Skip to main content

IKASTOLAK KEXU !

Submitted by admin on Og, 2018/31/05 - 16:50

Seaskako 36 ikastetxeek elkarretaratzeak egin dituzte irakasle gehiago eskatzeko

Seaskak beste 25 postu galdegin ditu; Frantziak bost eta erdi eskaini ditu. Datozen egunetan mobilizazio gehiago egingo dituzte.

(Jon Ander de la Hoz - Argazkia Isabelle Miquelestorena)

 

Irakasle postu gehiago eskatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo Seaskako ikastolak dauden 32 herrietan. Seaskako iturriek adierazi dute datorren ikasturterako beste 25 irakasle postu galdegin dituztela, baina Frantziako Hezkuntza Ministerioak 5,5 eskaini dituela. Halaber, gaineratu dute ministerioaren eta Seaskaren arteko hitzarmenaren izenpetzailea den Euskararen Erakunde Publikoak hamabost posturen «beharra» estimatu duela gutxienez.

Eguerdian egin zituzten elkarretaratze gehienak, eta beste batzuk arratsaldeko 18:00etan geratu ziren. Protestariak Baionan eta Hazparnen elkartu ziren, zerga etxeen aurrean: «Zergak biltzeko garaian gaude, eta gure zergekin gure irakasleak ordaintzea galdegin dugu», azaldu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Donibane Garaziko elkarretaratzean, berriz, herriko igerileku berriaren aurrean batu zirenek suprefetarekin biltzeko aukera izan zuten. Guztira, Ipar Euskal Herriko 36 ikastetxeetako ordezkariek hartu zuten parte elkarretaratzeetan.

Gorostiaga gustura dago atzoko protestek jaso erantzunarekin. Aldarrikapen sorta baten parte ziren atzo egindako elkarretaratzeak; gaur elkarretaratzera deitu dute, Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzaren atarian, 19:00etan. Heldu den larunbatean, berriz, Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroak Senperen duen bigarren etxearen atarian piknika egiteko deialdia zabaldu du Seaskak: «Larunbaten giro alaitsuan bilduko gara, eta familiei dei egiten diegu danborrarekin azaldu eta parte har dezaten».

Aurrez, maiatzaren 4an Baionan egindako manifestazioak 7.000 lagun bildu zituen. Han azaldu zutenez, eskatutako 25 postuak eskuratu ezean, hurrengo ikasturtean 40 ikasle baino gehiagoko gelak egongo dira zenbait ikastetxeetan.

Parlamentarien bilera nahia

Gorostiagaren esanetan, Frantziako Gobernuak «aurrekonturik eza» argudiatu du Seaskaren eskariei ezezkoa emateko, eta baita hezkuntza publiko eta pribatuko ikasle kopurua ere. Azken hori, baina, «aitzakia» baino ez da, Gorostiagaren esanetan: «Gure ikasle kopurua etengabe ari da hazten, eta gauza bera katalanen, alsaziarren eta bretoien kasuan ere». Aurreikusi dute Seaskako ikastoletan 230 haur gehiago izango direla.

Gauzak horrela, Ipar Euskal Herriko lau senatari eta diputatuek Frantziako Gobernuarekin bilkura bat egin asmo zuten aste honetan, gaia jorratzeko, baina bertan behera geratu da, Gorostiagak zehaztu duenez:«Ministroak ez du onartu bilera proposamena». Hala, Seaskako kideek mobilizazioetara deitzen jarraituko dute, konponbiderako zirrikitua aurkitu artean.

Nun da Charlie_bis.jpg