Skip to main content

250 IKASLE KANTUZ ANJE DUHALDEREKIN !

Submitted by editorea on

Seaska, iparraldeko ikastolen federazioak, plazer handi batekin bere Bigarren Mailako 4 ikastetxeek eramaiten duten proiektu artistiko ederra aurkezten dizue. 11/12 urteko 6º mailako 262 ikasle Anje Duhalde kantari famatuarekin elgarrekin oholtzaren gainean arituko baitira, Donibanen eta Maulen iraganen diren 2 kontzertuetan. 

 

Ikasle kantari guzi horiek Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberukoak dira :

  • 77 ikasle Ziburuko Piarres Larzabal kolegiokoak

  • 51 ikasle Senpereko Kattalin Elizalde ikastetxekoak

  • 63 ikasle Kanboko Xalbador kolegiokoak 

  • 71 ikasle Lartzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegiokoak.

 

Bi kontzertu programatuak izan dira:

  1. 2026ko martxoaren 3an, asteartean, Donibane Lohizuneko Tanka gelan

  2. 2026ko maiatzaren 22an, ortziralean, Mauleko Jai Alaiean.

 

Kontzertu horietan, ikasleak baldintza profesionaletan arituko dira Anje Duhalde eta bere musikariekin, egiazko “artista” batzuen errola jokatuz. Horrela, esperientzia eszeniko paregabea eta ahaztezina bizitzeko aukera izanen dute.

Musika proiektu kolektibo hau 2025eko udaberrian sortu zen:

  • 2025eko ekainean: Anje Duhaldek kantuak hautatu zituen.

  • 2025eko uztaila-agorrilan: Intza Daguerre Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko musika irakaslea eta proiektu oprokorraren koordinatzaileak kantuen partizioneak idatzi eta moldatu zituen.

  • 2025eko irailetik abendura: Anje Duhalderen musika taldearekin kantuen egiturak landu eta prestatu ziren.

  • 2025eko irailetik 2026ko martxora: ikasleek kantuak landu dituzte kolegioan beren musika irakasleekin.

 

PROIEKTUAREN HELBURUAK

Proiektuak helburu desberdinak baditu :

1) Ikasleen kultura-irekitzea eta arte-hezkuntza:

Helburu nagusia izan da ikasleei sorkuntza artistikoko murgiltze-esperientzia baten eskaintzea, musikari profesional batzuekin zuzenezko harremana ukanez.

Praktika artistikoari dagokionez, irakasleek beren ikasleen jakin-min kulturala eta entzute aktiboa sustatu dituzte 2025eko abenduan Anje Duhalderekin ikastetxe desberdinetan izan diren topaketekin. Artista famatuak bere ibilbidea eta bere pasioa gazteekin partekatu zituen.

Horrez gain, Anje Duhalde eta bere taldearekin entsegu bat programatu zen Luhusoko Harri Xuri gelan urtarrilaren 30ean, eta ikasleek zuzenean ikusi zuten musikari profesionalek nola lan egiten duten: musika tresnen prestaketa, partizioneen erabilpena, musika zatien finkatzea... Ikasleek heientzat ezezaguna den esperientzia bizi izan zuten, ikuspuntu artistiko batetik.

Azkenik, ahotsaren lana ere aberastu dute urtean zehar beren ikastetxean, Denise Olhagaray musikariaren laguntzarekin.

 

2) Musika- eta kultura-ondarearen transmisioa:

Kultur ondare aberatsa transmititzeko asmoz, talde pedagogikoak euskal rockaren historia eta bilakaera gazteekin aipatu du, aitzindaria izan den Anje Duhalderen ibilbidearen bidez. Proiektu horrekin, artisten, irakasleen eta gazteen belaunaldien arteko lotura indartu da, memoria eta sorkuntzaren inguruan. Horren bidez, ikasleak kultura-transmisioko aktore bihurtu dira, euskal folk/rock errepertorioko obra klasikoak interpretatuz.

Proiektu hau euskal ondare “imateriala” zaintzeko dinamika batean kokatzen da, eta testuinguru historikoa eta kantuen hitzen analisia ere landu dira. Lan hau fintzeko, kanpoko hizlari ezberdinak etorri ziren ikasgeletara testuinguru artistiko eta soziala haurrei esplikatzeko (Jojo Bordagaray, Jean Bordaxar, Beñat Sarasola, Joanes Borda, Aire anderea, Haicaguerre anderea, Dolharre anderea)

Proiektuaren inguruan liburuxka bat sortuko da, berantago zabalduko dena.

 

3) Euskararen balorizazioa:

Proiektu osoa euskaraz eraman da, eta komunikazio hizkuntza bakarra izan da.

Gure helburua izan da euskara hizkuntza bizi gisa sustatzea. Horregatik proiektuko komunikazio guzia (musikariekin, entseguak, instalakuntza, kanpoko interbentzioak,...) euskaraz izan da. Bertzalde, ikastetxe desberdinetako ikasle guziak helburu linguistiko berdinekin elkartu dira proiektu honetan eta beren komunikazio hizkuntza euskara da.

 

4) Gazteen inplikazioa eta loraldia:

Prestaketatik hasiz oholtzaren gainean publikoaren aitzinean izan arte, gazteak aktibo atxiki dituen proiektu honi esker, batzuek lehen aldikotz bizi izan duten praktika artistikoa izan da. Egitasmoak haurren gaitasun artistikoak eta linguistikoak garatu ditu, baita ere beren autokonfiantza eta engaiamendu kolektiboa.

Gainera, proiektu honek funtsezko helburua du gure kulturarentzat, gure lurraldean pittaka pittaka desagertzen ari den kantuaren praktika bultzatzen baitu. Seigarreneko ikasleak, ikastetxera iritsi berriak direnak, kantuan murgildu dira, eta harreman biziki positiboa izan dute praktika horrekin.

Azkenik, lurraldeko ikastetxe desberdinen arteko lotura sortu da, eskualde berekoak izateko sentimendua indartuz, nahiz eta distantziak izan.

 

Txartelak salgai dira otsailaren 25etik goiti

https://labur.eus/rwveqw9l

Irudia
 Afitxa Anje 250