Apirilaren 22an, denak Baionarat !
Urte luzeetako borrokari esker, gure ikasleek Brebeta berriz ere euskaraz izatea lortu dugu. Baina Baxoko frogak frantsesez egin behar dituzte lizeotarrek. Baxoko erreforma aitzin, azken frogetarik bi (Matematika eta Historia Geografia) euskaraz egiten ahal zituzten. Egun azken froga guziak eta Ahozko Handia frantses hutsean dira, nahiz eta dena euskaraz ikasten duten.
Brebeta irabazi dugu, baina ez dugu desmobilizatu behar. Alferrik ariko gara gure haurrak euskaraz mintza daitezen, ikasitakoa ondotik ezin badute baliatu. Euskara azterketetan, euskara herriko etxeetan, euskara karrikan, lanean, euskarazko mundu bat dugu irabazteko, eta helburu horri buruz mobilizatzen segitu beharko dugu.
Benetako hizkuntza politika ausarta behar du euskarak. Apirilaren 22an Frantziako Gobernuari, Akitania, Pirinio Atlantikoei eta Euskal Elkargoari mezu argia helarazi behar diegu: Euskarari Trabarik ez !
Apirilaren 22an familia guztiek behar dugu Baionan izan, sortu berritik amatxi arte. Ikastolak gara euskararen motore, ezin dugu hutsegin. Ondoko hilabeteetan botere publikoekin izanen dugun indar harremana dugu jokoan. Euskararen aldeko aro berri bat dugu irabazteko, irakasle postuak, gure finantziazioa, Aek, Uda Leku, Euskal hedabideak, Konkolotx eta beste elkarteen sosak eta biziraupena dira jokoan.
Hartu Azterketak Euskaraz, Baxoa Euskaraz eta Brebeta Euskaraz tixertak, atera ikurriñak eta irriparreak, Euskarak bizi behar du!
Seaskako Batzorde Eragilearen izenean
Peio Jorajuria
Seaskako lehendakaria
Peio Jorajuria
Seaskako lehendakaria