Skip to main content

SEASKAREN SARTZEA

Submitted by editorea on Or, 2023/08/09 - 13:54

Prentsaurrekoan parte hartu zuten Pantxika Fagoaga & Anne Pagola Kattalin Elizalde kolegioko bulegokideek, Michel Bidegain & Iñaki Lekuona Kattalin Elizalde kolegioko lehendakariak & zuendariak, Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak

 

Ongi etorria

Michel Bidegain, Kattalin Elizalde kolegioko lehendakaria

"Egun on, eta ongi etorri Kattalin Elizalde ikastolarat. Biziki kontent gara, orain dela hilabete batzuk amets bat zena errealitate bilakatu delako. Joan den urtarrilean hasi ziren lehen lur mugimenduak hemen eta gaur egun eraikuntza eder hau xutik ikustea sinestezina da. Sartzea biziki ongi iragan da. Oraino badira hobetzekoak, hala nola garraioetan, baina bestenaz biziki kontent gira.

Zinez eskertu behar ditugu proiektu huntan inplikatu diren Seaskako burasoak, Egoitzak batzordea, Ikastolen Elkartea eta hau posible egin duten guziak.

Arrangoitze, Basusarri, Ahetze, Azkaine, Senpere, Sara, Zuraide, Ainhoa, Urdazuri eta Zugarramurdiko haurrendako kolegioa berri dugu hau. 6.eta 5.eko 82 ikaslerekin hasi dugu, eta ondoko urteetan 150 ikasletik goiti izatea espero dugu, kolegioa handitzeko aitzinikusiak diren guneak ere betetzeko."

Irudia
Senpereko Kattalin Elizalde kolegioa - airetik ikusia

 

Seaskaren sartzea

Peio Jorajuria, Seaskako Lehendakaria

Ongi etorria Seaskako 39. ikastolari. Euskal Herri mailako 114. ikastolari. Eta zorionak zueri, burasoeri, lehenak izan baitzirezte proiektu huntan sinesten, jakinik ere lanak arras bukatuak izanen ez zirela, zuen haurren izenak eman baitituzue kolegioan.

Baina erran duzun bezala, epeak bete dira, Ikastolen Egoitzako burasoek lan bikaina egin dute eta Etchart enpresak helburuak lortu ditu. Milesker, lau menderen ondoren, injustuki kondenatua izan zen Kattalin Elizalderi bizia emanen baitiozue, eta euskara indartuko baituzue eskualde honetan.

Eskertu behar ditugu ere aurten euriaren kontra eta uholdeen gainetik Herri Urratsera etorri diren jendeak, eta ezin etorriz emaitzak egin dituztenak. Horiei esker ere gaur kolegio berria dugu Senperen.

Kattalin Elizalderen 82 haurrak, beste ikastoletako kopuruei gehituko zaizkie.

Astelehenean 4 170 ikaslek egin dute sartzea ikastoletan, haur hezkuntzatik lizeorat, iaz bezalatxu, 4 ikasle gehiagorekin. Ondoko egun eta asteetan 2 urteko ikasleek eginen dute sartzea, 70 haur gehiago, bakoitzak bere erritmoan 4 200 ikasleen heina gainditzeko 39 ikastoletan.

Kopuru batzuk azpimarratzekotan, Baiona eskualdean ikasle kopuruak goiti egiten duela nabarmenduko nuke, hala nola Oihana ikastolan 155 ikaslerekin (+18), Baiona Hiriondo 71 (+4), Angelu 126 (+6) edo Hiriburu 104 (+5).

Barnekaldean ere Amikuzeko ikastolaren dinamika azpimarratu behar, 100 ikasleen heina gainditu baitugu lehen aldiz 106 ikaslerekin (+6).

Hala ere azpimarratzekoa ikastola tipienak azkartzen direla : Bardozen Xarnegu ikastola 4 ikaslerekin 2021ean sortua, aurten 15 izanen dira, Ahetzen 19 (+7), Bokalen 23 eta urtean zehar sartuko direnekin 26. 

Kolegioetan kopuruek goiti egiten dute 40 ikaslez, eta lizeoan +25, 475 ikasletara heltzeko.

Hala ere ez dira xifre guziak onak. Sortzeen apaltzeak segitzen du eta kostaldean etxebizitzen prezio ikaragarriak geroz eta familia gehiago barnekalderat desterratzen ditu kostaldean ezin biziz. Bereziki sendi dute egoera hori Hendaia edo Donibane Lohizuneko ikastoletan azken urteotan.

