Skip to main content

PRENTSA AGIRIA - BAXOA EUSKARAZ

Submitted by editorea on

Prentsa agiria

Gaur goizean, apirilak 2, Seaskako ordezkaritza Jean-Marc Huart Bordeleko Akademia Errektorearekin bildu da Bordelen, Baxoko Azterketak euskaraz izan daitezen egin galderari erantzun bila. Bilkura adeitsua izan da eta oren bat eta erdi iraun du.

Hizkuntza gutiagotuek Baxoan izan behar duten tokiari buruz Ministeritzak gogoeta bat abiatu duela baieztatu digu errektore jaunak. Urtarrilean ministroari gutun bidez adierazi genion bezala, Seaskak, euskarazko irakaskuntzaren aktore nagusi gisa, gogoeta horretan partaide izan behar duela ohartarazi diogu, ez daitezen beste behin Parisen hartu erabakiak hizkuntzaren premien kontrakoak izan. Errektoreak, gure eskaera entzun du eta Ministeritzan aipatuko du.

Azterketei dagokienez, Errektoreak ez digu berehalako erantzunik eman. Epe laburreko derogazio sistemaren ordez, epe luzeko kuadro bat hobetsi du. Hala ere, aurtengo aterabide bat atzeman behar dugula ohartarazi dugu.

Ahozko Handia partez euskaraz egiteko aukerari buruz ere, gure eskaera entzun du, erantzun zehatzik eman gabe. 

Azterketak euskaraz izatea, euskarazko irakaskuntzan ari garen hiru sareen eskaera ezinbestekoa dela azpimarratu dugu. Hizkuntza politikaren urrats garrantzitsua da, euskal instituzioek sustengatzen dutena, ikuspuntu politiko ezberdineko parlamentariek sustengatzen dutena. 

Oroitarazi diogu ere, 2012tik goiti Baxoan matematikak euskaraz egiteko aukera Bordeleko errektoreak eman zigula eta dioen borondatea baldin badu, berak ere halako erabaki bat har dezakeela. 

Bestalde, Matematikako azterketa aitzinatuaren agindua 2025eko ekainaren 10ean atera zela ohartarazi diogu, bertan azterketa zein hizkuntzatan egin behar den ez delarik zehazten. Ikasturte hastapenean errektoreari gutun bidez ohartarazi genion, bere erantzunik ezean, Matematikako azterketa euskaraz prestatuko zutela gure ikasleek. Erantzunik ez dugunez jaso, Matematikako azterketa euskaraz pasatzeko prestatu dira ikasleak.

Ondoko egunetan erantzun bat ukanen dugula adierazi digu errektoreak. Anartean bihar Baionako suprefetura aitzinean Baxoa Euskaraz kolektiboak deitu duen elkarretaratzera deitzen dugu arratseko18 :30tan. 

Orain, Baxoa Euskaraz ! 

Baxoa euskaraz orain 2026