Gaur, Etxepare lizeoko Leheneko ikasleek matematikako probaren emaitzen berri izan dute.
Lehenik eta behin, ikasle guztiak zoriondu nahi ditugu. Egoera korapilatsua eta nahasgarria izan arren, ausardiaz eta erantzukizunez jokatu dute, eta hori bereziki azpimarratu nahi dugu.
Zinez pozten gaitu euskaraz egin diren probak zuzenduak izan direla jakiteak. Horregatik, Bordaleko Errektoretza eskertu nahi dugu, euskarazko probak zuzentzeko egin duen hautuagatik eta, horren bidez, ikasleen aukera-berdintasuna bermatzeko erakutsi duen borondateagatik.
Haatik, heldu den ikasturtean Leheneko ikasleek berriz ere ziurgabetasun-egoera bera bizi ez dezaten, ezinbestekoa iruditzen zaigu Frantziako Hezkuntza Ministerioak uda honetan Baxoan euskararen —eta gainerako hizkuntza gutxituen— lekua arautzeko argitaratuko duen dekretuan matematikako proba ere jasotzea.
Era berean, 2027ko ekainetik aitzina, dekretu berriak ezarriko duen markoaren esperimentazio gisa, Terminaleko ikasleek Baxoko ahozko handia eta berezitasunetako proba bat euskaraz aurkezteko aukera izan dezaten eskatzen dugu.
Ikasturte honetan urrats garrantzitsuak eman ditugu ikasleen hizkuntza-eskubideak eta aukera- berdintasuna bermatzeko bidean. Horrelako aitzinamendurik ez litzateke posible izan guztion mobilizaziorik gabe.
Bihotzez eskertu nahi ditugu azken hilabeteotan mobilizatu diren ikasleak, familia guztiak, irakasle eta langileak, Euskal Herriko hautetsiak, gure eskaerak Pariseraino eraman dituzten parlamentariak, eta beren atxikimendua adierazi duten herritarrak oro. Jarraian doakizue sostengua adierazi duten herrien, instituzioen eta hautetsien zerrenda.
Urratsez urrats, gure hizkuntza-eskubideak erabat aitortuak izan daitezen lanean segituko dugu.
Azterketak Euskaraz !
Kanbo, 2026ko uztailaren 10ean
Seaska