Irudia
Senpereko kolegioa

Erronkak

Alde batetik lanak bukatzekoak ditugu hemen, kirolgunea, sukaldea eta zenbait gela. Eguberri aitzin dena prest izanen da. Bestetik lurraren auzia konpontzekoa dugu. Egun hauetan agertu diren informazioak zuzendu nahi genituzke. Aitzineko auzapezarekin ez genuen adostu lurra urririk ukaitea. Adostu genuen alokatze anfiteotiko bat egitea. Prefetak erranik, alokatze anfiteotikoa ez da posible, beraz herriak lurra saldu beharko digu eta guk erosi. Herriko etxearekin prezioa eta ordainketa moduak adostekoak ditugu.

Gisa berean, kolegioa hemen egiteko Dominique Idiart auzapezak galdegin zigun kirolgune bat egitea. Usaian kolegioetan egiten dugun ezker pareta tipi bat egin ordez, nazioarteko normetan den eskubaloi gune handi aterpetua egin dugu, Senpereko SPUC kirol klubak ere baliatzeko gisan. Herriko etxeak kirol gune hori alokatzeko baldintzak ere adostu beharko ditugu auzapez berriarekin. Bi aldeetatik borondate ona bada, ez da arazorik izanen konponbiderako.

Bestalde, Beskoitzen ikastola berria egiteko permisa pausatu dugu eta urte zibila bukatu aitzin erantzun bat izatea espero dugu.

Irakaskuntza gaieri dagokionez, Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Hezkunde Minitzeritzarekin dugun akordioa 2022ko agorrilean bururatu zen. Geroztik bi bilkura egin genituen joan den ikasturtean, baina gure eskaerek ez dute erantzunik ukan. Bereziki Baxoa euskaraz izan dadin, eta beste eskolek bezala irakasle berezituak ukan ditzagun nahi genuke, baina ez dugu erantzunik. Atzo Emmanuel Macron Biarnoan zen beste hainbat aldiz bezala. Gabriel Attalekin biltzeko eskaera egin dugu, baina agenda betea omen zuten.

Jean Michel Blanquerren ezetzen ondoren, Pap Ndayie jin bezala joan da, eta bere kabinetearekin ez dugu bilkura bakar bat egiteko aukerarik izan. Gutienez Brebetaren gaia konpondu du joan aitzin Ndayiek, baina hainbat galdera erantzun gabe utzi.  Espero dezagun Gabriel Attalek gutienez komunikazio bide bat idekiko digula, hainbat gai ditugulako berarekin aipatzekoak, Seaskari dagozkionak baita murgiltze ereduari buruz orohar.

 

Irudia
ariztia 2023

Ariztia egoitzaren bilana

Badakizue uda huntan Etxepare lizeoko barnategian Ariztia Egoitza sortu dugula sasoilarien aterbetzeko. Biziki interesgarria eta biziki gogorra aldi berean. Guk pentsatzen genuen udan sasoilari lanetan aritzen diren gazteendako gune bat izanen zela. Baina hastapenetik ohartu gara, sasoilariendako egoitza bat izateaz gain, egoitza soziala izan dela ere. Gure jendartean miserian eta bazterrean bizi diren jendeak ezagutu ditugu. Turistei erakusten diegun karta postalaren gibelaldea ikusi dugu bi hilabetez. Uda sasoinean uztail eta agorrilan etxea kario alokatzeko etxetik botatzen dituzten adin bateko jendeak, lana bai baina aterperik ez duten jendeak, ukraniar errefuxiatuak, lan bila heldu diren atzerritarrak eta beste aterpetu behar izan ditugu. Egia erran, ez ginen prestatuak halako zailtasunetan den publikoa errezibitzeko.

Ekonomikoki egin ditugun langile eta material gastuak estaliko behar genituzke Akitaniako eskualdeak eta Enplegu ministerioaren laguntzari esker, baina gaur egun ez gira prest senditzen halako esperientzia gogor bat errepikatzeko gutieneko baldintza batzuk gabe, zerbitzu sozialen laguntzarik gabe. Ondoko egunetan eginen dugu bilana tokiko botere publikoekin. Argi da ikaragarriko behar bat badela, baina botere publikoei dagokie behar horri erantzutea eta beharrezko baliabideak ezartzea. Gu eskola bat gara, buraso elkarte bat. Borondaterik hoberena dugu baina horrelako proiektu baten segitzeko gutieneko batzuk segurtatu beharko dira.