Prentsaurreko honen bidez, Ipar Euskal Herrian euskarazko irakaskuntzaren bilakaerari buruz dugun kezka helarazi nahi dizuegu.
Bi hamarkadaz bilakaera positiboa izan ondoren, euskarazko irakaskuntzaren garapenak gaur egun geldotze bat bizi du. Euskararen Erakunde Publikoak emandako datuen arabera, 2025-2026 ikasturte hasierako datuek euskarazko irakaskuntzaren bilakaeraren moteltzea agerian utzi dute, sare guztietan.
Botere publikoek 2050erako euskaldunen kopurua 40.000 pertsonaz handitzea helburu duten arren, bereziki hezkuntzatik ateratako hiztun osoak formatuz, baliabideak ez dira adierazitako helburuen parean.
Ipar Euskal Herriko biztanleria urtez urte etengabe hazten ari den bitartean, 2025eko iraileko ikasturte hasieran, ikasleen kopurua jaitsi da irakaskuntzan oro har, baita hiru sare elebidun eta murgiltze-ereduko lehen hezkuntzan ere (publikoa, pribatua, Seaska) : 2024ko irailean 10.821 ikasle lehen hezkuntza elebidunean ziren, eta 2025ean 10.709 ikasle (-112 ikasle). Portzentaia mantentzen bada ere (2024an %44,6; 2025ean %44,8), ikasle kopuruaren jaitsiera biziki kezkagarria da gure hizkuntzaren etorkizunerako.
Bigarren hezkuntzako ikastetxeen mailan, sare publiko eta pribatuko ikastetxe elebidunek baliabide eta borondate falta jasaten dute euskarazko Diziplina Ez Linguistiko berriak irekitzeko. Ikasleen %22,5ek soilik segitzen dute ordutegi parekideko edo murgiltze ereduko irakaskuntza. Batxilergoari dagokionez, euskarazko irakaskuntzaren datuak pixka bat gora egin badute ere, ikasleen %14,4 baino ez dira, eta aurreko ikasturtearekin alderatuta beherakada ageri da (%14,8 2024an). Datu horiek ez dute ahalbidetzen botere publikoek 2050erako nahi duten hiztunen %30era iristeko espero den bilakaera.
Egia da joera hori jaiotza-tasen beherakadak markatzen duela, baina baita Hezkuntza ministeritzaren borondate faltak ere, euskarazko irakaskuntzari baliabide kuantitatibo eta kualitatibo berriak emateko. Ahalegin handiak egin behar dira lehen hezkuntzatik kolegioetara, eta kolegiotik lizeora pasaia hobetzeko.
Batxilergoaren erreforma ere ez da arrotza bigarren hezkuntzan ikasle kopuruen geldialdiari buruz
2019ko Blanquer erreformara arte, Batxilergoko Historia-Geografia eta matematikako probak euskaraz egiteko aukerak lizeo publiko eta pribatuetan diziplina ez linguistiko horien irakaskuntza euskaraz garatzeko parada eskaintzen zuen. Aldiz, Baxoan hizkuntz gutiagotuen erabilera debekatu izanak, kontrako efektua sortu du edo ez du ahalbidetu DNLak euskaraz garatzea.
«Hizkuntza eta kultura erregionala» Euskara Berezitasunaren sorrerak ez du espero zen emaitza izan. Aitzitik, beste irakasgai batzuekin lehian emanik, hala nola matematikarekin edo gizarte eta ekonomia zientziekin, espezialitate hau ez da irekitzen ikastetxe gehienetan eta gut hautatzen da. Parcoursupen garaian, euskarazko ikaskuntza gutietsia da eta ikasleek elebidun ibilbidea uzten dute.
Hezkuntza ministroak, Edouard Geffrayk, berak aitortu zien Ipar Euskal Herriko parlamentariei urtarrilaren 12an 2019ko lizeoaren erreformak hizkuntza gutituen bizkar izan dituen ondorio ezkorrak. Hausnarketa bat iragarri zuen “eskualdeko hizkuntzak” deiturikoentzat esparru espezifiko bat zehazteko… baina 2027rako, ez lehenago…
Jean Marc Huart errektoreak, 2025eko apirilean Bordeleko Akademiara iritsi bezain fite, honako hau ohartarazi zuen: “ikasleen %44k jarraitzen dute irakaskuntza elebiduna lehen hezkuntzan Ipar Euskal Herrian, %24k kolegioan eta %10ek lizeoan”. Zehaztu zuen landu nahi duen gaietako bat dela “nola pasa gaitezkeen gaur egun piramidala den bilakaera batetik zerbait zilindrikoagora, ikasleek ikasketekin jarrai dezaten kolegioan eta ondoren lizeoan”.
Diagnostiko horretatik abiatuta, apirilean Euskal Herrira egindako bisitan adierazi zuen « garrantzitsua dela euskaraz ikasten duten ikasleek azterketak hizkuntza horretan egin ahal izatea eta beren ikaskuntza baloratua izatea azterketetan ». Hala, Euskal Herriko prentsa osoaren aitzinean “aurrerapenak” agindu zituen azterketen gaiari buruz. Gaur egun, ordea, ez da halakorik gertatu.
Aitzitik, 2024ko ekaineko Ahozko Handiaren saioan, elebidun ibilbideetako ikasleek neurri batean euskaraz egin ahal izan bazuten ere, 2025eko ekainean hori ezinezkoa izan zen, epaimahaietan zuzentzaile elebidunak ez baitziren deituak izan.
Hitzetatik ekintzetara
Azterketen hizkuntza estrategikoa da ikasleentzat. Debekatzea, halaber, mespretxu seinale bat da ibilbide elebiduna edo murgiltze eredua hautatu duten ikasle eta irakasleentzat ere. Hizkuntza politikan atzerapausoa da.
Senatariek, Max Brisson eta Karine Danielek, Molac legeari buruzko beren txostenean honako hau proposatzen dute: “Nahi duten ikasleei aukera ematea baxoko matematikako froga aitzinatua eskualdeko hizkuntzan egiteko. Aukera hori berezitasunetara edo ahozko handira zabaltzea ere”. Txosten hori aho batez onartu zuen (abstentzio bakarrarekin) Senatuko Kultura Batzordeak 2025eko urriaren 15ean.
Horregatik, guk, irakaskuntza publiko, pribatu, elebidun eta murgiltze ereduko ikasleen gurasoen elkarteok, eskatzen dugu baimendu dadila esperimentazio gisa Lehenean egiten den Baxoko matematikako froga aitzinatua euskaraz egiteko aukera, 2026ko ekainean ezartzen denetik bertatik, 2027ra itxoin gabe. 2012tik 2019ra hala izan zen, eta ez dago gaur egun debekatzeko arrazoirik.
Halaber, eskatzen dugu nahi duten ikasleek Ahozko Handiaren zati bat euskaraz egiteko aukera izan dezatela ekain honetan berean, epaimahai elebidunak antolatuz.
Seaska heldu den apirilaren 2an Bordelen errektorearekin biltzekoa da. Espero dugu Euskal Herrian aho batez egindako eskaera hauek Bordelen eta Parisen entzunak izanen direla, eta errektoreak emandako hitza beteko duela: Hitza Hitz, Baxoa Euskaraz !
Baionan, 2026.03.26
Seaska