Skip to main content

Sustrai Colina bertsularia kolegioan

Submitted by admin on Al, 2015/13/04 - 15:07

Herri Urrats 2015 kanpainaren karietara, apirilaren 18an Baionako antzokian, Sustrai Colina, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus eta Unai Iturriaga taula gainean elkartuko dira. Bertsolarien iniziatiba izan den hitzorduaren irabaziak Ziburuko ikastolarentzat izanen dira. Hitzorduaz mintzatzeko, Sustrai Colinak Bernat Etxepare lizeoa eta Xalbador kolegioa bisitatu du.

Aurtengo Herri Urrats jaialdiak "axik ikastol@" mezuarekin, Ziburuko ikastolaren alde joko du. Gogoratu behar da ikastolak Ziburuko Marinela auzoan lurra erosteko proiektua duela eta horretarako 300.000 euro behar ditu. Ideia horri laguntzeko Euskal Herriko bertso txapelketaren finalistek apirilaren 18an Baionako antzokian gaualdi bat prestatu dute.

Zortzi bertsolari hoberenak taula gainean lehiatuko dira. Horietariko bi Seaska ikastolatik pasatu da. Adibidez: Euskal Herriko txapelduna 2013an den Amets Arzallus edo 2014. urtean Xilabako txapelduna izan den Sustrai Colina.

Seaskak beti harreman zuzena izan du bertsoekin eta batez ere bertsoen irakaskuntzarekin. Hain zuzen ere, gaur egun elkarlanean Odei Barroso, Aimar Karrika eta Xan Alkhat bertsolariek Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko ikastolak bisitatzen dituzte haurrei errimak egiten erakasteko. "Hizkuntzaren aldetik aberastasun handia baita bertsolaritza, argumentazio eta kontraargumentazioaren ariketan", nabarmendu du Seaskak.

Sustrai Colina ikasleekin parez-pare

Seaskak eta bertsolaritzak duten lotura hori adierazteko eta hitzordu iragartzeko, iragan den apirilaren 8an Sustrai Colinak Xalbador kolegioa eta Bernat Etxepare lizeoa bisitatu zuen. Bertso batzu kantatzeaz gain, bertsolariak ikasleen galderei erantzun behar izan zien.

 

sustrai kolegioan.jpg