Skip to main content

2026-2027 IKASTURTE HASTAPENEKO PRENTSAURREKOA

Submitted by editorea on

Seaskak 4.302 ikaslerekin hasiko du ikasturtea. Lehen mailako demografia apaltzen bada ere, sare osoak eusten dio ikasle kopuruari, eta bigarren mailako hazkundeak jarraitzen du.

2026-2027ko ikasturteari hasiera emanen diogu testuinguru demografiko aldakor batean, baina Seaskaren proiektuak sendo jarraitzen du. Gure helburua argia da: haur eta gazte guziei euskaraz ikasteko, bizitzeko eta hazteko baldintza egokiak eskaintzea, hezkuntza proiektu herrikoi, sendo eta inklusibo baten bidez.

 

1. Ikasle kopurua: egonkortasuna sare osoan, hazkundea bigarren mailan

Aurten, 4.302 ikasle izanen dira Seaskako ikastoletan, joan den ikasturtean baino 39 gehiago.

Hezkuntza maila

2026-2027ko ikasleak

Bilakaera

Lehen maila (haur eta lehen hezkuntza)

2.548

−11

Kolegioak

1.208

+28

Etxepare lizeoa

546

+21

OROTARA

4.302

+39

Datu horiek bi joera erakusten dituzte. Ipar Euskal Herriko sortze kopuruaren apaltzea lehen mailan nabaritzen hasi da. Aldiz, azken urteetako hazkundea kolegioetara eta lizeora heltzen ari da.

Beraz, testuinguru demografikoa ezkorra izanik erez, Seaskako ikasle kopuru orokorrak ez du behera egiten. Horrek ikastolen dinamismoa eta familiek gure proiektuan duten konfiantza erakusten ditu.

 

2. Ikastolak egokitzen eta hezkuntza baldintzak hobetzen

Ikastolen egoitzak berritzeko eta egokitzeko lanean jarraitzen dugu, ikasleek eta hezkuntza taldeek baldintza duinetan lan egin ahal izan dezaten.

Azkaingo ikasleak eta langileak ikastola berrira aldatu dira. Urtarrilean Beskoitzeko ikastolaren aldia izanen da, eta ondotik Arberoakoa etorriko da. Eraikin berri horiek ikastolen errotzea, hezkuntza komunitateen egonkortasuna eta herriekiko lotura sendotzen dituzte.

 

3. Bigarren maila eta lanbide heziketa garatzen

Bigarren mailako hazkundeari erantzutea izanen da ondoko ikasturteetako erronka nagusietako bat. Kolegioetako eta lizeoko ikasle kopurua handitzen ari denez, espazio, langile eta baliabide gehiago beharko ditugu, baita hezkuntza eskaintza zabalagoa ere.

Ikasturte honetan ARTA saila —frantsesez ASSP deitua— irekiko dugu Etxepare lizeoan. Horrez gain, lanbide heziketako beste bi sail irekitzeko aukera lantzen ari gara Errektoretzako eta Akitania Berriko Eskualdeko teknikariekin. Bigarren sail teknologiko bat irekitzeko eskaera ere bideratuko dugu.

Gazte bakoitzak bere gaitasun eta proiektuari egokitutako ikasketak euskaraz egiteko aukera izan behar du. Horregatik, lizeo orokorra, sail teknologikoak eta lanbide heziketa garatzen eta dibertsifikatzen jarraituko dugu. Luzegabe aurkeztuko ditugu, halaber, 2027ko sartzean Donapaleun ireki nahi dugun bigarren lizeoari buruzko xehetasunak.

 

4. Murgiltze eredua, euskararen transmisiorako tresnarik eraginkorrena

Seaska da Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua haur hezkuntzatik lizeora arte eskaintzen duen sare bakarra.

Euskararen etxeko transmisioa ahultzen ari den honetan, eskolak gero eta eginkizun handiagoa du hiztun osoak sortzeko. Gure esperientziak erakusten du murgiltzea dela euskaraz ikasteko, hitz egiteko eta bizitzeko gaitasun sendoa garatzeko eredurik eraginkorrena.

