Skip to main content

IKASTOLAK ALERTA GORRIAN

Submitted by admin on Ar, 2018/17/04 - 18:02

Apirilaren 2an, Sarako plazan, ikastoletako burasoek beren kezka adierazi zuten, datorren sartzeko baliabideak ez baitira segurtatuak. Prentsak elkarretaratze hunen berri eman zuen.

KAZETA

2018-04-02 (Idoia Eraso)

Heldu den urtean Seaskako ikastoletan 230 ikasle gehiago izanen badira ere, mementoko irakasle lanpostu berririk ez dietela egokituko baieztatu dute botere publikoek. Gobernu frantsesak mezu bera helarazi die gainerako eskualdeetako murgiltze ereduetako eskolei.

Ikastolen federazioak agerraldia egin zuen atzo Saran, heldu den ikasturtean izanen den egoera larriaren berri emateko. Seaskako buruekin batera, “Kasu ikastolak kexu” orriak esku artean zituzten hamarka guraso eta haur bildu ziren, eta mobilizazio garaia abiatu dela jakinarazi zuten. Maiatzaren 13an izanen den Herri Urrats aitzin, zenbait ekintza eginen dituzte, eta maiatzaren 4ean, ostiralarekin, "ekimen azkar bat" eginen dutela iragarri zuten.

Egoera ikusirik, Euskararen Erakunde Publikoaren, Hezkuntza Ministerioaren eta Seaskaren arteko negoziaketak bertan behera utzi ditu azken honek. Bestalde, martxoaren hastapenean Akademia errektorea den Olivier Dugripek Seaskarekin 2018-2020 hitzarmena berritzeko arazorik ez zuela adierazi zuen, baina federazioko lehendakari Paxkal Indok hau erantzun zuen: "Bistan da 0 posturekin ez dela hitzarmen berritzerik izanen".

Egungo 3.686 ikasletik 3.920ra igaroko da heldu den urtean Seaska; hau da, %6tik gorako igoera izanen du, eta egoera horri erantzuteko 25 lanpostu beharko lituzkeela dio federazioak. Irakasle postu berririk egokitzen ez bazaie, ikastolen bi herenak kaltetuak izanen dira. "Lehen hezkuntzan 29 eta 50 ikasle arteko taldea izanen lirateke, eta bigarren hezkuntzan, 40 ikasle ingurukoak. Egoera horretan ikastolak alerta gorrian dira. Paue, Bordele eta Parisen jarrera aldaketa erdietsi arte mobilizazio fasera pasako gara", adierazi zuen Indok.

Egungo egoera testuinguruan kokatzeko, azken 13 urteetan ikastolek Ipar Euskal Herriko hezkuntzan duten portzentajea bikoiztu egin dela oroitarazi zuten; %10 izatera pasa da, eta joerak jarraituz gero, hurrengo urteetan %20ra helduko litzateke.

Estatu mailan

Parisetik mezu kontraesankorra heldu da azken egunotan; izan ere, martxoaren 29an Hezkuntza ministro Jean-Michel Blanquerrek jarrera ona agertu arren –"Gobernuak eta nik eskualde hizkuntzak borondate onez ikusten ditugu"–, Seaska bezala Estatuko beste eskualdeetan murgiltze sisteman ari diren federazioak baliabideen blokeoarekin edo murrizketekin mehatxatu dituzte.

Murgiltze ereduan ari diren federazioak batzen dituen Eskolim elkarteak Pariseko Gobernuarengana zuzentzeko asmoa du, aho batez beren eskubideen aldarrikapena egiteko.

 

BERRIA

2018-04-03 (Ibai Maruri Bilbao)

Irailetik aurrera 230 ikasle gehiago izango dituzte ikastolek, eta. 25 irakasle berri behar dituzte igoerari erantzuteko. Harremanak hautsi dituzte Hezkuntza Ministerioarekin, eta mobilizazioetara deitu dute.

