Skip to main content

SEASKAREN AGIRIA

Submitted by editorea on

Gure eskaerari erantzunik, aste honetan hainbat bilkura izan dugu. Ministroak joan den asteburuan erran zituenak konfirmatuak izan zaizkigu; hau da, 2028ko Baxoan ikasleek Berezitasun bat euskaraz egiten ahalko dutela eta Ahozko Handiko froga ere parte batean. Erran bezala, erabaki baikorra da.

Bestalde, Matematikako azterketari dagokionez, ekainaren 12an eginen dute Etxepare lizeoko ikasleek euskaraz. Ulertu dugu ikasleen ongizatea babestua izanen dela, ez direla kaltetuak izanen eta euskaraz eginen diren matematikako azterketak zuzenduak izanen direla.

Horregatik, aitzinikusiak genituen mobilizazioak bertan behera geldituko dira, ekainaren 6an Bordelen egitekoa genuen elgarretaratzea barne.

Eskertzen ditugu azken hilabeteotan mobilizatu diren ikasleak, familia guztiak, gure eskaerak Parisera eraman dituzten parlamentariak, sustengua adierazi diguten Euskal Herriko hautetsi guztiak, irakasle eta langileak, eta bereziki Herri Urratsera etorri diren milaka herritarrak. Urratsez urrats, gure hizkuntzari zor zaion ezagupena lortuko dugu.

Egun, bihar, etzi : Azterketak Euskaraz !

 

Seaskako Batzorde Eragilea

Kanbon, 2026ko maiatzaren 28an