Skip to main content

MOBILIZAZIOA PAUEN

Submitted by admin on Al, 2018/24/09 - 16:04

Irailaren 8an, Pauen egin dugun mobilizazioaren berri eman zuen prentsak. Huna hemen GARA-ko Idoia Erasoren artikulua

 

IKASTOLEN KEXUA ENTZUN DU HEZKUNTZA MINISTROAK PAUEN

Idoia ERASO - GARA (2019-09-09)

SEASKAK HARRERA ZARATATSUA EGIN ZION ATZO MINISTROARI. GURASO ETA LANGILEEK POLITIKARIARI KEXUA HELARAZTEN ZIOTEN BITARTEAN, FEDERAZIOKO DELEGATUAK MINISTROAREN KABINETEKO ORDEZKARIEKIN BILDU ZIREN, BAINA EZ BILKURAK, EZ GOBERNARIAK EGIN ADIERAZPENEK EZ ZUTEN EGOERA ALDATZEKO ASMORIK ERAKUTSI.

 

Paueko Erakusketaren 70. edizioa ireki zuen atzo Jean-Michel Blanquerrek. Erakustazokaren atarian Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko 150 pertsona bildu ziren, ikasturte hasiera honetarako eskas dituzten 20 irakasle lanpostuak eskatzeko. Beste eskoletako aldarrikapenen eta Seaskako kideen oihu eta pankarta artean pasatu zen Gobernuko kidearen autoa.

Protestak kanpoko garrasiekin utziak zituela uste zuen segizioak, baina barruan zeuden beste guraso eta irakasleekin egin zuen topo. Beren buruari “B planeko kide” deitu zioten 30 bat euskaltzalek “Kasu, ikastola kexu” zioten orriak zeramatzaten eskuetan, eta ahotan. Horien artean zegoen Felipe Lascaray Seaskako langilea lauzpabost minutuz aurrez aurre mintzatu zen Blanquerrekin. Elkarrizketan Seaskak egun dituen bi arazoak azaldu zizkion Lascarayk; alde batetik, eskatutako 25 lanpostuetatik 5,5 besterik ez dizkietela eman, federazioa bere aldetik finantzatzera behartuz; bestetik, hirurteko hitzarmenaren izenpetzea dago, zeina Seaskak ez duen sinatuko aurtengo lanpostuak, eta bereziki hurrengo urteei begirakoak, ziurtatzen ez badizkiote. Lehen aldarrikapenari, emandakoa aski zela erantzun zion, eta akordioari dagokionez, mintzatzeko prest dela baieztatu zuen.

Hala, ferian zehar aurrera jarraitu zuen Macronen Gobernuko kideak, eta orduan sortu zen eguneko tentsio momenturik handiena. Ministroari segika, Seaskako kideek eraikin batera sartu nahi izan zuten, baina polizia nazionalek utzi ez eta egoera aski bortitza sortu zen. Guardiek protestan zirenak kanporatu eta atea ixteko bultzatu zituzten, euskaltzaleek «hemen gaude euskararen alde» zioten bitartean.

Baina ez ziren horregatik kikildu, eta Blanquer eraikinaren beste ate batetik atera zenean, berriz ere «ikastolen kexua» heldu zitzaion. Hurrengo eraikinera heldu aitzin, hainbat Seaskako kide barrura sartu ziren. Horrela, politikaria pasillo artean bisitan ari zenean Iñaki Lekuona irakasleak ikastoletan bizi den egoera azaltzen zuen gutuna eman zion eskura. Idatzia hartzean ministroak «bere borondate onaren» berri ematen zion bitartean, berak baliabide gehiago eskatu zizkion.

 

Erantzun ofiziala

«Kexuaren» oihartzuna hedabideetara heldu zen. Hala, France 3 telebista publikoan zuzenean egin zioten elkarrizketan eta eman zuen prentsaurrekoan egin zizkioten galderetan gai “entzutetsuena” mobilizazioa izan zen. Baina hedabideen aurrean eman zuen erantzuna Seaskako kideei jakinarazitakoaren bidetik joan zen: «Elkarrizketarako guztiz irekia naiz; gainera, urte batzuetarako hitzarmenaren eztabaidan sartzen garenez, nahiago nuke beste postura batean egongo balira. Manifestatzen diren pertsonek gehiago nahi dute, 25 postu, baina guk borondate ona izateak ez du esan nahi eskola publikoekin dagoen parekotasuna bete behar ez dugunik».

«Errespetuz» esan arren, ikastoletako jendeak egindako mobilizazioarekin ez zegoela pozik esan zuen hautetsiak: «Nahiago nuke manifestazio zaratatsurik egongo ez balitz, horrek ez du nire ikuspuntua aldatuko. Nahiago dut fede eta borondate oneko pertsonen artean hitz egitea».

Erakustazokatik ateratzean, ministroaren kabineteko kideekin prefekturan elkartutako Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria eta administrazio kontseiluko Peio Jorajuria bilkuratik heldu berriak ziren. «Ordu eta erdiz bildu gara eta egoeraren berri eman diegu; hau da, aurtengo beharrak handiak direla, bereziki urtean zehar bi urteko 100 ikasle izatera helduko garelako, inoiz baino gehiago. Horrek erran nahi du heldu den urteko ikasturte hasiera ere sekulakoa izanen dela».

 

Calandreta

Okzitaniera irakasten duten Calandreta eskoletako kideak ere atean egon ziren protestan, horiek ere eskatu zituzten 13 postuetatik bi soilik jaso dituztelako. Eskualde-hizkuntzen aldeko eragileen arteko elkarlanaren seinale, kanpoko aldarrikatzaile euskaldun guztiak erakustazokatik hurbil zegoen “calandreta” batera gonbidatu zituzten, jatekoa eta edatekoa eskainiz, bilkuran ziren ordezkarien zain ziren bitartean, eta etxerako bidean jarriko zituen autobusa hartu bitartean.

guz_seaska_blanquer_bobedme106.jpg