Urriaren 4ean, Beskoitzeko ikastolak & Seaskak prentsaurrekoa egin zuten Herriko Etxearen jarrrera salatzeko
Julen JAUREGUY eta Cyril FESQUINE Beskoitzeko Ikastolako koolehendakariak
2022ko uztailaren 22an, prentsa gomitatu genuen Beskoitzeko ikastolaren egoera azaltzeko. Hamar urte baino gehiago prefabrikatu prekarioetan eman ondoren, Herriko Etxeak uko egiten zion lanak bere gain hartzeari, eta errefusatu zigun -neholako eztabaidarik gabe-, ikastolaren ondoan zegoen erabili gabeko herriko gela baten alokatzeari. Egoera horren aitzinean, Herriko Etxeari proposatu genion eraikuntza gure gain hartzea alokatzen zigun lur eremuan, gisa horretan ikastolaren garapena segurtatzeko.
Hilabete luzez erantzunik ukan gabe egon ondoann, 2022ko uztailaren 7an, Herriko Etxeak mezu elektroniko bat igorri zigun eraikuntza baten alde zegoela jakinaraziz, baina aurkeztutako proiektuaren aldaera ezberdinak ukatzen zituen, eta batez ere, 50 ikasle baino gehiago har zitzakeen ikastola baten eraikitzeari uko egiten zion, jadanik haur kopuru hori gainditzen ari ginelarik.
Gurasoen haserrearen ondotik, Fabienne Ayensa auzapez andereak 2022ko urrian herriko aldizkarian izkiriatzen zuen: "hautetsiak eraikuntza batendako permisa pausatzearen zain dira, Seaskak finantzatua, gaur egun okupatua den lurraren mugetan, 50 haurrentzat egokia izan daitekeena".
2022ko urrian berean, Seaskak ikastola ondoko lur eremu baten alokatzea deliberatu zuen, ikastolaren kanpoko eremua handitzeko eta herriko etxearen kezkei erantzuteko. Auzapez anderearekin trukatu ondoan, Seaskak baimen proiektuaren lehen zirriborro bat aurkeztu zuen 2023ko urtarrilean, eta ondotik permisa pausatu otsailaren 23an. Permisan, ikastola berria Herriko Etxeari alokatua den lurraren perimetroan eraikitzea aurreikusten zen, eta kanpoko espazioa auzoari alokatua zitzaion lur eremuan antolatzen zen, horrela, 50 ikasle baino gehiago har zitzakeen baldintza onargarrietan.