Skip to main content

BECTSO SAIOA BAIONAN

Submitted by admin on Al, 2015/23/03 - 13:40
Apirilaren 18an, Euskal Herriko bertsolari ospetsuenak Baionako antzokian izanen dira, Ziburuko ikastolaren aldeko saioan ! Barakaldoko BEC gela erraldoian 15 000 ikusleen aitzinean iragan zen Euskal Herriko Bertsolari txapelketa nagusiaren azken finalean parte hartu zutenak hor izanen dira ! Gertakari bikain hori aurtengo Herri Urrats kanpainaren karietan antolatzen dugu. Ez ahantz Herri Urrats 2015eko maiatzaren 10ean izanen dela (Senpereko aitziraren inguruan, bistan dena !)
 

Bertsolariak

Amets Arzallus txapelduna hor izanen da ! Bainan Hendaiako ikastolako ikasle ohia ez da bakarrik jinen ! Gaur egun zazpi probintzietan ibilki diren improbisatzaile famatuenak ere jinen dira. Bertsularitzaren izar biziak ! Lehen aldikotz denak elgarrekin Baionan ! Ipar Euskal Herriko ikastolentzat ohore handia ! 
Alfabetikoki aurkezturik :
Sustrai Colina
Igor Elortza
Beñat Gaztelumendi
Unai Iturriaga
Maialen Lujanbio
Aitor Mendiluze
Aitor Sarriegi
 

Antzokia

Baionako antzokia leku berezia da Baionesentzat. 1834 urtean hasi ziren eraikitzen, italiako estiloan. 1842an estreinatu zutenetik, herriko etxea ber egoitzan kokatu zuten. Zoin bitxia, politika antzerki hutsa balitz bezala ! Alta, badakigu biek (politika eta antzerkia) ez dutela elgarrekin ezer ikustekorik ! Baionako pestak hasten direlarik, antzokiaren balkoinatik, jendetzari hiriko "giltzak" botatzen dizkiote. 2013 urteko Korrika, antzokiaren aitzineko plazan amaitu zen, milaka eta milaka jendeekin. Antzokiaren barneko egitura 2004 urtean arras arraberritu zuten. Gaur egun 590 ikusle aterbetzen ahal ditu. Azken bi mende hauetan, aktore eta musikari handiak jin dira bertan jokatzera: jazzmen amerikarrak, Clown pailazo errusiarrak, Pariseko Comédie Française ospetsuaren hainbat aktore... Famatuena izan da, doaike,  Ferenc Liszt hungariarra. 1844 urtean hunat jin zen piano kontzertu batzuen egitera.

 

Txartelak nun erosi ?

A-Txartelak ikuskizunaren egunean antzokian bertan zuzenki erosten ahalko dituzu, 17:00tik goiti.
B- Ipar euskal herriko ikastola guziek txartelak salgai badituzte. Zure herriko ikastola dei ezazu.
C- Baionako ELKAR dendan ere salgai izanen dira martxoaren 31etik goiti
D- Aldiz, txartelak aitzinetik erosi nahi baldin badituzu, diru emaitza elektroniko baten egitea bide laburrena da !
Biziki sinpleki egiten ahalko duzu. Urrats desberdinak hemen azpian zehaztuak zaizkizu.
 

Nola egin ?

1- Azpi huntako irudietan klika ezazu. Gazteleraz "donar" hitzaren gainean edo, frantsesez nahiago baldin baduzu, "faire un don" erranaldiaren gainean
2-10 €ko diru emaitza (hots, txartelaren prezioa) egin ezazu (edo 20€/30€ /40 € ... eskatzen dituzun txartel kopuruaren araberakoa)
3- Zure diru emaitza egina izanen delarik,  horrelako agiri bat automatikoki eta berehala eskuratuko duzu.
4- Ondotik aski duzu agiri hori seaska-ramuntxo@orange.fr helbidera bidaltzea (paga froga gisa) Ez ahantz zure izena zehaztea !
5- Bertso saioaren egunean, txartelak zure izenean atxikiko ditugu antzokiaren sartzean (17:00tik goiti)
6- Kasu ! Kokapena librea da! Ondorioz, nahi duzun eserleku librean jartzen ahalko zara. Ateak 17:30etan idekiko ditugu.
 

Seaska diruz lagundu