Joan den abenduan, Donapaleun egin zen Seaskaren Ikastolen Kontseilua. Bertan aurkeztu ziren Baxe Nafarroako herrian kokatuko den Seaskaren bigarren Lizeoaren proiektua, eta etorkizunean Bernat Etxepare Lizeoan eskainiko diren lanbide heziketako sailen garapena, bi ikastetxeen osagarritasuna nabarmenduz.
Lanbide heziketako eskaintzari dagokionez, Eskualdeari ARTA-ASSP baxo profesionalera prestazen duen saila irekitzeko eskaera egin zitzaiola adierazi genuen. Geroztik erantzuna iritsi zaigu: Otsailaren 2an, Akitania Berriko eskualdeko batzar iraunkorrean 2026ko formazio karta bozkatu zen, eta bertan heldu den irailean Bernat Etxepare Lizeoan ARTA- ASSP baxo profesionalera prestazen duen saila irekitzen ahalko dela agertzen da.
Erabakia pozez hartu dugu, aitzineko hilabeteetan egindako lanaren berrespena bezala. Baxo profesional honen nundik norakoak aurkeztu aitzin, ARTA sailaren irekitzeari buruzko hiru puntu nabarmendu nahi genituzke:
1- ARTA saila lanbide heziketaren bilakaerari buruzko gogoeta orokor baten emaitza da.
Gaur egun, Bernat Etxepare Lizeoan, sail orokorraz gain, bi baxo profesional prestazen ditugu lanbide heziketan:
AHA baxo profesionala (Adinekoen eta Haurren Animazioa – frantsesez Animation Enfance et Personnes Agées)
Merkataritza eta Salmentako Lanbideak baxo profesionala (frantsesez Métiers du Commerce et de la Vente)
Bestalde, ibilbide teknologikoan baxo teknologiko bat prestatzen da:
MKZT baxo teknologikoa (Managementaren eta Kudeaketaren Zientzia eta Teknologiak – frantsesez STMG)
Gaur egun, gizartearen jarduera ekonomiko gehienak bost ardatzen arabera bana daitezke: pertsona, lurra, ekoizpena, kultura eta kudeaketa. Ondoko urteetan, bi lizeoen eskaintzak gizarte batean oinarrizkoak diren ardatz bakoitzeko formakuntza bat eskaintzea izango dugu helburu. ARTA sailaren irekiera logika horretan kokatzen da, pertsonei emandako zerbitzuen arloan hain zuzen.
2- ARTA saila, profesional euskaldunak formatzeko baxo profesionala
Gaur egun, lehen haurtzaroaren eta pertsonentzako arta eta zerbitzuen sektoreak, profesional euskaldunak behar dituzten sektoreak dira, are gehiago, ez dirudi etorkizunean joera aldatuko denik:
Ipar Euskal Herriko bilakaera demografikoa, populazioaren zahartzea dela eta, EHPADetan, CCASetan edo Etxeetako Laguntzaile elkarteetan profesional euskaldunen beharra handituko da ondoko urteetan.
Bestalde, EEPren eta Lurralde elkargoaren hizkuntza politika dela eta, haurtzaindegietan eta harrera anitzeko egituretan ere (accueil multi-service) profesional euskaldunen beharra handituko da.
Aurreikuspen haiek datu estatistikoetan oinarritzen dira, baita ere sailaren irekitze eskaera prestatzerakoan Ipar Euskal Herriko aktore ekonomiko eta botere publikoekin egindako trukaketetan.
Formakuntza honetan, 3 urtez, ikasleak formatuak izanen dira publiko ezberdinei (adineko, ahalmen urritasun egoeran diren heldu/haur; haur gazteak) zuzenduak diren arta keinu teknikoak egiten. Baita ere, lurraldean arta arloan aurkitzen diren egitura ezberdinak zeintzuk diren eta azkenik, ikasleek ikasiko dute nola eraiki/eraman publiko ezberdinei zuzenduak diren osagarri heziketa ekintzak.
3- ARTA baxo profesionala Ipar Euskal Herriko eragile sozial eta ekonomikoekin elkarlanean prestauko dute ikasleek
Lehen harreman haietatik gure diagnostikoa partekatzeaz eta baieztatuaz gain, elkarrekin eramaten ahal genuken lanaren inguruan aritu gara. Elkarlan honetatik denek irabaziko genukela iruditzen zaigu:
Eragile sozial eta ekonomikoek euskaraz arituko diren profesionalak eskas diren momentuan, halako soslaia duten profesionalak formatzeko.
Etxepare Lizeoa: formakuntzak iraungo dituen hiru urteetan, gure ikasleei ikastaro gune desberdinak eskaintzea izango da.
Dagoeneko ondoko egiturak gurekin elkarlanean aritzeko prest agertu dira:
- Donapaleuko Adin Ederra egitura
- Iholdiko Goxa Leku eta Isturitzeko Pausa Leku EHPADak biltzen dituen AAPAVA elkartea
- Ipar Euskal Herrian zehar 8 haurtzaindegi eta haurtzain etxe biltzen dituen Konkolotx elkartea
- Hendaiako CCAS – Gizarte Ekintzarako Herri Zentroa
- Hiriburuko CCASa
-Bere ardurapean 11 haurtzaindegi eta Elkargoko Gizarte Ekintzarako Zentroa dituen Euskal Hirigune elkargoa
Azpimarratzekoa da egitura haiek, jatorri guztietako ikasleei harrera egiteko Ipar Euskal Herriko lurralde osoa estaltzen dutela, baita lehen haurtzaroan eta pertsonen artan eta zerbitzuetan dihardutela, ahalik eta formakuntza osoena eskaintzeko.
Bestalde, Seaskak eskaintzen duen formakuntza bukatu ondotik, gure ikasleek Erizain laguntzaile (IFAS) eta Haurtzain erizain laguntzaile (IFAP) eskolak errazago integratu ahal lituzkete, baxo profesional honekin hainbat modulo gaindituak izanen baitituzte. Kasu honetan, Amikuze aldeko IFASak bere interesa adierazi duela ere azpimarratu nahi dugu.
Seaska