Justizia euskararentzat! Euskararen eta euskaldunen kontrako jazarpena geldi!
Apirilaren 11n Euskal Herrian Euskaraz taldeko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian, abenduaren 3an -Euskararen nazioarteko eguna kari- auzitegiko paretan Justizia euskararentzat! pintaketa egiteagatik.
Azken hilabete eta urte hauetan euskararen eta oro har lurralde hizkuntzen kontrako erasoak biderkatzen ari direlarik (lurralde kolektibitateek lurralde hizkuntzak garatzeko hartu deliberoen deuseztatzea, euskaldunen hizkuntz eskubideen ez errespetatzea -izan ikasleenak azterketak pasatzerakoan, izan herritarrenak auzitegietan beren burua euskaraz defenditzea errefusatzen zaielarik, adibidez-, "Molac" legea aplikatzeko baliabideak ez ezarriz...), eraso eta bidegabekeria hauek salatzen dituztenak dira auzian ezartzen direnak.
Zer da pareta bat pinturaz "andeatzea" egunerokoan euskararen egoera pixkanaka-pixkanaka andeatzen delarik eta euskaldunen eskubideak zangopilatzen direlarik frantses Estatuak lurralde hizkuntzen kontra daraman politika linguizidoagatik?
Euskal Konfederazioak oroitarazi nahi du hizkuntz eskubideak nazioarteko hainbat testuk oinarrizko eskubide gisa kontsideratzen dituztela, eta, ondorioz, auzitegi batean lurralde hizkuntza erabiltzearena ere bai.
Auzipetuei babesa adierazteko, euskaldunen kontrako kriminilizatzea gelditu eta euskararentzat justizia eskatzeko, Euskal Konfederazioak euskaltzale guziak mobilizatzera deitzen ditu: apirilaren 6an, 11:30ean, Baionako auzitegitik abiatuko den manifestaldian parte hartuz; eta apirilaren 11n (arratsaldez, auzia iraganen den egunean) Baionako auzitegiaren aitzinean bilduz.
Baiona, 2025eko martxoaren 31n

