Milaka milesker joan den larunbatean Baionara jin zareten familia, irakasle eta langileeri. Bakantza garaian, rugby matx inportante baten tenore berean, etxe anitzetatik abiatzean euria jautsala ari zelarik, familien ahaleginak saria ukan du eguzki eder batekin. Ttipi eta handi, denak han ginen, zinez txalo handi bat merezi duzue !
Azterketen arazoaz haratago, inportanta zitzaigun euskalgintzaren egoera gorria ezagutaraztea, eta iduritzen zaigu helburu hori lortu dugula. Orain, manifestaldiak eman bultzada baliatuko dugu tokiko instituzioak mugiarazteko.
Larunbatean herriak hitz egin zuen, orain tokiko instituzioei dagokie hitza hartzea eta herriaren euskara goseari erantzutea. Euskararendako aro berri bat loratzea lortu behar dugu, eta lortuko dugu.
Euskararen aldeko borrokak ez du atsedenik, eta maiatzaren 14a Herri Urrats aitzin ere, jadanik badugu beste kezkarik. Pariseko Hezkuntza Ministeritzak 5 postu eman dizkigu heldu den ikasturterako, guk 15 galdegiten genituelarik. Joan den astean errektoretzarekin ukan dugun mezu trukaketan, beste behin ere ateak hetsiak atzeman ditugu... Baina negoziaketa ez dugu itxitzat ematen eta ezinbestekoa izanen da postu gehiagoren lortzea.
Bigarren mailetan, Senpereko kolegioa berria idekitzeko dotazioa segurtatua da eta gauza ona da, baina mementu berean 30etik gorako gelak ukanen ditugu zenbait kolegioetan, hala nola Manex Erdozaintzi kolegioan eta Baionako Robles Arangiz kolegioan. Hori ez da onargarria, eta elgarrekin finkatu akordioak ez ditu errespetatzen.
EEPri galdegiten diogu bilkura bat berehala antolatu dezan, batetik heldu den sartzeko postuak lortzeko eta bestetik, ikastolen garapena segurtatuko duen Hitzarmena negoziatzen hasteko. Izan ere Hezkuntza ministeritza eta EEPrekin dugun hitzarmena iaz iraungi zen eta hiru urteko hitzarmenerako momentuz ez dugu neholako berririk.
Joan den larunbatean hasi bidean urrats berri bat eginen dugu Senperen maiatzaren 14ean. Alde batetik Senpereko kolegioa eraikitzen laguntzeko sosa bilduko dugu. Eta bestetik, Herri Urratsen, euskara eta ikastolak aldarrikatuko ditugu.
Eleak ele, erranak erran, gaur egun euskararen biziraupena eta euskararen erabilera segurtatzeko dugun tresna bakarra ikastolak dira. Haur Hezkuntzan ikasleen %15 hurbil eskolatzen dugu murgiltzean ikastoletan. Haur Hezkuntzatik Baxoraino Ikasleen %30 murgiltze ereduan izatean hasten ahalko gara hatsa hartzen, ez lehenago. Eta hori lortzeko, beharrezko postuak eta ezinbesteko finantzamendua lortu behar ditugu bai ala bai. Maiatzaren 14ean elgar ikus arte, milesker berriz ere.
Seaskako Batzorde Eragilearen izenean, Peio JORAJURIA, lehendakaria