Datorren ikasturtean oraingoan baino 230 ikasle gehiago izango dira Seaskaren ikastoletan. Baina egungo irakasle kopuru bera eduki beharko duela adierazi dio Frantziako Hezkuntza Ministerioak. «Egoera jasanezin horren aurrean, ikastolak alerta gorrian ipini dira», ohartarazi du Paxkal Indo Seaskako presidenteak. Agerraldia egin zuen atzo, Saran (Lapurdi). Kasu! Ikastola kexu! lelopean, dozenaka guraso eta ikasle bildu ziren frontoian, hiru helbururekin: egoera salatzea, Hezkuntza Ministerioarekin harremanak hautsi dituztela azaltzea eta mobilizazioetara deitzea. Maiatzaren 4an egingo dute handiena, ostiralarekin.

Abenduan hasi zituzten datorren ikasturtera begirako negoziazioak. Seaskarekin eta Hezkuntza Ministerioaren ordezkariekin batera, EEP Euskararen Erakunde Publikoko kideak ere eseri dira mahaian. Akitania Handiko Errektoretzak —Hezkuntza Ministerioak eskualdean duen egitura da— bigarren mailako postu berriak bere gain hartuko zituela adierazi zien Seaskako ordezkariei. Lehen mailetarako, berriz, 4,5 postu gehiago hitzeman zizkien Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako Akademia ikuskariak 2018ko irailerako. «Baina martxoko bilkuran, Akademia ikuskariak eta Errektoretzak adierazi digute heldu den sartzerako guretako zero postu dituztela, eta bilkurak eta negoziazioak bertan behera gelditu dira». Seaskaren kalkuluen arabera, 25 postu berri beharko lituzkete euren ikastola, lizeo eta kolegioen beharrizanei egoki erantzuteko.

Indok ohartarazi du egoera horrek Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hiru ikastolatik biri kalte egingo liekeela. Datuak eman ditu. Lehen mailetan 29 ikasleko taldeak izango lirateke, eta, lekuka, 50 ikasle ere bai. Lizeoan, 39 ikasleko taldeak edukiko lituzkete; kolegioetan, 36koak, 38koak, eta 47 ikaslekoak ere bai. «Ikastolak Laborantza Ministerioaren menpeko ezarri nahi ote dituzte, hezkuntza ordez hazkuntza intentsiboa egin dezagun?».

Hezkuntza egitura propioa

Ipar Euskal Herriko egoera Frantziakoarekin alderatu du Indok. «Ez dugu konprenitzen nolaz estatu osoan 32.000 ikasle gutxiago izan diren heldu den sartzean lehen mailan, eta memento berean 3.800 postu gehiago izanen diren. Eta memento berean guk 230 ikasle gehiago izanen ditugu, eta postu emendatzerik ez? Gure haurrak bigarren zonako herritarrak ote dira?». EEPren datuak dira: azken hamahiru urteetan ikastolen hazkundea %80koa izan da lehen mailetan, %80koa kolegioan eta %46koa lizeoan. Eskola pribatu eta publikoen hazkundea, berriz, %1ekoa eta %2koa izan da, hurrenez hurren. «Nola erantzun ikastolek bizi duten hazkunde horri zero postu gehiagorekin?», egin du gogoeta.

Hiru erakundeek hiru urterako hitzarmena dute, ikastolen garapena segurtatzeko. Baina Indok ohartarazi du azken hitzarmenetik ez dela betetzen. «Alta, joan den martxoaren 2an, Olivier Dugrip errektoreak prentsaren aitzinean argiki esan zuen Seaskarekin 2018-2020 eperako hitzarmena berritzeko asmorik ez zela».

Indok argi dauka: Ipar Euskal Herriak hezkuntza arloan ere egitura propioa behar du. «Hitzarmen bat baino gehiago, Akademia ikuskari propioa behar dugu, euskal hezkuntzaren beharrei erantzuteko». EEP, Euskal Elkargoa eta EPFL aipatu ditu, beste arlo batzuetako adibide modura. Hezkuntzaren alorrean ere beste horrenbeste egin behar dela azpimarratu du. Horregatik, hautetsiei dei egin die ardurak har ditzaten. Herri Urrats arte mobilizazio aro bat irekiko du Seaskak, tokian tokiko ekintzekin, eta horietan parte hartzera deitu du.

 

 

isabelle miquelestorena.JPG