Skip to main content

IKASTOLEN EGUTEGIA

Submitted by admin on Al, 2016/01/02 - 13:34

NEREA OLASO - "AIZU" ALDIZKARIA - 2015eko Abenduan

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastoletako gurasoei betidanik egokitu izan zaie buruari eragitea euren seme-alaben euskalduntze prozesu arrakastatsua ziurtatzeko. Orain 34 urte burutazio bat izan zuten, baita asmatu ere! Seaskaren egutegia, hain zuzen ere. Euskara maite dutenen etxe guztietan sartu da, sukalderaino.

Seaskaren historian jazotako gertakari gehienak bezala, hau ere guraso talde baten eskutik etorri zen, 70eko hamarkadaren amaieran. Diru iturri berriak bilatzeko, burua astindu beharra dago, eta horretan adituak bilakatu dira Iparraldeko ikastoletako gurasoak urte hauetan guztietan. Hastapenean, egunak baino ez zeuden idatzita egutegian, baina 1982an izenak gehitu zituzten, eta gaur egun ezagutzen duguna bilakatu zen. Paris aldean ikusi omen zuen guraso batek eta gauza bera egitea proposatu zuen. Santutegien egutegiak saltzen ziren jada, baina gizartea euskalduntzea zuten xede. Helburua, bikoitza: dirua lortzea eta euskal kultura bultzatzea.
Ikastola bakoitzak saltzen dituen egutegien dirua jasotzen du. Irabaziak ikastolaren funtzionamendurako izan dira beti, fakturak eta eguneroko bizitza segurtatzeko. Hasieran, 200 familia inguru baino ez ziren eta 2.000 ale egin ziren. Egun, ordea, 50.000 inprimatzen dira. Gehienak Iparraldean, baina baita Hegoaldeko hainbat lekutan ere, besteak beste, Durangoko Azokan, Elkar dendetan eta zenbait ikastolatan.


Aukeraketa lan mardula
Izenak euskalduntzeko lanak buruhauste handiak ekarri zituen hasieran. “Eztabaida handiak izan zituzten” dio Ramuntxo Etxeberri Seaskako langileak. “Hainbat itzuli egin ziren izenak topatzeko”. Jose Mari Satrustegiren Euskal izendegia liburua izan zen lehen erreferentzia. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kide horrek ikerketak egin zituen eta 1972an argitaratu zuen lehendabizikoz izendegia, jendartean euskal izenen eskakizuna areagotzen ari zenean. Bestetik, giro giristinora ere jo zuten. Elizak erabil-tzen zituen izenak behatu eta santu ba-tzuen izenak euskaldundu zituzten. Hirugarren iturria enpirikoa izan zen. Hegoaldeko ikastoletako zerrendak begiratu zituzten, ikasleen artean zeuden euskal izenak topatzeko. Azken iturria literatura izan zen; klasikoetan zein XX. mendeko literaturan agertzen ziren pertsonaien izenak aztertu zituzten.
Lau iturri horien bidez, izen mordoa bildu zen. Egun bakoitzari izen bat eranstekoa ez zen nolanahi egin. “Zentzua emanda egiten saiatu ziren. Ahal bezainbat lotura izan zezatela, herriko festekin, esaterako” azaldu du Etxeberrik. Izenei dagokienez, lehen egutegitik ez da aldaketa handirik egin, egokitzapenak besterik ez. Halaber, orrialdearen gibelean, bizpahiru izen gehiago agertzen dira, izen nagusiaren azalpen txiki batekin batera. “Izen batzuk ez badira gehiago erabiltzen, modan diren izenak gehitzen dira. Egun bakoitzerako izen bat baino gehiago aurki dezakegu. Gutxitan kendu izan dira izenak; batez ere, gehitu egiten dira”. Ehunka izen biltzen ditu, beraz, egutegiak, eta ia nolabaiteko ofizialtasuna ere lortu dute. Ramuntxo Etxeberrik kontatu digunez, jaso izan dituzte deiak herriko etxeko erregistro zerbitzuetan izen jakin bat jartzeko zailtasunak zituztenengandik. Beraz, froga gisa, deitura nondik heldu den azalduz, agiriak egin behar izan dituzte noiz edo noiz.


Izendegi bilakaturiko egutegia
Haurra izatekotan dauden bikote askok erosten dute egutegia seme-alabaren izena aukeratzeko asmoz. “Durangoko Azokan, bikoteak gure postura gerturatu eta izenak komentatzen eta begiratzen hasten dira” dio Ramuntxo Etxeberrik. Izan ere, denborarekin, euskal izendegi ere bilakatu da. Azken hamarkadotako euskal izenen zerrendari ekarpen handia egin dio, aspaldiko eta oraingo euskal izenen hedapenari. Iparraldeko izen ttipiak nagusitzen dira: Gaxuxa, Etxahun, Maiana, Lili, Joanes, Antton, Andu… Seaskakoa erreferentziazko izendegia da seme-alaben izenak aurkitzeko buruhausteak izaten dituzten gurasoentzat. Izenen liburu bat baino errazagoa da irakurtzeko, eta horrek ere zerikusia du egutegiaren arrakastan. Izen bereziak bilatzeko erabili ohi da, haurraren berezitasuna adierazi nahi dutenek, behintzat. Beste batzuk, ordea, izen klasikoen bila aritzen dira. Etxeberri ika-miken lekukoa ere izan da: “Durangon, bikote gazte bat hurbildu zen eta neskak zioen oso itsusia zela. Mutilak, berriz, ez zegoela azkeneko joeren artean,  baina, hala ere, erosi egin behar zutela. Ez zegoen hauturik. Esan zion urtero legez zenbait euro gastatu behar zituztela, egutegi itsusi hori erosi eta Iparraldeko ikastolei laguntzeko”.


Egutegiaren itxurak hamaika neke eragin die Seaskako gurasoei. Nola berritu gogoetatu ostean, orain bost urte argazkiak gehitzea erabaki zuten. Euskal Herriko argazkilariekin partaidetza hasi dute era horretan; argazkiak eskaintzen dituzte eta, egutegiaren bidez, euren lanaren iragarkia egiten da zazpi probintzietan.
Hala, ohitura bilakatu da urtero egutegia erosi eta sukaldean zintzilikatzea. Esnatu, tira dagokion egunera jaitsi eta izena begiratzea. Ezagunak gogoratzea eta horiek zoriontzea. Tradizio bilakatu da euskal familien artean. Modernizatzeko gogoeta asko egin diren arren, azkenean molde horretako egutegi bakarra da merkatuan eta, beraz, horrelaxe da ezaguna. Ez zitzaion estetikari erreparatu sortu zenean, praktikotasunari baizik: orri handi horiekin, paper gutxiago gastatzen zen inprimategian. Halako batean lan egiten zuen guraso batek aholkatu zuen, paperaren erabilpena hobetzeko. Ez zen, ez, txikikeria, praktikoa eta errentagarria behar baitzuen izan. Mozkinak euskararen alde direlako.

argazkia- Xan Aire.JPG