Seaska federazioak 2025-2026 urteko sartze prentsaurrekoa irailaren 4ean antolatu zuen, Baionako Etxepare lizeoan.
Hor ziren Erik ETXART & Sophie LAYUS (Seaskako lehendakarikideak) baita ere Garikoitz MUJIKA (Bernat ETXEPARE lizeoko zuzendari berria)
IKASTOLEN EGOERA (Sophie Layus, lehendakarikidea)
Seaskako 39 ikastolen sartzea (33 lehen maila, 5 kolegio eta lizeoa) biziki ongi iragan da. Ikasle kopuruetan egonkor izanen gara. Aurtengo sartzean 4 262 ikasle ditugu. Bi urteko ikasleekin 4 300 ikasleen heina gaindituko dugu ikasturtean zehar, beraz egonkor, iazko zifra antzekoak baitira. Alta, geroz eta ikasle gutiago sortzen da Ipar Euskal Herrian eta hori kezka iturria da.
Ikasle kopuru batzuk azpimarratzekotan, azken urteotan Baiona eskualdean ikasle kopuruak etengabe goiti egiten duela azpimarratuko nuke, hala nola iaz Oihana ikastolan 150 ikasleen heina gainditu baginuen (aurten 159 dira). Ondoko herrian, Bokalen, laugarren maila ideki dugu (CE2), orotara 39 ikaslerekin (+7). Udan prefabrikatuak gehitu behar izan ditugu haur guztien errezebitzeko. Angelun ere kopuruak gora doaz, 129 ikaslerekin (+7). Heldu diren urteetan Baiona eta Bokalen ikasle gehiagori harrera egiteko aterabideak atzeman beharko ditugu, ditugun ikastolak bete-beteak baitira.
Azkenik sortutako ikastolak so eginez, Ahetze-Arbonako Alhorga ikastolan laugarren urtea ideki dugu eta 29 ikaslera heltzen gira (+3). Biriatun 9 haurretako talde bat sartu zaigu ama ikastolan eta ondorioz 34 ikasle izanen ditugu.
Barnekaldean ere xifreak baikorrak dira. Zuberoan ikasle kopuruak igotzen dira Sohütan eta Alozen (+4), hazkundean segitzen dugu Baigorrin (+7) eta Oztibarren (+5), Baigorrin (+7). Entrekostan Uztaritzen iaz baino 13 ikasle gehiago, Lekornen (+ 6). Itsasu eta Kanbon egonkor. Hendaian eta Urruñan ikasle kopuruen beititzea bizi dugu.
Kolegioen arloan, 2023 ideki genuen Kattalin Elizalde kolegioa Senperen 82 ikaslerekin (6 garren eta 5 garrenarekin. Iaz 4 garren mailako bi gela ideki genituen (131 ikasle orotara) eta aurten hirugarrena ideki dugu, 181 heltzeko kolegioan.
Baionan ikasle kopurua goiti doa Estitxu Roblesen +14, 227 ikaslerekin. Eraikuntza departamenduarena denez, ikasle kopuruari aitzin egiteko uda honetan lanak abiatzekoak zituen departamenduak. Arkitektoa eta talde teknikoa prest zen lanak hasteko udan huntan, eraikitze baimena ere afixatua zen, baina azken momentuan departamenduak lanen hastapena gibelatu du, arazo ekonomikoengatik.
Nahigabetik haratago, aurtengo ikasturtea biziki zaila izanen da ikasle, irakasle eta langileendako, espazio eskasa ukanen baitute. Beraz ezinbestekoa da uda huntan hastekoak ziren lanak ahal bezain fite has daitezen. Bestenaz arazo larria ukanen dugu Estitxu Robles Kolegioan. Zinez espero dugu departamenduak bere hitza beteko duela eta lanak lehenbailehen hasiko direla, berantenik 2026 hastapenean.
Senpereko kolegioaren idekitzearekin, gainezka zen Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa. 268 ikaslerekin orekatuko da eta Xalbador kolegioan 250 ikasle izanen dira. Manex Erdozaintzi Kolegioan ere 254 ikasle (+14 ikasle).

LIZEOAREN GARAPENA (Garikoitz Mugika, Etxepare lizeoaren zuzendaria)
Lizeoan azken urteetan etengabeko goradaren ondoren, aurten egonkortasun batetan gara, iazko kolegioko hirugarrenen promozioa tipia baitzen. Lizeoan orotara 521 ikasle ditugu iazko hein berean, baina kolegioetako ikasle kopuruak ikusirik, 2026 sartzean berriz ere hazkunde handia ukanen dugu lizeoan, eta etengabe handituko da ondoko urteetan.
Hazkunde horrek bete-betea izatera eraman du gure lizeoa. Betea gelen aldetik, baita azpiegituren aldetik (irakasle bulego, kantina, barnategi).