Ondoko urteetako erronka, beraz, Ipar Euskal Herrian sortzen diren haurretarik ahal bezain bat ikastoletan errezibizitzea izanen da. Horretarako, ikastolaren proiektua familia gehiagori ezagutarazi eta haiengana hurbildu behar dugu.

Irudia
sartzea 2026 urtean

5. Ikastola, haur eta familia guzien herri eskola

Ikastola herri eskola da, eta haur eta familia guziek dute lekua gure artean. Euskararen transmisioan dugun erantzukizunagatik, haur guziek izan behar dute ikastolan beren bidea egiteko aukera.

Murgiltze eredua ez da euskaraz dakiten familiei bakarrik zuzendutako hautua. Euskaraz ez dakiten familientzat ere bada, haien haurrei euskararen jabe egiteko aukera ematen baitie.

Gure proiektuak lau ezaugarri nagusi uztartzen ditu: murgiltze eredua, euskararen transmisioa, komunitatearen parte-hartzea eta ikaslearen garapen osoa xede duen hezkuntza proiektua.

 

6. Hezkuntza proiektuaren ardatza: inklusioa

Seaskaren proiektuaren lehen zutabea hizkuntza bada, bigarrena hezkuntza xedea da. Inklusioa gure hezkuntza proiektuaren ardatz nagusietako bat da: ikasle guziek izan behar dute eskolan ikasteko, garatzeko eta beren bidea egiteko aukera.

Aniztasuna ez dugu oztopo gisa ulertzen, aberastasun gisa baizik. Horregatik, antolaketa pedagogikoa, baliabide propioak eta langileen prestakuntza indartzen jarraituko dugu.

Estatuak Seaskako ikastolei eskaintzen ez dizkien baliabideei gure bitartekoekin erantzuten diegu. Ahalegin handia da gure hezkuntza komunitatearentzat, baina ezinbestekoa ikasle bakoitzaren beharrei erantzuteko.

 

7. Ikasturte berrirako norabidea

Ikasturte honetan bost lehentasunek gidatuko dute gure jarduna:

Lehen mailako sartzeak sendotzea: Hiru urteko haurren eta familia berriengana hurbilduko gara, ikastolaren proiektua hobeki ezagutarazteko eta haur gehiagori murgiltze ereduan sartzeko aukera emateko.

Bigarren mailako hazkundeari erantzutea: Kolegioetako eta lizeoko ikasle kopuruen gorakadari erantzuteko behar diren espazioak, langileak eta baliabide pedagogikoak bideratuko ditugu.

Hezkuntza eskaintza dibertsifikatzea: Lizeo orokorreko ibilbidea osatzeaz gain, sail teknologikoak eta lanbide heziketako sailak garatzen jarraituko dugu, gazte bakoitzak bere proiektua euskaraz eraiki ahal izan dezan.

Inklusioa eta prestakuntza indartzea: Ikasle guziei erantzuteko antolaketa pedagogikoa eta baliabide propioak sendotuko ditugu, eta irakasle nahiz langileentzako prestakuntza egokitua garatuko dugu.

Ikastolen errotzea eta baldintza materialak hobetzea: Ikastola bakoitzak bere lurraldean baldintza duinetan eta iraunkorretan garatzeko behar dituen eraikin eta azpiegiturak lortzeko lanean jarraituko dugu.

Erronka horiek ezin dira Seaskaren gain bakarrik utzi. Euskarazko murgiltze eredua garatzea eta haur guziei baldintza egokietan eskaintzea lurralde osoaren ardura da. Horretarako, erakunde publikoen engaiamendu iraunkorra, baliabide egokiak eta epe luzeko ikuspegia behar ditugu.

 

Laburbilduz

Testuinguru demografikoa aldatzen ari bada ere, Seaskaren proiektuak etorkizuna du. Etorkizun hori eraikitzeko, ikastola familia gehiagorengana zabaldu, murgiltze eredua indartu eta haur bakoitzari bere bidea euskaraz egiteko aukera eman behar diogu.

 

Horra 2026-2027ko ikasturteari begira Seaskak hartzen duen engaiamendua. 

 

2026ko sartzea