastolaren garapena medio guziekin limitatuz, xakur ttipi batzu bezala, herriko etxeak, sokatik loturik atxiki nahi gaitu eta bere euskararen folklorretzat baliatu.
Guk euskaldun gisa, euskaltzale eta euskal herritar gisa, ez dugu sekulan onartuko eta salatuko dugu gure hertsitzeko nahi hori.
Beraz, galdegiten dugu Herriko etxeari, ez Ikastolaren kontrako politika bat bainan politika zuzen eta berdin bat beste eskoler buruz.
Horregatik, galdegiten dugu hemendik goiti haur hunen eta ondokoen kantinan onartzea, bere Ikastolako adixkideekin.

Azkenik, nahi genuke Kontselari bakoitzari mezu hau entzunarazi :
Egun, gure haurrek leku eta ikasleku eskas ikaragarria dute eta memento berean kantinan debekatuak dira. Ez zirezte beharbada zuen politiko eta talde indarraren artetik ohartzen… Bainan pentsazazue zuen mandatu bukaeran zoin izan den interes publikoari eta onginahiari utzi duzuen ekarpena. Pentsa zoin izan den zuen ekarpena Beskoitzerentzat.  Oraindik ez da berandu, zuen gain da.

Anartean, guk gure borrokak segituko ditugu !

 

Bertsua

Ahalgingarrizkoa denez egoera
Zonbait bertsotan goaz hunen salatzera
Beskoitzen auzapezak nolako manera
Haur bat diskriminatuz sesiturik gera

Hemen kondatzen dena, ez aspaldikoa
Ez pentsa den De Lancre-n oi garaiekoa
Zerbait itxura badu molde berekoa
Aste huntan Beskoitzen gertatutakoa

Auzapez andereak emana manua
Ikastolari muga, haurren kopurua
Garapena haustea, duen helburua
Bortitzago eginez, bere mendekua

Ikastolak kantinan joa zuen heina
Auzapez kontseilarik eman zigutena
Ororen gainetik hau legez kanpo dena
Zerbitzu publikoa du hunek izena

Kantinarat etorri hiru kontseilari
Haur soberakinaren zirela xekari
Hiru urte dituen, gure haurnoari
Esplikapen bat eman, zentzugabeari

Ulertua genuen soberan ginela
Euskara, ikastola, arazoa zela
Beskoiztarrer "Eleak" gezurrak zirela
Erakutsiz denetaz, ere gai direla

Ikastola bezala gira zapalduak
Hautetsi diren batzuz ezin onartuak
Bizitzen ditugu guk, hauen mendekuak
Gure haurrak geldituz nahigabetuak