Skip to main content

DANBORRADA MAIATZAREN 23AN

Submitted by editorea on

Azkenean eskuratu ditugu heldu den sartzerako dotazioak. Seaskak Iazko azaroan, gure irakasle postu gehigarri beharrak jakinarazi zizkion Ministeritzari. Urtarrilean Parisen egin genuen bilkura. Martxoko erantzun behar ziguten, baina asteburu honetan baizik ez dugu ukan postuen berri.

Senpereko Kattalin Elizalde kolegioan, aitzineko urteetan 6, 5 (DBH1) eta 4 garrena(DBH2) ideki ondoren, 3 garrena (DBH3) idekiko dugu. 39 ikasle izanen ditugunez 3garrenean, bi gela behar ditugu. Alta ministeritzak gela bat idekitzeko aski posturik ere ez digu eman, bi gela idekitzeko behar diren 3.68 postu ordez (2x1.84), 1.6 posturekin moldatu beharko dugula erranez.

Zinez Parisen uste ote dute 14-15 urteko 39 ikaslerekin gela bakarrean irakasleak bere lana behar bezala betetzen ahalko duela ?

Lartzabaleko (Baxe Nafarroa) Manex Erdozaintzi kolegioan gela bat gehiago beharko dugu 3garrenean, 69 ikaslerekin ez daitezen 34-35 ikasle izan klaseka. Gela berria idekitzea onartu digute, baina hor ere dotazio murritz batekin, 1.6 postu emanez, 1.84 ordez.

Orenak eskas izanez, ez dugu irakaslerik izanen gai guztiak irakasteko. Zein ote da Pariseren ustez irakatsi behar ez dugun ikasgaia?

Estitxu Roblesen ere gela bat gehiago beharko dugu. Baina hor ez digute dotazio berririk eman. Seigarrenean 28 ikasleko muga izan behar da, baina Pariseren arabera, 33 ikasleko bi gela egin behar genituzke.

Onartezina!

Irudia
Danborrada seaska

Lehen mailan, aldiz, gauzak sinpleago dira. Seaskako 33 ikastolen artean ez digute postu bakar bat gehiago eman. Zero ! Ez dizkigute zuzendaritza deskarga guziak eman eta inklusiorako irakasle berezituak eta aholkulari pedagogikoak ez dizkigute onartzen. Alta, behar handia dugu postu lagungarri horietan. Ikastola ezberdinetan banaturik 30 ikasle baino gehiago ditugu inklusiorako egitura berezien notifikazioa dutenak. Postu horiek gabe, irakaskuntzarentzat, ikasle eta irakasleendako baldintza gutienekoak ez dira beteko.

Elisabeth Borne ministroak Eskola Osasuna besterik ez du aipatzen bere adierazpenetan. https://www.education.gouv.fr/lancement- des-assises-de-la-sante-scolaire-449995

Baina ele ederrez haratago, ez digute neholako baliabiderik ematen.

Egoera honek kezka eta egonezina sortzen du. Errespetu falta handia da gure ikasle eta familiei begira.

Berrikitan entzun dugu diskurtso aldaketa izan zela Parise aldean. Hitzak ez dira aski eta ekintzak behar ditugu. Ez dugu onartzen, ez eta onartuko ere.

Hau gainera gertatzen da, gure ikastola batzuk kontrolatzen ari diren mementoan. Normala zaigu gure lana ongi egiten dugula ikuska dadin, gure betebeharren parte da. Baina gisa berean behar ditugun baliabideak behar ditugu.

Bestalde, Hezkunde ministeritza eta Euskararen Erakunde Publikoarekin dugun hitzarmena 2022tik agortua da. Azterketak baxoan euskaraz izan daitezen ez da deus aitzinatzen.

Herri Urratsen adierazi bezala, Maiatzaren 23an, ostiral arratsaldeko 5etan, Baionako karriketan Ikastolen III. Danborrada izanen dugu. Danborrada erraldoia eginen dugu, milaka izanen gara dagozkigun irakasle postuak eta mespretxu gutiago aldarrikatzeko.

Jo dezagun deiadarra. 

Seaskako Batzorde Eragilea