Skip to main content

LARZABAL KOLEGIOKO IKASLEAK SARISTATUAK

Submitted by editorea on Ar, 2023/06/06 - 14:39

ANDREA IBARRA kazetariak Ziburuko ikasleen balentria aipatu du KAZETA egunkarian.

Ikasturte hastapenetik, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko ikasle talde bat, Akitania Berri Eskualdeko beste 7 ikastetxetakoak bezala, lekuko immigrazioari buruzko proiektua lantzen ibili da. Rahmi immigrazioaren historia eta memoriako aktoreen sareak ALFISekin elkarlanean antolaturiko 'Migrazioa, herritartasuna eta bideogintza. Historia laburmetraiak' programaren baitan, zortzi ikastetxeak maiatzaren 31n dokumentalen sariketa emanaldian izan dira, Bordeleko Akitania Berria Eskualdeko Hotelean. Losseni Fofanaren inguruko laburmetraia izan da irabazle, beste bi lanekin berdinketan.

David Diop idazleak buru zuen epaimahaiak, besteak beste Pascal Blanchard historialaria eta Marion Duclos komikilaria epaimahaikide zituela, zortzi dokumentalen proiekzio eta aurkezpena ikusi zuen zeremonian. Ondotik, balorazioa eginik, hiru talde zituen saritzekoak eta hirurak berdinketan zirela erabaki zuen. «Berdinketan ziren hiru sari banatuko zituztela adierazi du... 'Losseni' dokumentala ozenki izendatu dutelarik, ze nolako sorpresa ukan dugun ezin da adierazi» azaldu du, emozioz, Piarres Larzabaleko animatzaile hezitzailea den Maritxu Larzabalek.

Ikasleekin Bordelerako trena hartu aitzin, «12 ikasleek urte osoan egin duten lanagatik, emaitza jakin aitzin, guretzat, irabazi dute» adierazi zuen Larzabal animatzaileak KAZETA.EUSi eskaini elkarrizketan. Azkenean, epahaimaia ere animatzailearen iritzi berekoa agertu da, eta Larzabalen hitzetan, ikasle bideogileak emozioz beterik dira, pozez eta harrotasunez batez ere.

Izan ere, ikasleak 2022ko irailaz geroztik ibili dira buru-belarri lanean, «lan orduak kondatu gabe», eskualdeko immigrazioaren historiaren parte diren pertsonen inguruko 2-3 minutuko bideo-portretak osatzeko xedez. Jarraibide hauekin, Piarres Larzabaleko hirugarreneko 12 ikaslez osaturiko taldeak Losseni Fofana etorkinaren historia izan du ardatz. Gidoia idatzi, narrazioa estudio batean audioan grabatu eta irudien bidez dokumental historikoa osatzea zuten eginbehar.

Donibane Lohizuneko Le Komptoir des Amis jatetxeko familiak etxean hartu eta lana eman zion Boli Costatik Euskal Herriratu zen gazteak. Horri esker, beti amestu zituen sukaldaritza ikasketak abiatu ahal izan zituen. «Ikasleek bere hisoria kontatzea erabaki zuten, ikasleak bertako edo inguruko herrietakoak direnez, etorkinen pasabidea hurbil baitute eta, hurbiltasunagatik, Losseni ezagutzeko interesa zuten» azaldu du Larzabalek.

Losseni Fofanak sorpresa eman nahi izan dio ikasle taldeari eta Donibane Lohizuneko tren geltokian itxaron ditu.

Bere historia ezagutzeko, topaketak egin ziztuzten kolegioan 2022ko abenduan zehar. Hortik abiatu eta gidoia idatzi ondotik, Biarritzeko Atabal gunean grabatu dituzte haien ahotsak. Azpimarratzekoa da lan osoa euskaraz eraman dutela eta, beraz, euskaraz aurkeztuko dutela laburmetraia, frantsesezko azpitituluekin, «epaimahaia frantsesa baita» zehaztu du animatzaile-hezitzaileak.

 
Saria PLK ikasleendako