Badakizue bigarren lizeoa Donapaleun idekitzeko xedea badela. Baina anartean, ondoko bi urteetan ikasle kopuru errezibitzeko gisan, espazio gehiago beharko dugu Baionan Berean. Hartara, Elkargoak lizeo parean den gunea gure esku ezartzeko deliberoa hartu zuen joan den ekainean.
Lizeo parean den etxearen konponketa lanak hasi ditugu udan, bulego batzuen egiteko, lizeo orokorraren administrazioko bulegoen saturazioa arintzeko, eta bilkura gelak gehitzeko. Gisa berean, lizeo parean ezarri ditugun prefabrikatuekin eta gehituko ditugun beste batzuekin 2027 arteko epea segurtatu beharko dugu.
Donapaleuko lizeo orokorrarekin batera, Baionan lanbide heziketa garatzeko xedea dugu ondoko urteetan. Beraz prefabrikatuen lekuan, lanbide heziketako sail berriak idekiko ditugu.

SEASKA EZINBESTEKOA BAINAN EZIN DU DENA EGIN (Erik Etchart lehendakarikidea)
IFOP etxeak atera berri duen inkestaren arabera, Ipar Euskal Herriko biztanleen %91 euskararen aldeko ofizialtasunaren aldekoa da, hots 10 biztanletik 9 baino gehiago. 10etik 8k nahi dute ikasle guziek Euskara ikasteko parada ukan dezaten, eta 10etik 7k Euskara ikastea denendako derrigorrezkoa izan dadin nahi dute.
Inkesta horrek, lehenago urtez urte inkesta soziolinguistikoek adierazi dutena berretsi eta indartzenen du: Ipar Euskal Herrian herritarrak Euskara gose direla. Euskara gehiago nahi dutela eskolan eta bizi publikoan. Beraz tokiko botereei dagokie gose hori asetzea, euskaraz bizitzeko eskaintza handitu dadin.
Ezin da dena Euskalgintzaren bizkar ezarri, behar diren ahalak eman gabe.
Guk gure lan partea beteko dugu, euskaraz ikasteko parada geroz eta ikasle gehiagori zabaltzeko. Ikasleen Euskara kalitatea hobetzeko ere lan handia egiten ari gara, euskarazko programazioa landuz, hirugarrenean B2 azterketa gehituz eta kanpo espazioaren euskalduntzea landuz, besteak beste. Irakasleen formakuntzan ere ikaragarriko lana egiten ari gara urtero 50 irakasle berri formatuz.
Seaska ezinbesteko tresna da, baina Seaskak ezin du dena egin.
Beskoitzen uda honetan eskuratu dugu eraikitzeko baimena eta urtea bukatu gabe lanak hasiko dira. Arberoan sutearen ondoren, ikastola partez berritzekoa dugu. Permisa pausatu dugu eta lanak ere urtea bukatu gabe hasiko dira. Bestalde tipi gelditu zaizkigu Bokale eta Biriatuko ikastolak. Luze gabe, aterabide bat atzeman beharko dugu. Uda honetan bukatu ditugu Senpereko kolegioko lanak, orain lizeo berria, lanbide heziketaren garapena, eta Ikastolen handitzearekin, eraikuntzetan ditugun beharrak biziki handiak dira. Eta behar horiei, ezingo diegu buru egin, botere publikoen zinezko laguntzarik gabe.
Joan den maiatzaren 23an milaka jende bildu ginen Baionan danborrak eskuan. Seaska herri mogimendu bat da eta herritarren sustenguari esker bizi da, familien lana eta konfiantzari esker.
Maiatza bukaeran Errektorea Euskal Herrira etorri zen, eta irakasle beharrak estaltzeko petatxo bat proposatu zigun, oren batzuk proposaturik. Irakasle berezituen postuen arloan eta azterketen gaian aitzin urratsak hitzeman zizkigun Errektoreak. Ekainean bere ordezkariekin bildu ginen Euskararen Erakunde Publikoaren bitartekaritzaz, baina geroztik ez da deus aitzinatu, ez irakasle berezituen postueri buruz, ez azterketei buruz. Espero dugu, ikasturte hastapen huntan, Errektoreak bere hitza beteko duela eta aitzin urratsak emanen dituela.
François Bayrou Lehen Ministroari ere gure eskaerak helarazi genizkion bere kabinetearen bitartez, baina ez dugu geroztik erantzunik jaso. Eta Frantziako gobernuaren egun hauetako albisteak entzuten ditugularik, ez dakigu heldu den astean Hezkuntza ministrorik, lehen ministerorik edo gobernurik izanen dugun ala ez.
Azkenik zuen atentzioa deitu nahiko genuke Inklusioari dagokionez. Ele ederrez haratago, sartze egunaz geroztik ikusi dugu Hezkunde ministeritzak gibel egin nahi duela behar bereziak dituzten ikasleei laguntzaileak ezartzeko mementuan. Ikastola guzien artean pundu bat eginen dugu eta laster jinen gara zuen ikustera Integrazio Batzordearekin batera, baina biziki kezkaturik gira.
