Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota du Ziburuko udalak, ikastolaren kontra galdegin zigor handitzea. Guy Poulou auzapezak eta Isabelle Dubarbier auzapezordeak eguneko 100€ko isuna 400€ra pasatzea galdegin zioten auzitegiari, ikastolak Marinela auzoan dagoen lurra utzi bitartean. Baina epaileak Seaskak tokiak uzteko egin ahaleginak azpimarratu ditu eta udaletxearen eskaera onartzeko arrazoinik ez dagoela dio.
Horretaz gain, Ziburuko gehiengoan diren hautetsiek uxerraren gastuak eta kostuak Seaskaren gain ezartzea galdegin zuen baina epaileak ez du halakorik onartu. Gisa berean, 100€ko isunaz gain, egun bakoitzeko isunaren gaineko interesak ordainarazi nahi zituen auzapezaren taldeak, baina epaileak ere ez ditu onartu.
Epaileak 100€ko isuna berretsi du hala ere, ikastolak lur publikoan segitzen baitu auzapezaren baimenik gabe. Azaroaren 28an, 7 900€koa da isuna orotara, horiei jadanik urrian ordaindutako 4 370,30€ak kendu behar zaizkielarik.
Egoera beraz, irailaren 1ean genuen bera da. Ikastolak 100€ ordaindu beharko du eguneko, baldintza duinetan berkokatzeko beste lekurik atzematen ez duen bitartean.
Seaskak bere borondatea berriz ere agertu nahi du aterabide bat lehenbailehen atzemateko. Gisa horretan berriz ere dei egiten dio udalari elgarlanari ekiteko eta ikastolaren kontrako ekimen oro bertan behera uzteko (elektrizitate mozketa, uxer bidalketa, administrazio zerbitzuei salaketa segurtasun batzordearen bisita bapatekoa lortzeko, auzitegietan salaketak eta abar).
Seaskak bihotzez eskertu nahi ditu azaroaren 8an mobilizatu diren herritar guziak, eta « Nik ere ikastola bat nahi dut Ziburun » kanpainarekin aitzina segitzeko deia egin du, eguneko zigorra ordaintzeko eta ikastola ahal bezain fite beste leku batetara eramateko beharrezkoak diren sosak bildu ahal izateko.
Euskadiko Kutxa: ES37 3035 0059 88 0590731027
Crédit Agricole FR76 1690 6800 2401 1930 8510 028
Seaska diruz lagundu